Galdera

 

Puntuazioa: “bai… bai…” esaldietan, derrigorrezkoak dira komak?


Data: 2016/10/05



Erantzuna


Bai.

 

1/ Puntuazioaren gaineko zalantza bat daukagunean, EIMAren Puntuazioa liburuxkara jotzen dugu normalean.

Bertan, 62. orrialdean, azaltzen du Juan Garzia Garmendia maisuak nola jokatu banakariak puntuatu behar ditugunean:


5. 3. Banakarien puntuazioa (bai... bai...; edo... edo...)

Banakariak erabiltzen direnean, komaz bereizten dira osagaiak esaldian. Egitura horiek apur bat aldentzen dira esaldiaren doinu-gorabehera arruntetik:

(299) Bai beltza, bai zuria, garbi dago, egokiak dira.

(300) Zeuk erabaki: edo liburua erosten duzu, edo norbaiti eskatu beharko diozu.

(301) Hor dator ahatea, orain hondora, orain igeri.

Egitura osoaren mugan (amaieran edo hasieran) koma idatzi ala ez, arau arrunten arabera erabakitzen da:

(302) Bai batzuk, bai besteak1 azterketara aurkeztu ziren.

(303) Batean ondo, bestean gaizki,2 ehun urte betetzera iritsi da.

(304) Urtea joan, urtea etorri,3 soilduz joan ziren oihanak.

Egiturok galdegai direnean, juntagailuak erabili ohi dira komen ordez:

(305) Bai batzuk eta bai besteak ikusi genituen jaialdian.

(306) Batzuk zein besteak ikusi genituen jaialdian.

 

 

1 Subjektua denez, ez da koma jarri behar. Hartu dezagun (299) adibidea. Bi modutara puntuatu daiteke:


·         Bai beltza, bai zuria, garbi dago, egokiak dira. (koma artean doa “garbi dago”)

·         Bai beltza, bai zuria –garbi dago– egokiak dira (marra artean jarri dugunez, subjektuaren eta aditzaren artean ezin da komarik jarri)


2 Mintzagai arruntak direnez, koma behar dute.

3 Mintzagai arruntak direnez, koma behar dute