Atzo, betiko ordutegia bete beharrean, liburuak eta boligrafoak klasean utzita,  Bilboko Alde Zaharrera joan ginen.
Goizeko bederatzietan Euskaltzaindian geratu ginen eta ordu horretan han geunden denok puntual-puntual. Barruan sartu ginenean, beste talde bateko ikasketari bik harrera egin ziguten; horietatiko bat bertsoak botatzen ere ausartu zen:  beste guztiak aho zabalik utzi gintuen.
Gero, hizlariak —Aritz Abaroa zuen izena— hitzaldi bat eman zigun. Euskararen jatorriari buruzko hainbat teoria azaltzen hasi zen. Mapa batzuk ikusteko aukera ere izan genuen, konprobatzeko historian zehar une bakoitzean zein lurraldetan erabiltzen zen euskara.
Horren ostean, gaiaren harira joan zen. Euskaltzaindia noiz eta zelan sortu zen azaldu zigun; baita erakunde horren hasierako sortzaileak nortzuk izan ziren eta sortzaile horiek zer helburu zituzten. Eta handik hona Euskaltzainditik pasatu direnen izen inportanteenak aipatu, eta datarik aipagarrienak komentatu zituen.
Hitzaldia amaitu eta gero, beste solairuak ere bisitatu genituen. Asko ginenez, talde bitan erdibitu ginen eta Osoko Bilkura gelan sartu ginen. Han konprobatu ahal izan genuen barruko eserlekuak oso erosoak direla eta egun osoan eserita eta lanean geratzeko modukoak direla. Hortik, Azkue liburutegira pasatu, eta horri buruzko informazioa ere zabaldu zigun.
Euskaltzaindiko bisita amaitu ostean, katedrala ikustera joan ginen. Hango gidari batekin geratuak ginen eta kanpoko eta barruko berezitasunak erakutsi zizkigun.
Horrekin guztiarekin amaitu genuen goiza, eta, izan genuen eguraldi zoragarria ere kontuan hartuta, oso gustura ibili ginela ausartzen naiz esaten. Noizko hurrengoa?                                                        Ana

 

Atzo goizean, euskaldun berriei hainbeste buruhauste ematen dizkigun erakundea bisitatzera joan ginen. Han, R300 ikastaroa egiten ari garen bi talde elkartu ginen.
09:00ak aldera, beheko solairuan zegoen prentsa-gelan sartu ginen eta Aritz Abaroa hizlariak, lehenik eta behin, euskara, euskalkiak eta Euskaltzaindiaren jatorriari buruzko hipotesiak eta nondik norakoak kontatu zizkigun. Esandakoen artean, bi gauza aipatuko nituzke: batetik, lehen idazkiak lehenengo mendekoak zirela eta bederatzi mendez ez zela ezer idatzi euskaraz, hau da, euskara ahoz komunikatzeko soilik erabiltzen zela; eta, bestetik, X. mendetik aurrera agertu zirela euskarazko idatziak, eta, beranduago, testuak.
Bigarrenik, Euskaltzaindiari buruz hitz egin zuen. Kontatu zigun erakunde baten beharra garatzen joan zela euskararen inguruan aritzeko, euskara zaintzeko eta indartzeko. Hala, Euskaltzaindia sortu zen, 1918. urtean. Aipatu zuen nolako bilakaera izan duen erakundeak, eta gaur egun zelako organigrama duen; zer esanahi duen euskaltzain osoa edo urgazlea izateak eta haien arteko desberdintasuna; Euskaltzain oso izateko hiru euskaltzainek proposatu behar dutela, etab.
Hau  guztia azaldu eta gero, eraikineko  bigarren solairura eraman gintuen. Han “planta noble” deritzona dago, eta Euskaltzaindiko kideak elkartzen  diren gela erakutsi zigun.  Euskaltzainburuen argazkiak ere hantxe daude.
Azkenik, hirugarren solairura eraman gintuen. Han Azkue  biblioteka erakutsi zigun  eta  han gordetzen diren liburu eta artxiboen berri eman.
Horrela, Euskaltzaindira  egindako bisita amaitutzat eman genuen eta handik Santiago katedrala ikustera joan ginen. Hara heldu eta handik gutxira gure gidaria agertu zen.
Aterpetik hasi ginen bisita egiten, eta berehala ohartu ginen  gure gidariak baxuegi hitz egiten zuela. Katedralaren alboko atearen azalpenak eman eta gero, barrura sartu ginen. Barruan geundela, elizaren plantari buruz datu batzuk eman zizkigun eta klaustroa ikustera joan ginen. Gero, barrura bueltatu, eta, dirudun familiek elizari emandako erretaulak aztertu ostean, kanpora joan ginen, katedralaren  sarrera ikustera. Horrela amaitu genuen katedralaren bisita.

