Barikuan, Kike Amonarrizek, umorez eta jakituriaz tartekatutako hitzaldian, gonbit paregabea egin zigun Basauriko kultur etxean: euskaraz berba egin dezagun, gure modura, konplexu barik eta maitasunez. Honelako gonbidapenak ez dira sarritan jasotzen.
Euskaldun gehienak deseroso samar ibiltzen gara gure euskararekin, bai euskaldun zaharrak, baita euskaldun berriak ere: batzuk, beren euskara etxekoa delako, ez ikasia; eta, besteak, beren euskara artifiziala delako, ez berezkoa. Hori dela eta, bost urteko umemoko batek asmatutako hitzei heltzen diegu —irakasle bat handiskula eta txikiskula hitzak erabiltzen hasi zen letra larriaren eta xehearen ordez, gelako ume bati entzun eta gero— ; edota gaztelaniaz egiten dugu berba, badaezpada ere.
Beste aldetik, 80ko hamarkadan uste zena eta gaur egun gertatzen ari dena ez datoz bat. 80ko hamarkadan uste zen umeek eskoletan euskara ikasiz gero, euskaraz biziko zirela, baina hori ez da beti gertatzen. Gaztelaniaz berba egitetik euskaraz egitera, amildegi batetik jauzi egitearen parekoa da. Gainera, gaurko egoera linguistikoa erabat berria da. Iraultza teknologikoak hizkuntzekiko jarrera aldatu du: hizkuntza idatzi informala sortu da eta aniztasun linguistikoa hedatuta dago.
Hizkuntzek badauzkate beren sekretuak. Zerk eragiten du hizkuntza bat aukeratzea beste batzuen gainetik? Kikek maitasuna aipatu zuen. Ez hizkuntza-politika, ezta gure iritziak ere. Maitasuna. Eta hori hala bada? Angela
Ostiralean, Basaurin egon ginen Kike Amonarrizek eman zuen hitzaldian. Benetan atsegina eta disfrutatzeko unea izan zen. Ez dakit zenbat denbora iraun zuen hitzaldiak, baina oso laburra egin zitzaidan.
Oso gai interesgarria izan zen: XXI. mendeko euskaldunak. Nola komunikatzen dira gure gazteak? Zein baliabide erabiltzen dute? Zein hizkuntza? Zenbat aldatu dira komunikatzeko moduak azken urteotan?
Gure gazteek Whatsappa erabiltzen dute gehienbat. Azkarra eta merkea da, nahiz eta ezaugarri gehiago dituen. Oso arin hedatu da whatsapparen erabilera; aurretik, SMSena iraultza handia izan zen. Eta pentsatzen genuena baino azkarrago heldu zaigu whatsappa. Harrigarria da aldaketa hauen abiadura. Hain denbora laburrean nola aldatzen diren gure komunikatzeko erak. Baina gu sartu baldin bagara gurpil zoro honetan, nola ez gure gazteak? Haiek internetekin hazi dira: hor jaio dira, eta gu, berriz, iritsi berriak gara.
Kikeren ustez, eleaniztasuna “guay” da baina benetan ez dago; holako terminoak zaharkituta geratu zaizkigu. Karrera bukatzerakoan, nora doaz gazteak? Beste hizkuntza bat ikasi behar dute atzerrian: ez da nahiko karrera bat izatea. Horrez gain, masterra, hizkuntzak eta abar behar dituzte.
Mundu globalizatu honetan euskarak zer paper bete dezake? Amonarrizen ustez, euskal hiztunak bere buruarekiko duen irudia eskasa da, konplexuz betea. Oso barneratuta dugu gutxi garelako ustea, gure hizkuntza txikia dela eta munduaren aurrean gauza gutxi dugula besteei eskaintzeko.
