Galdera

 

“Ikasleek baloi bana izango dute, eta [baloiari botea eraginez / baloiarekin bote emanez / baloiarekin bote eginez / baloiaz bote emanez / baloia  botatuz…] jolastokian zehar ibiliko dira

 

Data: 2016/10/24



Erantzuna


Esaldi horretarako, baloiarekin bote eginez.

 

 

1/ Zail samar egiten zaigu zure kontsultari ganoraz erantzutea, bistan dago-eta zer arazo daukazun:

 

a/ Zerbaitek (pilotak, baloiak…) edo norbaitek bote egiten du; horren adibideak ugari dira tradizioan:

·         Pilotak bote txarra egin du.

·         Gure Pedrok, gizajoak, bote egin zuan sillan.

·         Joan den egunetan bertan entrenatu dira, eta pilotak bote arraroak egiten dituela onartu zuten biek.

·         Beti Messi... eta jeinu txikiak baloiak bote egin ondoren ezkerrez zetorkion bezala jo, eta ondo gurutzatuz Siriguren atea zulatu zuen.

 

Batzuek, nahiz eta Euskaltzaindiaren Hiztegian edo Hiztegi Batuan horrelakorik agertu ez, kasu honetan ere bote(a) eman erabiltzen dute:

·         Luis Garciak zelai erdian baloia hartu, 30-35 metroko pase zoragarria eman Jonathani, ederki kontrolatu, baloiari botea ematen utzi, eta oinaren kanpoaldearekin, Aranzubia gain-gainean zeukanean, barrura.

·         Atera dituzten 19 puntuetatik 16 etxean batu dituzte; belar artifizial zaharra daukate eta baloiak bote handiak ematen ditu.

 

b/ Zer gertatzen da, berriz, norbaitek pilota edo baloia hartu eta nahita botatzen badu zoruaren edo hormaren kontra pilotak edo baloiak bote egin dezan? Nola eman hori euskaraz?

Tradizioan, nonbait, ez dago horren adibiderik; guk, behinik behin, ez dugu horren arrastorik aurkitu, saiatu eta saiatu arren.

 

b.1/ Guk ez genioke inolako erreparorik jarriko “baloiari/pilotari bote(a) eman” formulari; izan ere, Berria egunkarian hainbat adibide aurkitu ditugu:

·         Baloia hartzen duen bakoitzeko, 24 segundoetatik 15 baloiari boteak ematen alferrik galtzen ditu, eta gero buruz buruko jokaldia egiten saiatzen da.

·         Joko antolatzaileak baloiari boteak ematen 15 segundo pasa, baloia estatubatuarrari pasa, eta hark asmatu zain egon.

·         Galduta baitabil, baloiari boteak eman eta eman, eta sistemak gauzatu ezinik.

b.2/ Nola Erran frantses-euskara hiztegi elektronikoan rebondir nola euskaratu kontsultatu, eta adibide hau aurkitu dugu:

 

faire rebondir une balle par terre/contre le mur” =  pilotari lurrean/paretan punpa eginarazi

 

Beraz, punpa zein bote (punpa esaten zaio boteari Ipar Euskal Herrian), ematen du beste aukera onargarri bat badirela “baloiari/pilotari bote(a) eginarazi/ bote(a) eragin” ere.

 

Baina…, Nola Erran-eko adibidetik aparte, zergatik ez dugu horien inolako arrastorik aurkitzen testuetan, ezta Ipar Euskal Herrikoetan ere? Seguruenik, logikaz eraikitako formak direlako, baina ez erabiliak (askotan, logikak ez baitu inolako eraginik hizkuntzetan).

 

 

2/ Ikusi duzunez, ez diogu isuri egin arazoari, eta irtenbideak ematen saiatu gara. Heldu diezaiogun, baina, zure esaldiari

Erantzun laburrean, esan dizugu zure esaldia honela emango genukeela:

“Ikasleek baloi bana izango dute, eta, baloiarekin bote eginez, jolastokian zehar ibiliko dira”

 

Zergatik? Zuzentasun arazorik ez daukalako (gure ustez), ederto batean ulertzen denez guztiz egokia iruditzen zaigulako, eta horren pareko zenbait adibide aurkitu ditugulako Berrian:

·         Biek baloi bana dute eskuan, eta baloiarekin boteka ari dira.

·         Planinicen aspaldiko gabezia da gidaritzarena, denbora asko galtzen baitu baloiarekin bote egiten eta jokorik sortu gabe.

·         Edo pilotarekin boteak emateko ohitura...