Izaskun.

Atzokoan, ikasgela utzi, eta Zazpikaleetara joan ginen. Bisita hasteko, Plaza Barrirantz abiatu ginen, hantxe baitago Euskaltzaindiaren egoitza.  Plazan sarritan egonak izan arren, agian, askok ez diogu erreparatu fatxada bateko erlojuaren gainean letra larriz idatzitako akademiaren izenari.
Txeraz hartu gintuzten gure ikasketari batzuek, eta ongietorria egin ziguten bertsotan.  Aritz Abaroari, gidari lanak egin zituenari,  aipamen polita egin zioten bere abaroan hartu gintuela esanez. Aurkezpen eder horren ostean, Aritzek euskararen eta Euskaltzaindiaren historian zehar eraman gintuen, berbaldi luze baina atsegin batean. 
Hasteko, euskararen historiari buruz berba egin zigun. Historian zehar hainbat teoria egon dira euskararen jatorria azaltzeko. Europako gainerako hizkuntzen jatorri indoeuropar eta uralikotik harago, euskararen kasuan, hainbat ahaidetasun aintzat hartu izan dira: iberiarra, berberea, kaukasiarra…  Hala ere, gaur egun, horiek guztiak baztertu, eta euskara Euskal Herrian bertan sortu zela uste da, duela 5000  bat  urte.
Euskarazko dokumentu edo aztarna idatziei dagokienez, gure hizkuntza antzinakoa izan arren, nahiko urriak dira era honetako testigantzak, ahozko tradizioa izan duelako, batez ere.
Euskaltzaindiaren historian zehar ere eraman gintuen. Gaur egun ere sorrerako iker eta jagon sailek osatzen dute.  Tradizioarekin jarraitzeaz gain, Euskaltzaindia gaurkotua agertzen zaigu, sareko webgune eta guzti.  Erakundearen webgunean hainbat informazio eta baliabide eskura ditzakegu, hala nola: hiztegiak, onomastikari buruzkoak, euskalkien atlasa, Azkue biblioteka…
Egoitzako bilkura aretoa eta Azkue biblioteka ikusi ondoren, amaiera eman genion gure bisitari.
Goiza biribiltzeko, Santiago katedralera joan ginen, haren ezaugarriez eta historiaz zertxobait ikasteko asmoz.