Amonarrizek dioenaren arabera, ez gara hain txikiak, edo, txikiak izanda, asko eskaini ahal dugu gure txikitasunetik, eta hortik jo beharko dugu. Mirari
KIKE AMONARRIZ ETA TRIBUEN ARTEKO MAITASUNA
Umorez betetako hitzaldi serio batekin etorri zitzaigun Kike Amonarriz aurreko ostiralean. Buruari buelta batzuk emateko, gai askoz mintzatu zen.
Euskararen transmisioa zen gai nagusia: oso gai serioa, baina, hark duen naturaltasunez eta umorez azalduta, telebistako barre egiteko bakarrizketa bat ematen zuen
Beste gauza askoren artean, gaur egungo “tribuen” sailkapen bat egin zigun Kikek: euskararen kontrakoak, “euskañolak”, ausartak, euskaldun berriak …
Tribu bakoitzaren euskararen erabileraren adibide batzuk jarri zituen, eta “euskañolaren” aldeko jarrera ere agerian utzi zuen. Azken baten, euskararen erabilera bultzatzeko, ezinbestekotzat jotzen zuelako tribuen arteko errespetua.
Transmisio egoki baterako, irakasleoi ere toketxo bat eman zigun. Errespetuaz haratago, gure hizkuntza transmititzeko gogoa, entusiasmoa, jarrera aktiboa… eskatzen zigun. Letra “handiskuletan” esanda: MAITASUNA.
Hamabost urte izango nituen Kike Amonarrizen hitzaldiari izena ematen zioten Hertzainak taldekoen letrak abesten nituenean: “nola aldatzen diren gauzak, kamarada”. Eta ez dakit zer tributan egongo nintzatekeen momentu hartan, baina badakit errespetuarekin eta maitasunarekin beste “tribuak” hobeto ezagutu eta beraien euskalkiak ikasi ditudala. Asier A.
XXI. mendeko euskaldunak. Nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada!
EGIA SANTUAK
Kike Amunarrizen hitzaldia entzutera joango ginela esan zigutenean, ez nuen espero hain mintzaldi interesgarria eta dibertigarria aurkituko nuenik.
Sarritan ikusi dut Kike telebistan, aspalditik, eta uste nuen txiste asko kontatzen zituen eta esan beharrekoak ondo ikasita zituen aurkezle barregarria zela. Besterik gabe. Jende asko dago gidoi bat ondo ikasteko, eta gidoi hori modu oso naturalean aurkezteko gaitasunarekin, baina ez zen hori izan nik hitzaldi horretan ikusi nuena. Ez horixe. Antzeztoki hartan igota zegoen pertsonaiak ez zuen buruz ikasitako diskurtsoa bota; ez zituen txiste programatuak han-hemenka sartu; ez zituen bere fitxak behin eta berriro begiratu. Nik ikusi nuen hizlaria bere barrutik ateratzen zitzaizkion egia santuak esatera igo zela agertoki hartara. Eta, hori guztia programatuta bazegoen ere, bikain eginda zegoen, naturaltasun osoz.
Askotan hitz egin dugu, lagunon artean, zelako ergelak garen euskararekiko ditugun jarrerak direla eta: euskaldun zaharron artean erdaraz egiten dugulako, euskaldun berriekin edo euskaraz erraztasunik ez dutenekin erdaraz egitea nahiago dugulako, inor batuan aritzen denean akademikoegia eta hotzegia iruditzen zaigulako, euskaraz egindako akatsei barre piloa egiten diegulako, eta abar bat. Hara non Kike Amunariz etorri zen esatera jarrera horiek guztiak ez direla egokiak; jakina bagenuen ere, begiak ondo zabaldu zizkigun eta pentsamenduari astindu ederra eman. Guillermo
Idazki honen helburua aurreko astean Amonarrizek emandako hitzaldia laburtzea da. Hitzaldiaren gaia izenburuan aipatutakoa da: “XXI mendeko euskaldunak”. Ezer baino lehen, hitzaldiaren tonu umoretsua azpimarratu nahi nuke. Anekdotaz, pasadizoz eta esamoldez josita zegon eta, horren eraginez, denbora berehala pasatu zitzaidan, nahiz eta hitzaldiak bi ordu inguru iraun. Lehenengo eta behin, azken urteotan euskarak izan duen bilakaeraz mintzatu zen Amonarriz, eta gogora ekarri zigun belaunaldi bakoitzak modu batean bizi izan duela prozesu hori. Nire kasuan, esate baterako, gazte-denboran eskolako hizkuntza bakarra gaztelania zen; geroago, euskara ia ahaztuta genuenean, euskaraz alfabetatzen hasi ginen, ditxosozko ziurtagiria lortu arte.
