Zemendiaren 19an, Zeanurira joan ginan Olabarriko Errotea bisitetan.  Ana Mari errotariak egin euskun txerea, eta errotearen ganeko gorabeherak konteteari ekin eutsan. 
Hasteko, antzinako ohiturei eta baserriko bizimoduari buruzko hainbat datu eta pasadizu kontau euskuzan. 
Horren ostean, errotea jatorrian olea izan zala esan euskun, eta,  industrializazinoa zala eta, hasi zirala artoa eta garia eihoten.  Hiru errotakoa dogu Olabarrikoa.  Errota bakotxa era bateko edo besteko uruna egiteko erabilten zan: gari-uruna, animalientzako arto-uruna eta taloak egiteko arto-uruna.  Barrukoa ez eze, kanpokoak be ikusi genduzan: azpiko mekanismoa eta hori martxan ipinteko behar dan ura batzeko antaparea.
Horren guzti horren barri emon euskun Ana Marik, etorri itzeleko andra zoliak,  Zeanuriko euskera ederrean.

 
      

 

ANA MARIREN ERREINUAN                       
Zemendiaren 19an Zeanurira urtenaldia egin genduan. Gaztaia jan ostean, Olabarri errotara joan ginan, Ana Marirenera.
Zenbat kontu!
Hasteko, olea izan zaneko sasoikoak (XVI. gizaldia). Bertan egindako tresnak erakutsi euskuzan, pasadizo eta guzti.
Ostean, errotea izatera zelan eta zergaitik pasau zan (XIX. gizaldia). Artoa ehioten ikusteko erea  euki genduan. Baita errotea zelan dabilen ikustekoa be.
Amaitzeko, antaparatik pasau eta gero, kuartutxu baten sartu ginduzan. Barruan errotea eta olearen maketea, eta hiru-lau milioi erreminta. Mikel harrituta itxi eban kojinetea be hantxe egoan. Hortik, majo bazkaltzen joan ginan.

 

Denporearen errotea
Zeanuriko parrokia atzean itxita, eta kanalari segiduta, Olabarriko errotara ailegau ginan. Bertan, guri itxaroten, andra zoli bat egoan, Ana Mari. Haren begiek atzoko kontuak bizi-bizirik eukiezala adierazoten euskuen.
Ana Mariren berbak testigantza fidela ziran: Euskal Herrian zer bizimodu eukien aurreko belaunaldietan. Eskuetan sasoiko erreminta ugertuak  hartu eta  istorio distiratsuak kontau euskuzan. Gure barruko errotak martxan ipini ebazan, eta  lehenagoko pasadizoakaz, umore handiz, gure aitite-amamen biziteko erara hurreratu ginan.
Esakera zaharrak dinoanaren kontrara,  errotak eurak ez dira joango gu baino lehenago.

                                                                                                                          
  Zemendiaren 19an, R-300 ikastaroko 4 taldeak Zeanurira joan ginan osteratxua egitera. Txoko-Sagarnan armozua egin ostean, Olabarriko errotarantz abiau ginan tipi-tapa. Aspaldiko tresnak inguruan, Ana Marik txerea egin euskun atarian. Tresnok erakutsi eta hareen barri guztiak azaldu eta gero, errota barrura sartu ginduzan. Errotea martxan ipini eban, eta uruna zelan egiten dan ikusi genduan. Urun horregaz egindako sano ogi gozoa jateko erea be izan genduan. Barrutik kanpora, eta kanpotik errota azpira. Errotearen baztarrak arakatu genduzan; errota azpitik andapararainokoak. Politena, Ana Mariren berbakerea entzutea izan zan: tobera bete jakituria.