Aiala

Atzo, beste egunetan ez bezala, Bilbora joan nintzen, Plaza Berrira, hain zuzen ere. Goizeko zortzietan hortik ibiltzea oso bitxia zen niretzat. Ordu horietan   ez da ohiko jendea ikusten; arropa dendak eta tabernak itxita zeuden, eta okindegiak, fruta-dendak eta kafetegiak baino ez zeuden irekita. Gainera, herrietan gertatzen den moduan, han ere ikusi nituen guraso batzuek umeak eskolara zeramatzatela. Hau da, badago Zazpikaleetan bizi den jendea. Hau bai harrigarria!
Enparantza Berrian elkartu ginen ikasketari guztiok eta Euskaltzaindiko areto nagusian sartu ginen. Han, beste gelako ikasketari bik Haritz Abaroa hizlariaren aurkezpena egin zuten. Guztiok, hizlaria ere bai, aho zabalik geratu ginen, zeren eta bertso batzuk bota zituen horietako batek.
Haritz Abaroaren hitzaldia ordubetekoa izan zen, eta euskararen jatorriaren tesiak, Euskaltzaindiaren historia eta haren gaur egungo egoera azaldu zizkigun. Gero, beste bi solairuak ikusi genituen: batean, euskaltzain osoen bilkura gela eta euskaltzainburuen koadroak daude, eta, bestean, Azkue liburutegia. Liburutegia edonork erabil ahal du, goizetan irekita dago eta. Bisita honekin,  gauza garrantzitsu bat ikasi genuen, besteak beste: hizlari ona izatea zer den.
Hamarretakoa Erribera merkatuan dagoen kafetegi berrian egin genuen, oso txukunduta dagoela esan ziguten eta. Oso azkar egin genuen, Santiago katedralean garaiz egoteko.
Katedraleko gidariak huts egin zigun, ez baitzuen lortu gugan jakin-mina piztea; gainera, bai kanpoan lanetan ari zirelako,  bai barruan oso baxu hitz egiten zuelako, ez genion ia entzuten. Gure ustez, ez zeukan gaia prestatuta. Horregatik, esan dezakegu hizlari eskas baten eredua ere ikusi genuela atzo.
Amaitzeko, gutariko batek “marianito” bat hartzeko konbentzitu gintuen eta batzuk Ander tabernara joan ginen, han oso ondo prestatzen dute eta.  Horrela amaitu zen gure laneko eguna.

Aintzane  

   

Pasa den asteazkenean, irailak 17, Artazugoikoko klaseak utzi genituen Euskaltzaindia bisitatzeko. Euskara ikasten dugunontzat  ez da edozein leku. Zergatik? Han euskara ondo hitz egiteko eta idazteko arauak erabakitzen direlako. Orduan, nire ustez,  leku hori ezagutzea ohorea da.
Bisita horretara R300eko ikasketari guztiok joan ginen eta, bisita guztietan egiten den bezala, talde bati bisitaren aurkezpena egitea tokatu zitzaion. Egun horretan, Elexaberri  taldeari zegokion zeregin hori.
Ongietorria egin ostean, Aritz Abaroak, Euskaltzaindiko teknikariak, hitzaldia eman zuen. Lehenik eta behin, euskararen sorrerari buruz berba egin zuen; gero, Euskaltzaindiaz: haren historia, organigrama eta esku artean dituzten egitasmoak azaldu zizkigun.
Hitzaldia bukatu zuenean, eraikina erakutsi zigun. Horrela, ikusi genuen non biltzen diren euskaltzainak euskarari buruzko erabakiak hartzeko. Gainera, osoko bilkuren aretoan Aritzek azaldu zuen zeintzuk izan diren Euskaltzaindiburuak historian zehar. Lehenengoa apaiza izan zen, Resurrección Maria Azkue, eta egungoa, berriz, notarioa, Andres Urrutia hain zuzen ere. Bisita bukatzeko, Azkue biblioteka erakutsi zigun.
Bisitaldi horren ostean, Bilboko Santiagoko katedralera hurbildu ginen. Han, katedrala erakusteko gidaria zegoen gure zain. Berak azaldu zigun nolakoa zen barrutik zein kanpotik, eta, nahiz eta katedrala izateko eliza txikia zen, zergatik bihurtu zen katedral. Bisita horren bidez, ikusi genuen hizlari ona izatea oso zaila dela. Hala eta guztiz ere, katedrala asko gustatu zitzaidan. Bizkaian ia 22 urte bizi izan arren, inoiz ez nintzen sartu.
Ea noiz den hurrengo txangoa, gauza berriak ikusteko, eta, nola ez, ondo pasatzeko.
             