Munduan ia 7.000 hizkuntza daude oraindik bizirik, eta horietatik gehienak hizkuntza minoritarioak dira, euskara barne. Gailurrean, milioika hiztun dituzten ingelera, txinera, gaztelania, frantsesa eta abar daude. Horiekin konparatuz gero, euskara guztiz txikia da. Baina hizkuntza minoritarioen taldean euskara ez da hain txikia, ia milioi bat hiztun baitu. Beraz, mundu globalizatu eta uniforme honetan, euskarak badu oraindik zer esan.
Edozein modutan ere, euskarak, bere ibilbide historiko luzean, alderdi negatibo eta positibo batzuekin egin du topo. Alderdi negatiboen artean, honako bi hauek daude: batetik, euskara ez da inoiz estatu-hizkuntza izan, eta, jakina, estatu-hizkuntzek biziraupen seguruagoa izan dute beti; bestetik, euskara idatziaren finkatze¬-prozesua oso berantiarra izan da. Finkatze-prozesu hori euskara batuaren eskutik etorri da eta baliteke nahiko gorabeheratsua izatea, oro har. Alderdi positiboen artean, aldiz, hiztunek eurek erakutsi duten adorea eta kemena, eta, hiztunen artean, gutxiengo aktiboa delakoa (Etxeparerengandik hasi, eta gaur egungo edozein euskal hiztun adoretsurenganaino).
Hitz gutxitan, harro sentitzen gara, mendeetan zehar Europako hizkuntza zaharrenetariko bat biziarazi dugulako. Orain gutako bakoitzari dagokio transmisio hori luzatzea. Momentu honetan botila erdi beteta dagola esan dezakegu eta horrek itxaropentsu sentiarazten gaitu. Baina botilak zulo asko ditu. Euskararekiko jarrera aktiboari eta maitekorrari eustea ezinbestekoa izango da. Mugikorretan idatzi dezagun euskaraz! Ongi etorriak euskara kutsua duten mezu guztiak!
Begoña
Aurreko ostiralean, Tribuaren berbak programa zuzentzen duenaren eskutik, IRALEn gauden irakasleok —orain ikasleak— Basauriko kultura etxean hitzaldi interesgarria entzuteko aukera izan genuen. Oso modu positiboan eta umoretsu, gaurko euskararen egoera plazaratu zuen. Euskararen inguruan, egoera edo ezaugarri batzuek hizkuntzaren errealitatea baldintzatzen dute: alde batetik, egoera politikoa —hizkuntza ofizial izatea—; beste aldetik, teknologia berriei esker duen postu altua, eta, amaitzeko, euskaldun askok dugun euskaraz mintzatzeko konplexua eta gogoa.
Belaunaldiek erabakitzen dute zer egin: hizkuntza erabili, ikasi, mantendu ala baztertu. Hizkuntzak balio behar du komunikaziorako, eta horri garrantzia eman beharko genioke, maitasunez eta gogoz transmititzea oso inportantea baita.
