| BIXENTA MOGEL ETA MARKINA–XEMEIN Urriaren 7an iraganera bidaia egin genuen. Yolanda Arrietak (Haur eta Gazte literatura atalean, 2015eko Euskadi Sariaren irabazlea Argiaren alaba lanagatik) Bixenta Mogelen berri eman zigun. Kalean ere ibili ginen Aintzane Gandiagarekin, eta mogeldarren inguruko toki esanguratsuenak bisitatu genituen. Yolandaren eskutik, Bixenta Antonia Mogel Elgezabalen bizitza ezagutzeko aukera izan genuen. Mozarten musika ospetsuak 1782 urte (Bixenta jaio zen urtea) inguruan kokatu gintuen, eta soka bati helduta eman genion hasiera bideari. Bixenta Markina-Xemeinen bizi izan zen osaba Juan Antonio Mogelekin eta bere ama, ahizpa biak eta nebarekin batera, aita hil ostean. Bertan hazi eta hezi zen. Juan Jose nebaren ondoan, eta osabaren irakaspenei esker, idazten eta irakurtzen ikasi zuen. Ondo ikasi ere, handik urte batzuetara lehenengo liburua idaztera eta argitaratzera heldu baitzen (1804). Liburu hori Ipui Onak izan zen, alegia edo fabula liburua. Horren ondoren, hainbat narrazio, itzulpen eta abesti sortu eta atondu zituen. Bixentaren obraren berri emateaz gain, Bixenta emakumea eta haren barne nortasuna guregana hurbiltzeaz arduratu zen Yolanda Arrieta. Garai haietarako emakume aurreratua izan zen, eta barne kezka handiak zituen. Ikasteko grina erakusten zuen. Bixenta 35 urterekin ezkondu eta Abandora (Bilbora) joan zen bizitzera. Bertan hil zen 70 urte zituela. Bisitaren bigarren zatian, Markina-Xemeingo udaletxe aurrean ekin genion gure ibilalditxoari. Karmengo iturriaren inguruko zehaztapenak entzun eta kale artean behera egin genuen, Juan Antonio Mogelen etxea kokatu arte. Xemeingo elizan egin genuen azken geldialdia. Juan Antonio Mogel bertako abadea izan zen, eta eliza ondoko Patrokua jauregian hil zen. Amaitzeko, Mogelen oroimenez Xiri Andonegik egindako eskultura ezagutzeko aukera izan genuen. Mogelek berak Peru Abarkan idatzitako esaldi esanguratsu eta eder batek osatzen du eskultura hori.  “Gurago dau otsuak baso bizitzia, iatekua nekez billatu biarra, etxe-txakur katiaz lotubaren eregu ta ogi biguna baño” |