MOGELDARRAK ETA MARKINA-XEMEIN Otsailaren 16an, Markina-Xemeinera joan ginen, eta bi eginkizun hauetan parte hartu genuen: batetik, Bixenta Mogelen (1782-1854) bizitzan eta lanean oinarritutako literatura-tailer batean, eta, bestetik, mogeldarrak ibilitako tokiak bisitatu genituen. Yolanda Arrietak (Etxebarria, 1963) gidatu zuen “Andre argi baten ikurrak” izeneko tailerra, eta Aintzane Gandiagarekin (Uhagon Elkartea) Markinako kaleetan ilustrazioak utzitako aztarnak ezagutu genituen. Yolanda Arrietak, Haur eta Gazte literatura atalean, 2015eko Euskadi Saria irabazi zuen Bixenta Mogelen bizitzan, lanean eta testuinguruan oinarritutako Argiaren alaba lanagatik. Tailerra espero ez genuen performance-a izan zen: aurkezpenak kutsu artistikoa eta interaktiboa izan zuen. Hasiera-hasieratik, jakin-mina piztu zigun, eta guztion parte hartzea eta konplizitatea lortu zituen giro ezin hobean. Bixenta Mogel, aita hil ostean, Markinara joan zen osaba Joan Antonio Mogel apaiz-idazlearekin bizitzera. Garai hartan, Europan, ilustrazioaren ideiak hazten ari ziren. Nahiz eta ohikoa ez izan emakumeei irakastea, osabak euskaraz, gaztelaniaz eta latinez irakurtzen eta idazten irakatsi zion. Horrek idazteko grina piztu zion. Hamazortzi urterekin euskaraz idatzitako lehenengo alegia-liburua idatzi zuen: Ipui onac, Esoporen alegiak euskara ulerterraz eta atseginean egokituta ahalik eta irakurle gehienengana iristeko. Geroago, hainbat kanta eta itzulpen egin eta atondu zituen. Bere lan guztiak sinatu zituen lehenengo emakumea izan zen. Bukatzeko, Aintzane Gandiaga kultura-etxeko langileak lagundu zigun Markina-Xemeingo kaleetan barrena. Goiko Portalean hasi ginen eta ilustrazioaren garaian eginiko lan garrantzitsuenetako batzuk ikusi genituen: Karmengo iturria, hiltegia, udal-arrandegia, hilerria… Karmengo iturrian Joan Antonioren bertso hauek daude: | |
Carlos Irugarrena/Bizkaiko Jaun dala Markinako urijak/egin nau honela Ugarteko axpeetan/daukat jatorrija Ubide saconetan/ecarri ugarija Ur au ederra zala/esanic aitubac alan arindu dira/neque ta castubac | |
Bisita aukera paregabea izan zen, bi idazle horien bizitzen bidez, garai baten ezaugarriak eta Markina herria beste ikuspuntu batetik ezagutzeko. Goizari bukaera ederra emateko, Arretxinagako San Miguel baselizaraino ibilalditxoa ere egin genuen. Arraiz taldea, 2017/02/16 |