Inmaculada   

 

Bilboko Plaza Berrian, goiza fresko samarra zen. Bederatziak jotzeko bost minutu falta zirela, han geunden R300eko ikasketariak, Euskaltzaindiko egoitzaren aurrean, urduri, pentsakor, gogotsu…  
Barrura sartu eta nork bere lekua hartu ostean, ikasle bik ongietorria egin, eta Haritz Abaroa, Euskaltzaindiko hizlaria, aurkeztu  ziguten. Ondoren, aurkezpena egiten hasi ziren. Bata, bertsotan; bestea, azalpen lanetan. Bikainak biak ere.
Eta bikaina, oso, Haritz Abaroa. Hizkera zuzen eta azalpen argiko mutila. Hura izan genuen gidari. Hasteko, euskararen historiari buruzko azalpenak eman zizkigun. Historian zehar egon diren eta hain ezagunak ditugun euskaltzaleen lanak eta bizimodua gogorarazi zigun.
Ondoren, Euskaltzaindiaz hitz egin zigun.  Erakundeak sorreratik hasita gaur egunera arte eman dituen pausoak, izan dituzten zailtasunak, egin dituzten lanak, klandestinitatean bizitako urteak eta abar aipatu zituen.
Azkenik, eraikina ere bisitatu genuen. Liburutegia ikaragarria iruditu zitzaidan. Horma batean zintzilikatuta zegoen Bonapartek XIX. mendeko euskalkien egoera azaltzeko egin zuen mapa orijinala. Eta sekulakoa zen euskaltzainek batzeko duten gela. Handia eta erosoa, erabaki garrantzitsuak hartzeko ezin hobea, ustez.
Honenbestez, bisita bukatutzat eman genuen. Burua informazioz beterik genuela, Alde Zaharreko kaleetan barna galdu ginen.

Miri

 

 

 

Ikastetxea utzi, eta txangoa egin genuen atzokoan. Goiz osoko irteera hau Euskaltzaindian hasi genuen. Sarreran elkartu ginen eta barrura sartu ginen harrera gela batera. Bertan, Elexabarri taldeko  bi ikaslek egin zuten aurkezpena: batak, bertsotan; hitz goxoekin, besteak.
Behin aurkezpena eginda, Aritz Abaroa arduradunak hartu zuen hitza, eta esan zigun Euskaltzaindia zer den, zer egiten duten eta nortzuek osatzen duten.
Ondoren, eraikina barrutik ikustera pasatu ginen. Lehenengo, batzar gela ikusi genuen: gela handi eta eder bat; han, mahai handi bat zegoen eta eserleku erosoak zituen. Paretetan euskaltzainburu izandakoen irudiak zeuden koadroetan. Gero, goiko pisura igo ginen, liburutegia ikustera. Euskararekin zerikusia duten liburuekin betetako apalategiak zeuden eta hiruzpalau mahai, liburuak kontsultatzeko.
Handik irten, eta, zerbait hartu ondoren, katedralera abiatu ginen. Han, gida bat genuen gure zain, eta hark katedralaren  barruan eta kanpoan ikusten genuenaren berri eman zigun.
Behin barruan, lehenengo, klaustroa ikusi genuen eta, gero, eliza barrutik ikustera pasatu ginen. Sabaia nolakoa zen eta zer garaikoa zen esan zigun; kaperak zer garaikoak eta zer adierazten zuten ere esan zigun.
Katedrala barrutik  ikusi eta gero, atera ginen eta han eman zizkigun katedralaren gainerako ezaugarrien berri.
Eta horrela bukatu genuen goiza, gauza asko ikusi eta ikasi genuelakoan. Poz-pozik bueltatu ginen etxera, gure sentipenak etxekoei adierazteko asmoz.

