Galdera |
---|
Alteridad: nola eman euskaraz?
Data: 2016/09/21 |
Erantzuna | ||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Alteritate / Bestetasun
1/ Batzuetan, terminoen euskal ordain egokiak zein izan litezkeen erabakitzeko, komeni da ikustea nola jokatzen den beste hizkuntza batzuetan, ez bakarrik gaztelania:
Beraz, hizkuntza horietatik gehienetan, bi forma dauzka termino horrek: a. latinetik etorritako mailegua, hizkuntza bakoitzaren fonologiari egokitua (alteridad, altérité, alterity, alteridade…) b. hizkuntza bakoitzeko forma arruntaren gainean eraikitako forma eratorria: . otro → otredad . other → otherness . outro → outridade Oharra: latinezko alter berbatik datoz otro (gazt.) / outro (port.) / autre (fr.)… formak; eta, hizkuntzen historian atzerago joanda, erraz frogatu daiteke ingelesezko other eta latinezko alter ere jatorri berekoak direla. 2/ Argi dugu euskaraz ere berdin jokatu genezakeela: a. latinezko mailegua onartzea, euskararen berezko fonologiari egokitua: alteritate b. euskarazko berba arruntaren gainean eraikitzea, eratorpenaren bidez, neologismoa: bestetasun
Hala, Zehazki hiztegiak bi forma horiek proposatzen ditu; Euskaltermek, berriz, alteritate baino ez, horixe proposatu baitzen 2010eko Hiztegi Terminologikoan… 3/ Bestalde, bi formak erabili dira azken urteotan euskarazko hainbat testutan; maiz erabili ere. Horren frogagarri, EHUk prestatzen duen Egungo Testuen Corpusa (ETC) kontsultatuta aurkitu ditugun adibideak. Bi esteka hauetan dituzu: http://www.ehu.eus/etc/?bila=alteritate http://www.ehu.eus/etc/?bila=bestetasun Behin esteka bakoitzean sartuta, ‘Formak’ atala agertuko zaizu: 4/ Baina, bestetasun zein alteritate terminoak onartzeko trabarik ez izanik ere, garrantzitsuagoa da irakasle batentzat (hitzaren edozein erabiltzailerentzat, egia esan) kontzeptua bera zertan den azaltzea; hau da, definitzea. Erantzun hau biribila izateko, gure ustez, kontzeptuaren definizioa eskaini beharko genizuke, horri irizten baitiogu benetan lagungarria. Baina ez gara ausartzen, ez dakigu-eta zehazki zer testuingurutan erabiltzekoa den. Wikipediako artikulutxoek jasotzen dutena euskaratuko genuke, baina alferrikakoa izan liteke, Gizarteratze arloan bestelako ñabardurak hartu baititzake kontzeptuak. Beraz, nahi izanez gero, bidali iezaguzu testutxo bat zuk proposatuko zenukeen definizioarekin, eta esango dizugu zer deritzogun, egokia den ala ez.
|