Galdera

 

“Matematikako irakasle berria, Mikel Badiola, etorri da”: Erabili daiteke berria esaldi horretan?


Data: 2016/10/25



Erantzuna

 

Bai, erabili daiteke.

Oharra: Esaldia zuzena litzateke galdegaia baiezkotasuna balitz; bestela, “Matematikako irakasle berria etorri da: Mikel Badiola(, hain zuzen ere)”

 

 

1/ Ez dakigu zehazki zerk eraman zaituen zalantza hau edukitzera. Baliteke nonbait irakurri izana tentuz erabili behar dugula euskaraz berria izenondoa, ez baita beti gaztelaniazko nuevo delakoaren parekoa.

 

Hau da: gaztelaniaz, euskaraz ez bezala, izenondoak posizio bi ditu: izenaren ondoan zein aurrean. Non kokatuta dagoen, esanahia aldatu ere egin liteke. Adibide tipikoa da nuevo:

 

·         Izenaren ondoan badoa ---> berri: “un coche nuevo” = “auto berri bat”

·         Izenaren aurrean badoa ---> beste bat: “un nuevo coche (de los años cincuenta)” = “(50eko hamarkadako) beste auto bat”

 

 

2/ Zure kasuan, berriz, ez dago arazorik: Mikel Badiola berria izango da zure zentroan, aurretik beste irakasle bat egongo zelako Matematika eskolak ematen. Beraz, Matematikako irakasle berria izango da; esaterako, lehengo irakasleak baja luzea hartu duelako.

 

Baina gaztelaniazko “un nuevo profesor de Matemáticas” adierazi behar bazenu, bestela jokatu behar zenuke: “Matematikako beste irakasle bat” (lehen lau zineten Matematika mintegian, nonbait larri ibili laurekin bakarrik, eta beste bat kontratatu duzue, bosgarrena; alegia, beste irakasle bat behar zenuten, eta gaur etorri da irakasle berria).

 

 

3/ Hona irakasle berriaren zenbait adibide:

 

·         Zuzendariak dio Eskola hutsik lanak mezu zuzena ematen diela haurrei, atsegina ez izanagatik ere: «Bere jaioterrian eskola bat martxan jarri du irakasle berriak (Carlos Nguema), baina eskola hutsik geratzen hasi zaio». (Berriako albistea)

·         Anjel LERTXUNDIk kontaturiko pasadizoa horren lekuko: Joxe Mari, Joxe Antonio, Maria Jose, Joxe Anjel eta halakoak izen arruntak ziren garaietan, behin, ikastolak irakasle bat kontratatu zuen, eta ikasle batek honela idatzi omen zuen irakasle berriaren izena arbelean: Joxe Bandoni. (Iñaki Arranz: Hitza Azti)

·         Bere sonaren atzetik sartu da irakasle berria Lauaxeta ikastolako gelan: gaztea da, planta dotorekoa, jakintsua oso. (Joxerra Garzia: Kurri-kurrun vitae)

·         Eskolara itzuli ginenean, matematikako irakasle berria geneukan. (Hiner Saleem / Juan Kruz Igerabide (itzul.): Nire aitaren fusila)