Gure hizkuntza munduko zaharrenetarikoa da. Garai batean, bizi-iraupena gutxiengo aktibo batek bermatu zuen, baina ez zuen normalizatu. Gaurko gazte euskaldun gehienak hobeto konpontzen dira idazten hitz egiten baino. Oraingo teknologia digitalek komunikazioa errazten dute, baina ez beti ohiko erregistroetan, eta Euskaltzaindiaren zuzentasunak askotan ez du hori errazten. Hori dela eta, Amonarrizek goraipatzen ditu euskañola, erdarakadak, gaurko SMSak zein whatsappen hizkerak eta komunikaziorako balio duten euskal hizkuntza forma guztiak. Gaurko gizartea zentzu guztietan anitza delako, gure hizkuntzak ere erregistro guztiak onartu behar ditu. Ahaztu euskaldun zaharrek zein euskaldun berriok ditugun konplexuak! Euskara batuak aukera eman digu denok elkar ulertzeko, bakoitzak bere ezaugarri propioz koloreztatuz. Etxeparerengandik Amonarrizenganaino euskarari eutsi diona komunikatzeko gogoa izan bada, jarrai dezala horrela, euskaldun guztiak nahi edo ahal duten euskararen bidez komunika daitezen. Miren
Pasa den ostiralean, Kike Amonarrizen hitzaldia izan zen Basauriko kultura-etxean. Hasieran, inork ez zekien nolako hitzaldia izango zen: euskara jasoa erabiliko zuen, oso gai mamitsua izango zen edota jarrera serioarekin jardungo zuen. Ez da pentsatu ere, oso hitzaldi erakargarria iruditu zitzaigun denoi; Kikeren txisteak, anekdotak eta esateko moduak oso erakargarriak egin zitzaizkigun.
Gaur egungo euskararen eta gure gizartearen arteko puntu asko jorratu zituen. Egoera guztietan, nire burua ikusten nuen bete-betean. Bat aipatzekotan, amildegiko puntua eta UBIko lagunen artekoa hartuko nuke azaltzeko.
Eskola-garaian, nire lagunek eta nik gaztelania erabiltzen genuen gure arteko hizketaldietan, nahiz eta denok euskaldun zaharrak ginen. Lotsagarria izanda ere, ez ginen gai egoera horri buelta emateko. Erdara zen gernikar askoren arteko hizkuntza nagusia, eta eskolan zein kalean ia beti euskara baztertu egiten genuen. Urte asko igaro ondoren, Kikek aipatutako amildegi psikologiko hura ikusi nuen, eta jauzi hori egiteko beharrean ikusi nuen nire burua. Batzuek egin egin genuen jauzi hori, baina beste batzuek ez dute izan oraindik indarrik edo adorerik euskarara jotzeko.
Jauzi hori eginda dugun euskaldun zaharrok, beti euskaraz hitz egingo bagenu, amildegia askoz txikiagoa ikusiko lukete beste euskaldun horiek. Denon artean lor dezakegu. Mikel
KIKE AMONARRIZEN IKASGAIA
Hitzaldiaren aurkezleak esan duenaren arabera, Kike Amonarriz ETBko aurkezlea baino askoz gehiago da. Euskara interesatzen zaio, eta idazlea ere bada. Baina, gauza guztien artean, nire ustez, oso komunikatzaile ona da: oso argia, zuzena eta hurbila.
Gauza askori buruz hitz egin zuen. Esan zuen beste hizkuntzak gutxi ezagutzen ditugula Euskal Herrian, eta euskara eta beste hizkuntzen arteko lotura egin behar dela.
Christal soziolinguistak esan zuen iraultza teknologikoak ateak ireki dituela, zeren Internetek iraultza linguistikoa sortu du. Hala ere, ez omen da bete hizkuntzen aldetiko kultura-niztasuna.
Beste soziolinguista batek, Calvetek, esan du ez garela hain txikiak, ezta hain ahulak ere.
Xabier Erize nafarrak idatzi zuen liburuan —Nafarroako historia soziolinguistikoan—, galeraren paradigmatik berpizkundearen paradigmara emandako pausoak aipatzen ditu; eta hori, 1960ko hamarkadatik aurrera.
