Galdera

 

Hezkidetzailea ala hezkidea?

 

Data: 2016/10/24



Erantzuna

 

Hezkidetzailea, baina…

 

 

1/ Gaztelaniazko coeducación, ingelesezko coeducation edo frantsesezko coéducation kontzeptuak euskaratzeko, hezkidetza neologismoa sortu behar izan dugu orain dela gutxi.  

Ez dakigu gauza bera esan nahi duten erdarazko berba horiek, bai baitirudi frantsesezkoaren eta ingelesezkoaren adiera dela neskak eta mutilak batera heztea, nahastuta, eta ez gela batzuetan neskak bakarrik eta beste batzuetan mutilak.

Gure artean darabilgun adiera bestelakoa da: hezkidetza hezteko metodo bat da, sexuen arteko berdintasunean eta sexu-berezikeria gaitzestean oinarri duena.

 

 

2/ Nola eman euskaraz “hezkidetzari dagokiona” kontzeptua, izenondo erreferentzial baten bitartez? Hezkidetzaile ala hezkide?

Tradiziorik gabeko berbak aukeratzeko orduan, erabilerari erreparatzen diogu gehienbat. Zein aukeratu orduan bietatik?

§  Ez dago apenas hezkide hitzaren arrastorik literaturan (prentsan edo liburu berezituetan): hezkide eskola maiz aurkituko duzu Interneten, baina hitz elkartua da.

§  Nagusitzen ari den forma, zalantzarik gabe, hezkidetzaile da, gustukoa izan zein ez. Hala, hainbat eta hainbat adibide aurkitu ditugu esaterako Berria egunkarian:

 

.  Eta, nola ez, behar dugun eskola herritarra, euskalduna, parte-hartzailea... eta hezkidetzailea aldarrikatuz eta sortuz. (Berria, 2003-12-19, «Euskal Herriak bere hezkuntza parekidea», Aitziber Martinez de Lagos)

.  Euskal eskola publikoak izan beharreko ezaugarri nagusiak aipatu zituen atzo Juan Karlos Aretxabaleta Sortzen Ikasbatuaz-eko presidenteak: «Euskalduna eta ele aniztuna; euskal curriculum propioa; ikastetxeen benetako autonomia pedagogian zein kudeaketan; 0 urtetik aurrera erabat finantzatua; eskolako komunitate osoaren parte-hartzea; lan esparru berria eta propioa; balio aurrerakoiak; laikoa, hezkidetzailea, kultur aniztuna; eta hezkuntza eragileen arteko elkarlana». (Berria, 2004-01-24, «Hausnarketaren bigarren epea hasi du Sortzenek», Jakes Goikoetxea)

.  Erakundeok eta kolektibook manifestua kaleratu dute matrikulazio kanpainaren harira, eta salatu dutenez, hezkuntza sistema ez da hezkidetzailea. (Berria, 2004-02-18, «Hezkuntza parekidea eta euskalduna eskatu dute», Erredakzioa)

.  Bizikidetza hezkidetzailea: Elkarbizitzaren ikuspegitik, neska-mutilak genero bereizketarik gabe nola hezi aztertuko da. (Berria, 2004-04-28, «Haur hezkuntza aztertuko du Hik Hasik Udako Topaketetan», Edurne Soraluze)

 

3/ Ezinbestean erabili behar da izenondoa? Ez: zein den testuingurua, bestelako hizkuntza baliabideak erabili ditzakegu horren berri emateko:

.  Emilia Pardo Bazán Hezkidetzaren aldeko Emakumeen Konfederazioa osatu zuten, martxan jartzen ari zen hezkidetzaren mugimenduaren barruan = “parte del movimiento coeducativo

.  hezkidetza lantzeko bideoa = video coeducativo

.  hezkidetza modeloa / proiektua / programa = modelo / programa / proyecto coeducativo

.  ikastetxeetan hezkidetza garatzeko orientabideak = orientaciones para el desarrollo coeducativo en los Centros Escolares

.  hezkidetzaren aldeko literatura = literatura coeducativa

.  hezkidetza praktika egokiak = prácticas coeducativas adecuadas