Idoia

 

 

Atzoko jardunaldia ez zen ohikoa izan. Artatzugoikora etorri beharrean, R300 ikastaroa egiten ari garen ikasleok goizeko 09:00etarako Bilboko Plaza Barrian geunden, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean.
Sartu bezain laster, beheko solairuko areto handi baten eseri gintuzten, eta saioa hasi zen. Hitzaldia Haritz Abaroak eman zuen. Aipatu behar dut aurkezlea oso ondo aritu zela bere lanean: azalpen argiak, euskara aberatsa eta ulerterraza, tonu egokia, etab.
Lehen puntua euskararen historia izan zen. Lehendabizi, iraganean euskararen jatorriari buruz egon ziren hipotesiak aipatu zituen: ikertzaile batzuek iberiarrarekin zerikusirik ba ote zuen esaten zuten; beste batzuek, ordea, bereberren hizkuntzekin lotzen zuten euskara; eta hirugarren batzuek Kaukasokoekin (Georgian ibili ziren euskal ikertzaileak).  
Indoeuroparra eta uralikoa dira Europan zehar diharduten hizkuntzen iturri nagusiak. Eta, logikoena, euskara horietariko batetik jaioa izatea litzateke. Baina ikerketa ugari eta sakonak egin ondoren, Mitxelena eta Barandiaranen hipotesia jotzen da, gaur egun, baliagarritzat. Teoria horren arabera, euskara ez litzateke izango inongo iturriko ura, berton  jaiotako hizkuntza baizik. Interesgarria bezain bitxia.
Ondoren, Euskaltzaindiari buruzko informazioa eman zigun Haritzek. XIX. mendean kokatuko genituzke, nolabait, Euskaltzaindiaren hastapenak, edo, gutxienez, mende horretan agertu ziren euskara zaindu eta sakontzearen aldeko lehen aldarrikapenak: Abadia, Duvoisin, Manterola, Artiñano…
XX. mendean, Gerra Zibilaren aurreko urteetan, Azkue eta Krudwig izan ziren Euskaltzaindiaren proiektua bultzatu eta landu zutenak.
Euskaltzaindiaren historian zehar bidaia polit eta interesgarria egin ondoren, erakundearen egitura eta funtzionamenduari buruz mintzatu zen. Euskaltzainburua da arduradun nagusia. Hurrengo mailan, euskaltzain osoak daude, eta horien ardurapean euskaltzain urgazleak. Azken horiek euskaltzain oso bakoitzaren ekipoak osatzen dituzte, eta ikerkuntza eta bestelako lanak egin.
Azalpen baliagarri horiek entzun eta gero, goiko solairuak bisitatzera joan ginen. Gorengoan, liburutegia. Nik uste nuen baino txikiagoa eta urriagoa. Jose Antonio Arana Martijaren lana aipatu zuen, liburutegiaren bilkura eta antolakuntza beharretan.
Azkenik, osoko bilkuren aretora jaitsi ginen. Han, erakundearen historian zehar, Euskaltzainburuak izan diren guztien koadroak daude. Azkue izan zen lehena; Andres Urrutia, gaur egungoa. Areto bitxia: mahai erraldoia erdian, eserleku dotoreak… Hor batzen dira gure hizkuntzaren zaindariak.

Mikel

Bilboko Plaza Berrian hasi zen bisita, bertan baitago Euskaltzaindiaren egoitza. Hizlaria aurkezteko egin zuten aurkezpen originala entzun eta gero —bertso eta guzti—, gure gidari Aritz Abaroa hitzaldia ematen hasi zen. Euskara txukun eta politean, euskararen historian murgildu gintuen hasieratik, eta Euskaltzaindiaren hainbat datu eman zizkigun. Jarraian, euskaltzain osoak biltzen diren gela ikusi genuen, hango larruzko jesarlekuetan eseri ginen eta, hamar minutuz, euskaltzain bihurtu ginen. Azkenik, Azkue Biblioteka bisitatu genuen. Aritzek azaldu zigun horrelako erakunde batean liburutegi bat egoteak garrantzi handia duela.
Bisita bukatzean, kafetxoa hartzeko tartetxo bat izan genuen. Eta, segidan, katedralaren sekretuak ezagutzera joan ginen. Zorte oso ona ez genuen izan gidariarekin, eta bitxikeria gutxi kontatu zizkigun. Esfortzua egin behar izan genuen esaten zuena entzuteko. Hala ere, katedralak duen klaustro zoragarrian egon ahal izan ginen, eta, horregatik bakarrik, merezi izan zuen.
Goizean zehar informazio asko jaso genuen eta gauza interesgarri asko ikasi genituen. Eta kontuan hartuta euskaltegian ahozko hizkuntza lantzen ari garela, oso aukera polita izan da bi hizlarien arteko aldea ikusi eta entzun ahal izateko.