Hemendik aurrera, belaunaldi bakoitzak erabakiko du zer egin: euskara aurrera eraman (arlo guztietan erabiliz: etxean, kalean, lanean) ala ez. 1970eko hamarkadan motibazioa zeukaten; eta hurrengokoak? Arriskua hurbil daukagu: Irlandan. Hor, gaelikoa gehienek jakin arren, gazteak horren kontra jarri dira. Europan ez bezala, Euskal Herrian jende askok hitz egiten du euskara, jatorrian beste hizkuntza bat izanda; eta hau guztia duela hogeita hamar urtetik aurrera.
Karmelo Aiestaren iritziz, guztiok egin behar dugu ahalegina: irakasleek, maitasunez irakatsi; gurasoek, parte hartu, eta euskaldun berriek, konplexurik gabe hitz egin.
Oso hitzaldi hunkigarria izan da! Eukene
Kike Amonarrizen hitzaldiaren oihartzunak
Joan zen barikuan, Basauriko kultur etxean, Kike Amonarrizen euskarari buruzko hitzaldi baten egon ginen. Telebistan ikusita neukan aurkezle hori, baina, egia esan, oraindik ikusi gabeko pelikula baten bila, zapping egiten nuen bitartean.
Gure ikaskideek lan bikaina egin zuten Kike aurkezteko, zeren, ordudanik, adi-adi geratu nintzen ekitaldiarekin. Amak esaten duen bezala: “gizon landua, ea zer dakarkigun”.
Hasiera baten atentzioa eman zidan zeraman abiadurak: 3.000 b/m ote? Igual gehiago! Baina gehien erakarri ninduena izan zen nola erabiltzen zituen eskuak komunikatzeko. Beren keinuek, isiltasunek eta antzeztokian egindako mugimenduek erakusten zizkiguten hizlari aparta zela. (Badakit hau ez dela politikoki zuzena —hitzaldiaren trataera edukian datza eta ez hizlariengan—, baina ziur nago besteek tesi modura egingo dutela idazlana. Asko esan zuen Kikek, mamitsu, entzuleen hezur-muinetaraino heltzeko moduan. Beraz, behatu dezagun komunikatzailearen lana!)
Hasieratik bertatik irabazi gintuen barre batzuekin. Mezua ez zen batere alaia, benetan, baina lortu zuen entzuleen konplizitatea.
Bueno, beste ordu bat beharko nuke, gutxienez, testua garatzeko, baina, tamalez, denbora joan zait, ostera ere! Hurrengo baten gehiago! Fernando
Aurreko barikuan, Kike Amonarrizen hitzaldi batean egon ginen Iraleko ikasle guztiak. Oso interesgarria iruditu zitzaidan. Beldurra, lotsa eta konplexuak kentzeko egin zuen apustua nire gustukoa izan zen. Haren hitzetan islatuta sentitu nintzen une askotan.
Nire ama-hizkuntza gaztelania da, baina oso gustura hasi nintzen euskara ikasten, hark esan zuen moduan, militantziaz. Baina ez dakit zergatik ingelesarekin gertatu zaidana ez zaidan gertatu euskararekin. Txikitan eta gaztetan Barakaldon bizi nintzen, herri guztiz erdalduna garai hartan. Ezkondu ostean, herri euskaldun batean bizitzea erabaki genuen eta, hainbat arrazoirengatik, Mungian amaitu genuen bizi izaten.
Garai horretan, nire ustez, euskara-maila polita neukan. “Orain bai, egunero euskaraz egingo dut berba” pentsatu nuen. Hasteko, ez zen hainbeste euskara entzuten kalean; beraz, nire ametsa ez zen bete. Bestetik, Kikek esandakoaren antzekoa gertatu zitzaidan. Okindegian euskaraz eskatu nuen, baina, berak erantzutean, ez nuen piperrik ulertu: lotsatu egin nintzen, irribarre bat jarri eta utzi egin nuen. Ni ez nintzen ausartu esaten ez nuela ulertu, eta ez dakit konturatu zen ala ez. Beste batean, antzekoa gertatu zitzaidan, eta utzi egin nuen. Hortik aurrera gaztelaniaz eskatu nuen denda guztietan.
