Olabarriko errotea
Atzo, sendimentu askoko bisitea egin genduan Ana Mariren errotara. Haren amaren faltea sometan zan errota zahar haretan, eta hori dala eta, danok igarri genduan AnaMariren estutasuna. Halanda be, minutuak pasau ahala, etorria heldu jakon eta gure arbasoen bizipenetara eroan ginduzan.
Alde batetik, burdinola zaneko gorabeherak entzun genduzan: erabilten ziran egur motak, egiten ziren piezak eta suak hartu behar eban tenperaturea.
Gerora, atartetik barrura joan gintzazan; artoaren kontuak eta errotako bizimodua konteteari ekin eutsan Anamarik. Atea zabaldu eta antzinako usain gozoa hartu genduan: arto-urun barriarena.  Errota martxan egoan bitartean, han jan genduan Anamarik egindako ogi xamurra; ostean, urak mekanismo guztia zelan mogitzen dauen lekuko be izan ginan.
Amaitzeko, nebeak zortzi urtean egindako itzelezko burdinola eta errotearen maketea ikusi genduan, eta hantxe amaitu zan bidaia zoragarria.

 

 

Jon artzaina
Atzo, martiak 4, Ipiñaburu auzora joan ginan, Jon artzainaren gaztaitegira. Eguraldi txarra, euria bota ahalean eta Kristoren hotza!
Eskertzekoa Jonek eta andreak gugaz euki eben jarrerea: goizeko bostetan jagita egozan, gaztaiak egin eta guri dana erakutsi ahal izateko.
Kopau bate gin ostean, oraindino aldetik hotza guztiz kendu barik, errotarantz abiau ginan.

Errotan hotzak erreta
Han joan ginan gu, “ardixen moduen”, autoak epel-epeletan itxita, guardasolak zeruari begira, errotara bidean.
Errotea izan beharrekoa, burdinola izanekoa zan: hamaikatxu traste zahar, harri mineral eta egurrezko tresna. Kontutxuak, beste hamaika: zortzi lerroko artaburuak, linuzko kuleroak, kapaxakaz eginiko oheak…
Eskilaran behera joanda, kartzela moduko zuloan, ura giotik behera, txipiztinez blai, klik bategaz argia amatau, eta argirik ez dago!
Kaskua buruan, fusila eskuan, argazkiari klik, mailuak tak…eta bisitea amaitu zan: “hurrengoan etortekotan, kuadrila handian etorri!”


Ipiñaburuko pastoreagana

Atzo Zeanira egin genduan urteera. Aparkalekutik hainbat autotan, taldeka, herria atzean itzi, eta Ipiñabururako auzo-bidea hartu genduan. Bideak berak merezi dau bisitea: errebuelta bakotxaren ostean, paisaia ederrak ikusteko erea dago: urtegia, Gorbeia edurtuta, baserri politak… Lekutan dago…!
Jon artzaina guri itxaroten egoan. Euren eguneroko bizimodua eta beharraren ganeko kontuak azaldu euskuzan: zergaitik aukeratu eban pastore iztea, zer arazo daukazan ofizioak…
Gero, Puy, haren emaztea, ezagutu genduan. Berak ederto baten azaldu euskun zelan egiten dan gaztaia.
Amaitzeko, errotarako bidea hartu baino lehen, indarrak barriztau genduzan: euren baserriko gaztaia, txorizoa eta intxaurrak ez eze ardoa be atara euskuen tragutxu bat egiteko.

Ipiñaburuko gaztaitegia
Atzo goizean, eguraldi tristeari aurre eginda heldu ginan Ipiñaburuko gaztaitegira. Gu ailegau orduko, hantxe egoan Jon artzaina gure begira.
Kortan sartuagaz batera hasi ginan erretratuak ataraten, danari atara gurean.
Jonek euren beharraren ganeko azalpenak emon euskuzan: zenbat ardi, zelan jagon, Gorbeiako kontuak… Esan leiteke gugan gaiak interesa biztu ebala, hainbat galdera egin geuntsazan eta.
Jon eta Puy, artzain bikotea, mendi puntan gustura bizi dirala ikusi genduan. Euren ilusinoa da ofizioan aurrera egitea, tradizinoa gaur egungo barrikuntzakaz bat eginda.
Azken urteotan hainbat sari irabazi dabez, eta gaztaiak egin aurretik daukiez guztiak salduta!


Ipiñaburu
Atzoko egunean, martiaren 4an, eguaztena, Zeanurira joan ginan goiza pasetan. Plazatik urten genduan Ipiñaburura joateko.
Ipiñaburun, Jon artzaina egoan gure begira. Artez kortara sartu gintxakozan eta haren ardiak artegatu genduzan, berak verba egiten euskun bitartean.
Jonek sano argi emon euskun danaren azalpena. Berbaldia amaitu ostean, gaztaia zelan egiten dan ikusi genduan. Hori Puyk, haren emazteak, azaldu euskun. Baita instalazinoak erakutsi be.
Bikote gazte horrek ilusinoz eta maitasunez egiten eban berba bere beharraz.
Holan emon genduzan goizaren lehenengo orduak, euri artean. Kanpoan hotz, baina barrua apur bat berotuta hartu genduan errotarako bidea.

Ana Mariren errotea
Ana Mariren errotara ailegau gara, Zeanurira; hezetasun hatsa, 1890ko usaina. Haren aititek urte horretan ez eban egingo behar makala bizpahiru txakurtxiki irabazteko: errentea pagetako, txarrikumea erosteko eta txarrikidun zopea bazkaiteko.
Orain, loba ana Mari dabil guri errotako historia eta bizimodua azaltzen: andaparea, garia, kapaziaz egindako koltxoia, danbolina, jantziak… Andra jakituna, etxean atara eban honek masterra: antzinako kultureaz txolinduta itzi ginduzan Ana Marik!


Olabarriko errotea
Atzo, egun euritsu eta ilunean, Zeanurira joan ginan Olabarriko errotea ikustera. Bertako atartean, Ana Mari errotari xelebreak antzinako bizimodua zelangoa zan kontau euskun, hainbat tresna erakutsita.
Barrura sartu ostean, hiru errotatxu ikusi genduzan, bakotxak bere zeregina eukan. Artoa bota eta segiduan parau zan martxan errota bat; momentuan agertu zan arto-uruna, taloak egiteko prest. A ze gozoa!
Amaitzeko, Ana Mariren nebeak eginiko maketa polita ikusteko erea be izan genduan. Argi ikusi genduan benetan be gizon abila dala bera.
Etxera orduko, Zeanuriko “Corte Inglesera” joan ginan, kafe beroa eta pastel gozoa hartzera.

                                                                            ««« ITZULI