Ainara M.

Atzo, irailak 17, Artazugoikoko ikasketariok Bilboko Alde Zarrera joan ginen, Plaza Berrira. Han, Euskaltzaindia barrutik ezagutzeko aukera izan genuen. Areto nagusian geundela, Iraleko ikasketari batzuk aurkezpen txiki bat egin zuten eta pare bat bertso bota zituzten. Ondoren, Aritz Abaroa izan genuen hizlari. Euskara eta Euskaltzaindiaren historiaz hitz egin zigun; euskararen jatorria eta teoria desberdinak, akademiaren sorrera, eta euskara idatziaren lehen idazkien berri ere eman zigun.
Euskaltzaindiaz esandakoetatik, honako puntu hauek azpimarratuko nituzke: batetik, Euskaltzaindiaren sorrera 1918an izan zen, Oñatin, bertan bildu baitziren lehen euskaltzainak; bestetik, aipagarria iruditzen zait komentatzea, gaur egun, 24 gizon eta 5 emakume direla euskaltzain osoak; eta, azkenik,  Euskaltzaindiaren webgunea nola erabili dezakegun ikasi genuen: hiztegiak, arauak, gramatika, jagonet zerbitzua… Jagonet zerbitzua oso interesgarria iruditu zitzaidan. Euskararen erabilera zuzena eta egokia eragiteko zerbitzua da. Euskaltzaindiaren webgunean, zuzenean, galdera zehatzak egin ditzakegu. Aldez aurretik, konprobatu behar da ea galdera hori eginda dagoen ala ez.
Aritz Abaroaren azalpena bukatu ondoren, egoitza barrutik erakutsi ziguten: osoko bilkuren aretoa eta Azkue liburutegia, besteak beste. Han, Axularren Gero eta Mogelen Peru Abarka ikusi genituen.
Kafea hartzeko tarte bat ere izan genuen Erribera merkatuko taberna berrian; ondoren, Bilboko Santiago katedrala bisitatu genuen. Esan beharra daukat, izan genuen gidaria ez zela egokia izan, ez baitzekizkien hizlari onaren ezaugarriak zeintzuk diren. Ahoskera txarra, bolumen baxua, erritmo eta tonu desegokiak, jariotasun falta… Bazirudien bere lehenengo aldia zela azalpenak ematen zituela, ez zuelako besteon arreta lortzeko ezer egiten.
Gidariak katedralaren portikoa, klaustroa, elizaren barruko aldea eta atari nagusiaren ezaugarriak azaldu zizkigun. Santiago katedrala Bilbok duen eliza nagusia da. Izen bereko plazan kokatuta dago, Zazpikaleetako erdialdean, hain zuzen ere. XIV. eta XVI. mende hasiera bitartean eraiki zuten. Dorrea XIX. mendekoa da. Katedralaren estiloa neogotikoa dela esan dezakegu.
Hurrengo irteera noiz izango den jakiteko irrikaz gaude. Ea noiz antolatzen duzuen beste bat!

Ainara I.