Ingalaterrara joan nintzenean, antzeko egoerak izan nituen. Hitz egitean, ondo konpontzen nintzen, baina, entzutean, askotan, ez nuen ulertzen, eta berriro galdetu behar izaten nuen. Zilegi zen esatea irlandar bati edo eskoziar bati ulertzea zaila zela. Edonork zekien zu atzerritarra zinela, ez zenekiela haien hizkuntza hitz egiten, eta, ulertzen zutenez, ahaleginak egiten zituzten ulertarazteko edo laguntzeko.
Hemen zer gertatzen da? Zergatik ez dugu lortu desinhibitzea? Pentsatzen dugu zuzen hitz egin behar dugula eta, horrela ez bada, hobeto dela ez egitea. Ni, euskaldun zaharren hizkera polita entzutean, lotsatu egiten nintzen eta nire euskara artifiziala zela pentsatzen nuen; orduan gaztelaniara jotzen nuen eta ez nuen batere arazorik. Ingalaterran, egoera berdinaren aurrean desberdin sentitu nintzen. Nire jarrera kontrakoa zen: “gero eta gehiago hitz egin behar dut hobetzeko” pentsatzen nuen: ez nintzen lotsatzen, erronka bat zen. Begoña
Joan den ostiralean, Basaurin, Kike Amonarrizen hitzaldia entzun ondoren, euskarak momentu honetan bizi duen egoeraz harro-harro sentitu behar dugu.
Azkeneko 60 urte hauetan, hizkuntzetan egin diren lanak izugarriak izan dira, alde guztietatik: estatu aldetik, euskaldun zaharren aldetik eta euskaldun berrien aldetik.
1980ko hamarkadan pentsatzen zen umeek euskara jakinez gero hitz egingo zutela. Baina hizkuntza munduan, gauzak konplikatuagoak dira eta astiro-astiro doaz; gainera, elementu soziolinguistikoak hartu behar dira kontuan.
Gaur egun konturatu gara zerbait gehiago egin behar dela. Batez ere, akatsetatik ikasi behar da zein bide den egokiena aurrerapausoak emateko.
Gaurko gazteen ehuneko altu bat hirueleduna da: hiru edo lau urte dituztenean bi hizkuntza badakizkite, erraz lortuko dute hirugarren bat ikastea.
Gure alde azpimarratu behar da giro sozial nagusia gurekin batera doala. Baina ezin da ahaztu hizkuntza bati ezin zaiola bizirik eutsi eskoletan egiten den lanarekin bakarrik. Esfortzu kolektibo harrigarria egiten ari da gure gizartean.
Lortu dugun aurrerapenaz pozik izan behar dugu. Hemendik aurrera sinpleena geratzen zaigu, baina inportanteena ere bai, hau da, maitasunez, umore onez, interesez eta gogoz hizkuntza trataeraren mundura hurbiltzea. Mertxe
MAITASUN KONTUAK
Pasa den astean, Kike Amonarrizen hitzaldi batera joan ginen Basaurin. Hitzaldiaren izenburua: “XXI. Mendeko euskaldunak. Nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada!”.
Maitasuna hartu zuen abiapuntutzat, eta azaldu zigun ganoraz irakasteko maitasuna ezinbestekoa zela; horrela, denok sufritu dugun maitasun eza gogorarazi zigun, eta gurea Fisika eta Kimika irakaslea ez bazen ere, agian Historia edo Filosofiatik urrundu gaituen irakasleak maitasun-arazoak zituen.