…nun hago Ipiñaburuko artzaina…
Atzo, zemendiaren 19an, Zeanuriko Ipiñaburu auzora egin genduan urteerea. Bertan, Jon Etxebarria artzainagaz egon ginan, eta haren bizimodua eta beharra zelakoak diran erakutsi euskun. Bisita hiru partetan banandu eban:
Hasikeran, kortako nondik-norakoak azaldu euskuzan: ardiei emoten deutsien jatekoa zein dan, noz joaten diran mendira eta noz batzen dabezan kortara bueltetako, zergaitik triskilatzen dabezan,  zelakoa dan ugalketa-prozesua, zelan erasten dabezan ardiak…

Bigarren partean, gaztaitegia erakutsi euskun. Gaztaiaren prozesua goitik-behera azaldu eban: eratsitako esnea kortatik gaztaitegira zelan igaroten dan, zer aparatu erabilten dabezan, esneak zer tenperatura behar dauen gaztai egiteko, non gordetan dabezan gaztaiak…

Azkenean, hamaiketako ederraz  gozatzeko era itzela euki genduan, Zeanuriko paraje zoragarrian. Sano urteera polita!!!
   

IPIÑABURUKO PASTOREA
Zeanuriko Ipiñaburuko auzora  hurreratu ginan, eta bertan Jon pastoreagaz alkartu. Andrea presentau euskun. Hasikeratik igarri genduan ardiakaz eukien loturea : eurentzako bizimodua ez eze, afizinoa be bazala.
Arratiako parajeagaz gozatzen genduan artean, ardi latxetik hasi eta gaztaia egin arteko pausuak esplikau euskuzan Jonek.
Halan, kortara sartu ginan. Bertan topau genduzan ia 400 ardi. Danak polit-politak, uleak ondo orraztu barriak. Ardien ganeko kontuak  kontau euskuzan.
Kontuetatik hamaiketakora pasau ginan. Gaztai ederra janda eta ardau tragutxua eginda,  barriro bueltetako gogoagaz agurtu genduan.
                                     

 

                                                                                               
 

ZENBAT ARDI, HAINBAT SARI
Zemendiaren  19an, eguaztena, Ipiñaburu auzoan (Zeanurin) egon ginan Jon Etxebarria eta Puy Arrieta bisitetan; bertan, txera ona egin euskuen. Hantxe, ardiak zelan jagoten dabezan entzun eta ikusi genduan. Ia 400 ardi daukiez, eta ia gehienak erditzeko prest egozan. Euren eguneroko beharrak erakutsi euskuezan: ardiei jana emon, ardiak jatsi eta gaztaiak egin.
Euren gaztaia akabau jakenez, beste pastore batena probau genduan hamaiketakoa egiteko, eta sano zapore goxoaz amaitu genduan bisitea.   

                                                                                  

  PASTOREA, PASTOREA  (IPIÑABURUko Jon eta Puyren ardi-gaztaia)
Zeanuriko plazan kafe ederra hartu ostean, Ipiñaburuko gaztaitegira abiau ginan. Bertan, Jon, Puy eta euren txakur eta ardiak ezagutzeko erea izan genduan.  Jonek  gaur egungo pastoreen bizimoduaren barri emon euskun, ardi-kortan bertan.  Ardiak ondo gobernauta, sano garbi eta triskilauta egozan,  udagoienean egon arren.
Ostean, gaztaitegian euren gaztaia zelan egiten daben erakutsi euskuen. Gaztaia era naturalean egiten dabe,  baina gaur egungo teknologia  lagun; esate baterako,  etxeko legarra erabilten dabe eta baita be tresneria modernoa. Euskal Herri osoan izen handia lortu dauen produktua da, eta hainbat txapelketa eta sari irabazi dabe, entzunena Ordiziako txapela.
Jonen esanetan, pastorearena ofizio pobre eta lotua da, baina esakera zaharrak dinoan moduan “gogozko tokian, aldatsik ez”, eta Etxebarriatarrak gustura bizi dira ofizio zaharrari ekinez.
Amaitzeko, hamaiketako ederra egin genduan etxeko intxaurrak, gaztai eta ardau apur bategaz.
            < itzuli