 

Joan den eguaztenean, Artazugoikoko R300 ikastaroan gabiltzanok, irteera bat egin genuen. Bilboko Euskaltzaindiaren egoitza eta Santiago katedrala ikustera eta hobeto ezagutzera joan ginen.
Bederatziak aldera, Plaza Barrian batu ginen,  Euskaltzaindiaren egoitza nagusian. Han, hitzaldien aretoan, gure kide bik bisitaldiko gidaria izango zenaren aurkezpena egin zuten. Haritz zuen izena, eta ordubetean, gutxi gorabehera, hau azaldu zigun: euskararen sorrerari buruz egon diren eta dauden teoriak, batetik, eta Euskaltzaindiaren historia eta  haren betebeharrak eta barne antolakuntza, bestetik.
Aurrekoarekin amaitutakoan, Haritzek bigarren solairura lagundu zigun eta han dagoen batzar-gela ikusi genuen. Euskaltzainak han batzen dira eta, ikaskideok haien eserlekuetan eserita geundela, esan zigun gaur egungo euskaltzainak nortzuk diren eta nor den euskaltzainburua. Orain arteko euskaltzainburuak nortzuk izan ziren, eta beste hainbat datu interesgarri ere eman zituen.
Eserlekuetatik altxatu, eta liburutegira igo ginen guztiok; hirugarren solairuan dago eta zabalik, mundu guztiarentzat. Leku haren funtzionamendua eta historia laburra kontatuz bete zuen Haritzek bere lana, eta era entretenigarrian bete ere, nire uztez.
Euskaltzaindia utzi, Erriberako merkatuko taberna berrian kafe bat hartu eta Santiago katedralera hurbildu ginen.
Han zegoen Jabi, katedralaren historia zekien gidaria. Arkitekturaren gaineko datuak eta bestelakoak ere azaldu zituen berrogeita bost minututan, baina bigarren gidari horren prestakuntzak, nire uztez, ez zeukan zerikusirik lehenaren prestakuntzarekin. Hori dela eta, ezin dut bisita honetaz asko gehiago esan, bakar-bakarrik Athleticen ezkutua margotu zutela azken berrikuntzan.
Jabi agurtu ondoren, marianito bat hartu genuen Jose Mariren tabernan. Horri esker esan ahal izan nuen eguna ondo hasi eta amaitu nuela.

Iñaki

Errutina apurtzeko eta beste modu batean ikasteko asmoz, atzoko irteeran Euskaltzaindia eta Santiagoko katedrala bisitatu genituen. Goizaren hasiera ere desberdina izan zen: autoa erabili beharrean FEVE trena hartu nuen eta bederatziak bost gutxiagotan geratutako lekuan nengoen, hau da, Plaza  Barrian.
Bederatziak aldera Euskaltzaindiak duen egoitza nagusian sartu ginen; gutxi gorabehera, hirurogei irakasle. Beheko solairuan, areto nagusian, Ibon gure ikaskideak bertso batzuk bota zituen hizlariaren aurkezpena egiteko. Oso modu politean azaldu zuen nor zen Aritz: hogeita zortzi urteko gaztea, bermeotarra eta Euskaltzaindian hainbat lan egiten dituena.
Momentu horretara ailegaturik, Aritzek euskararen inguruko historia laburra egin zuen. Kristo ondoko lehenengo mendeetan oso idazki gutxi ditugu, batik bat ahozko transmisioaz baliatu izan garelako. Hogeigarren mendearen hasieran, Euskaltzaindia sortzeko asmoz, lau pertsona izendatu zituzten. Geroago, aurreko talde horretara euskaltzain gehiago elkartu ziren. Gerra Zibilak iraun zuen bitartean, euskararen munduan geldialdi luzea egon zen; eskerrak Azkuek Euskaltzaindiak zeukan egoitza nagusian (Bilboko Erribera kalean) lanean jarraitu zuela. Aurreko mendearen erdian Euskaltzaindia lekuz aldatu zen eta Bilboko Plaza Barrian kokatu zen ; dena dela, erakunde honek beste ordezkaritza batzuk ditu: Donostiakoa eta Baionakoa, besteak beste,
Aritzek hitzaldia bukatu zuenean, goiko solairura igo ginen. Han euskaltzainburuaren bulegoan eta euskaltzainen osoko bilkura gelan sartu ginen. Azken horretan, guztiok eserita, hizlariak azalpenekin jarraitu zuen; besteak beste, esan zuen hogeita bederatzi euskaltzainak hileko azken ostiralean biltzen direla beren lana betetzeko.
Santiagoko katedrala bisitatu baino lehen, Erriberako merkatuko kafetegi berrira joan ginen zerbait hartzeko asmoz; itsasadarraren ondoan oso leku atsegina dago.
Denbora galdu gabe eta penaturik iraileko eguraldi hau gehiagotan ez aprobetxatzeagatik, Santiagoko katedralera hurbildu ginen. Ordubete batean gidariak xehetasun guztiak komentatu zituen.
Azkenik, Barrenkaleko Ander tabernara joan ginen, hango Vermouth ospetsua edatera. Nahiz eta lehenengo momentuan guztion nahia berbera ez izan, minutu batzuk pasaturik, guztiok geunden gomendatutako edariarekin; egia esanda, goxo zegoen: errepikatzeko modukoa.
Jendea animatzen hasi zenean, eta, gehiegi luzatuko zelakoan, gutariko bakoitzak etxeko bidea hartu zuen; nik, tren geltokikoa.

