Louis Lucien Bonaparteren euskalkien mapa


Louis Lucien Bonaparte Napoleon I.aren iloba  izan zen (Ingalaterra, 1813-Italia, 1891). Hizkuntzalari horrek euskararekiko interes berezia izan zuen, eta interes horrek ikerketa sakona egitera bultzatu zuen. Adibiderik onena mapa hau dugu: euskalkiei buruzko lehenengo mapa. Mapan zortzi euskalki ageri dira, eta, koloreen intentsitatearen arabera, garai hartako euskararen mugen eta erabileraren berri ematen digu. Ikerketarako lan-metodoa aipagarria da: lantalde-sarea sortu zuen tokian tokiko euskara batzeko. Taldekideak herriz herri ibiltzen ziren, eta jendeari Bibliako pasarte bat euskarara itzultzeko eskatzen zioten. Gero, ikerketen emaitzak Londresera eramaten zituzten, ondorioak ateratzeko. Horrela sortu zen euskalkien lehen mapa, 1868an.

                                                                                                         

Arrate eta Esti

      

 

Irailaren 30ean, asteazkenarekin,  R300  eta R400 ikastaroetako ikasle gehienok ikastegiak antolatutako txangoan parte hartu  genuen.

Plaza Berrian kafe gozo bat hartuta, Euskaltzaindian sartu, eta hitzaldi interesgarri bezain oparoa entzun genuen. Aritz Abaroa hizlari gazteak hainbat azalpen eman zituen euskararen jatorria, lekukotasun-idazkiak eta Euskaltzaindiaren historia ezagut genitzan. Jarraian, batzar-gela bisitatu genuen: euskaltzainen aulkietan eseri  –halako aulkiak behar ditugu Iralen–, eta pasadizo zenbaitez gozatu genuen. Liburutegia ere leku interesgarria iruditu zitzaigun; atariko mapak, besteak beste.

Hamaiketakoa eginda, Campos Eliseos Antzokiaren bisita egin genuen. Martin gidariak bisita arina eta bizia egin zuen, eta hurbiltasunez SGAEren nondik norakoak azaldu zizkigun, hala nola antzokiaren historia, funtzionamendua eta abar. Denborak igarri gabe ihes egin zigun.

Eguraldia  lagun, egun ederra pasa genuen. Errepikatzeko modukoa!

Leire eta Miren

   

 

Euskaltzaindiko batzar-aretoa ezagutzeko aukera izan genuen. Gaur egun, 28 euskaltzain oso dira, eta hilean behin biltzen dira; euskarari dagozkion lan-lerroak proposatu, eta erabakiak hartzen dituzte. Batzar-areto honetan erabakitzen dira hainbeste burukomin ematen dizkiguten arauak ere.
Areto honetan, orain arte izan diren euskaltzainburu guztien erretratuak daude; besteak beste, Azkuerena, Villasanterena eta gaur egun buru den Andres Urrutiarena.  


Anabel eta Oskar

           
     

 

Menendez  Pidalek egindako  mapa
Mapa honek euskarak mendeetan zehar izan duen garapena erakusten du. Mapa inportantea da: batetik, RAEko ikerlari Menendez Pidalek  frankismo garaian (1950) egin zuelako eta, bestetik, jakinarazten digulako euskaren hedadura gutxitu egin dela eta orain haren zabalpena gero eta murritzagoa dela.
Hizkuntzalari horrek Espainian zeuden hizkuntza guztiei buruzko ikerlan sakona egin zuen —euskara barne—, eta denok dakigu sasoi horretan euskaraz mintzatzea nahiz idaztea erabat debekatuta zegoela. Euskalduna ez izan arren, herriz herri aritu zen bertako biztaleen hizkera eta ahoskera aztertzen. Azterlan horren emaitza da aurrean  dugun mapa.


Marian F. eta Jon

           
   

Campos  Eliseos


Urkixo taldea, Campos Eliseos Antzokiaren aurrealde zoragarrian, bisita egiteko zain. Campos Antzokia Bilboko Bertendona kalean dago.  Alfredo Acebal arkitektoak eraiki zuen, 1901 eta 1902 bitartean. Fatxada Jean Batiste Darroquy-ren diseinua da,  modernismoaren barruan, Art Nouveau estilokoa. Hor, azpimarragarriak dira Daniel Zuloaga artista Eibartarrak egindako zeramikak.

Pedro

           
           
         
Goi-galeriatik ateratako argazki honetan ikusten denez, areto nagusiak besaulki-patioa eta hiru galeria ditu, guztira 805 jesarleku. Besaulki-patioak berezitasun bat dauka: behar izanez gero, besaulkiak irauli, eta, zorupean sartuta, espazioa libre geratzen da; horrela, era askotako ekitaldiak egin daitezke: moda-desfileak, dantzak eta talde handiko musika-emanaldiak, besteak beste. Horma-pinturak ere badu bere bitxikeria: birmoldatu zutenean, jatorrizko koloreaz margotu nahi zuten, eta ezetz asmatu zenbat pintura-kapa kendu behar izan zuten? 15 kapa!!!

 

Javi eta Javi

           
 

Campos Eliseos Antzokiko agertokia
Sarrerari eta butaka-patioari buruzko azalpenak entzun ondoren, gidariak agertokira eraman gintuen.  Nahiz eta antzokia txikia izan, agertokiaren neurriak harritu egin gintuen. 22 m-ko altuera du eta sabaitik 35 barra mugikor daude esekita, handik argiak eta oihalak zintzilikatzeko. Zertarako hainbeste oihal? Opera-emanaldietan hainbat eszenatarako beharrezkoak direlako.
Agertokiaren atzeko partean bi karga-jasogailu daude: bata, ezkerraldean eta, bestea, eskuinaldean. Ezkerraldekoa pianoa-eta igotzeko erabiltzen da;  eskuinekoa, 5. solairutik jakiak eta edariak jaisteko.
Antzinako eraikinean, aldagelak agertokiaren atzeko partean zeuden, baina, Euskalduna Klinika eraiki zutenean, espazio hori desagertu egin zen, eta aldagela berriak egin behar izan zituzten agertokiko albo batean.  

Mariam M. eta Mari Cruz

   

                                                                                                          «« ITZULI