Horretaz gain, hainbat puntu aipatu zituen Kike Amonarrizek: esanguratsua izan zen ikustea non dagoen euskara munduko hizkuntzen arteko sailkapenean, guztiok uste genuen baino askoz gorago, alegia. Niretzat horixe izan zen datu harrigarria, eta horren ondorioak oso argiak dira: hiztunek dauzkagun indarrek eta ahaleginek gorantz eraman dute euskara.
Baina, sailkapeneko egoera alde batera utzita, euskararen etorkizunari begira, gure arteko batzuk baikorrak ziren eta beste batzuk ezkorrak. Belaunaldien arteko jarrerak oso desberdinak izan eta izango dira, euskararen erabilerari dagokionez. Amonarrizen ustez, konplexuak kentzen baditugu, euskara aurrera aterako dugu; bestela, ez dago zer eginik. Nire ustez, konplexuek badaukate zerikusia maitasunarekin, zeren oso zaila baita maitasunez edozer irakastea, irakasleak berak ez badauka konfiantza nahikorik bere komunikazio -tresnan.
Bukatzeko, maitasuna beste guztien gainetik egon behar dela adierazi zigun, oso modu politean: euskañolez zein euskara jatorrean, euskara erabiliz, aurrera! Mar
HERRI GOGOA, BETE AHALA HUSTUZ DOAN BOTILA
Joan den ostiralean, Kike Amonarrizek hitzaldi ederra eman zigun Basauriko kultura-etxean. Honako hau izan zen hitzaldiaren gaia: “XXI. mendeko euskararen nondik norakoak”. Besteak beste, galdetu zigun, euskararen egoera dela eta, botila erdi hutsik ala erdi beteta ikusten genuen. Saiatuko naiz galdera horri erantzuten.
Batetik, nik neuk erdi hutsik ikusten dut, baina hainbat esparrutan erdi beteta dagoela esan dezaket, hala nola irakaskuntzan eta komunikabideetan, maila apalagoan administrazioan eta haren mendean dauden zenbait arlotan (Osakidetzan, Garraioetan, Ertzaintzan eta Ordezkaritzan bertan, hango langileekin, sarritan gaztelaniaz hitz egin behar izan dut-eta).
Halaber, sare sozialetan &percent; 51k erabiltzen du euskara, eta gure gazteria elebiduna edo eleanitza dugula gogorarazi zigun Amonarrizek. Era berean, gure literatura, ekoizpen eta kalitate aldetik osasuntsu omen dago, nahiz eta irakurtzerakoan askok gaztelaniara jo.
Aitzitik, ezin esan Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian gauzak horrela daudenik, horietan tamalez, egoera okerrago dago.
Bestetik, arestian esan bezala eta ezbairik gabe, egoera erdi hutsik dakusat; ostiralean bertan egunkariak ikusi besterik ez zegoen. Otsailaren 28rako, Kontseiluak deituta, “Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta erasoei aurre egiteko” hitzordua daukagu; ez zetorren argi nola izango den, baina deialdia hor dago. Horretaz gain, Durangon, Euskaltzaleen Topagunearen XII. Topaldietan, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak eta Gotzon Barandiaran idazle eta kultura-eragileak euskal kulturgintzaren gainean “bete ahala hustuz doan botila” dela esan zuten, batez ere irismenean, hedabideetan eta transmisioan hankamotz dabilelako. Eta hau guztia, Eusko Jaurlaritzako azken ikerketako datuekin bat dator: euskarak erabileran eta transmisioan atzerakada nabarmena izan du.
Beraz, eta amaitzeko, maitasunarekin bakarrik ez dago zer eginik. Ezbairik gabe, normalizazioa lortzeko, determinazioa, konpromisoa eta erantzun bateratuak beharrezkoak dira, bai gizabanakoona, bai erakundeena eta baita gizarte eragile guztiena ere. Eta batuerak salba gaitzala! Mailen