Elias

 

Atzo, irailak 17, Artazugoikon R300 egiten ari garen ikasketariok irteera bat egin genuen. Talde guztiok oso pozik geunden Euskaltzaindia barrutik ikusteko aukera izateagatik. Baina esan beharra dago ikastaldeen artean Urkixo taldekoak  urduri samar zeudela,  talde horrek prestatu  behar izan zuelako Euskaltzaindiko aurkezlearen sarrera.
Plaza Barrian geratu ginen bederatziak hamar gutxiagotan, erlojuaren beheko partean, hain zuzen ere, eta  jarraian igo ginen prentsa gelara. Hor, Urkixo taldeko ikasle bik, Jonek eta Ibonek,  hizlariaren aurkezpena egin zuten, eta aipatzekoa da zer aurkezpen zoragarria egin zuten. Benetan harrituta geratu ginen Ibon  bertsotan hasi zenean, eta, gero, Jonek egin zuen sarrera entzun genuenean. Txaloak gure partez biei!
Jarraian, Aritz Abaroak, 28 urteko bermeotar euskaltzaleak, hainbat gauza azaldu zigun: euskararen jatorriaren azken teoriak;  Euskaltzaindia zergatik sortu zen, noiz piztu zen horren beharra eta grina, eta zein diren haren helburuak (jakin eta jagon)… Euskaltzainei  buruz ere hitz egin zuen: nortzuk izan ziren lehenengo euskaltzainak, gaur egun euskaltzain osoak nortzuk diren eta zer-nolako desberdintasunak dauden euskaltzain osoen eta urgazleen artean… Hizlaria ordubete egon zen hizketan gutxi gorabehera, eta, gero, harekin igo ginen bigarren solairura, Areto Nagusia ikusteko. Hor biltzen dira euskaltzain osoak erabakiak hartzeko eta eztabaidatzeko,  eta hormetan oleoz margotuta zeuden euskaltzainburuen irudiak ikusteko aukera izan genituen. Bukatzeko, hirugarren solairura joan ginen eta liburutegia ikusi genuen. Interesgarria izan zen jakitea kanpokook hor dauden liburuak eta materiala kontsulta ditzakegula.
Hori bukatu ostean, klaseko taldeak banatu egin ginen: Urkixo taldea Deustura joan zen, Euskara-etxera, eta beste guztiak, Santiagoko katedrala ikustera. Ni, Aranakoa izanda, Santiago katedralera joan nintzen. Gidari batekin ikusi genuen Basilika (?),  hala kanpotik nola barrutik (eliza, sakristia eta klaustroa).  Oso interesgarria iruditu zitzaidan niri, nahiz eta gehienek ez zuten gauza bera pentsatu, batez ere gidariak, sarri, baxu hitz egiten zuelako.
Azkenik,  zerbait hartzera joan ginen, etxera bueltatu baino lehen. Oso egun ederra pasatu genuen, eta,  bisitaz gain, eguraldia ere primerakoa izan zen.

Isabel

 

 

 < itzuli