Galdera

 

Zein erakusle erabili erreferentziak egiteko, erreferenteak bi badira?

“Koldok motxilatik liburua kendu zion Anderri, baina hau ez zen konturatu hark eginiko bihurrikeriaz”: zuzena da?


Data: 2016/11/10



Erantzuna

 

“Koldok motxilatik liburua kendu zion Anderri, baina (hura/bera) ez zen konturatu Koldok eginiko bihurrikeriaz”

 

1/ Kontu zaila da erreferentziak egiteko nola jokatu behar dugun azaltzea. Baina saiatu gaitezen labur-labur. Hasteko, nola jokatu erreferente bat baino ez dagoenean?

a/ Erreferentea gero eman behar bada, lehen graduko erakusleak erabili behar dira (kataforak):

·         Honako hauek aipatu behar dira: zenbat ordaindu duzun, nori, eta zer bide erabilita.

·         Ingurune hauetan aurkitu daitezke: ibaietan, itsasertzetan eta hezeguneetan.

b/ Erreferentea aurretik eman bada, eta elementu sinplea izan beharrean testu zati bat bada, bigarren graduko erakusleak erabili behar dira (anafora testualak):

·         Berandu heldu zen; hori dela eta, galdu egin zuen hegaldia.

·         Esaten duzu anaiaren errua izan zela. Horretan behintzat, oker zabiltza.

c/ Erreferentea aurretik eman bada, eta elementu sinplea bada, bi aukera daude: hirugarren graduko erakusleak besterik gabe erabiltzea, edo izena + bigarren graduko erakusleak erabiltzea (anafora arruntak):

·         Amamak ez zekien ondo kantatzen, baina azkenean berak (hark) grabatu zuen diskoa.

·         Londresen ikasi zuen karrera, eta lagunarekin adostuta erabaki zuen bertan (han) bizitzen jartzea.

·         Lau urtera, lortu du Amaia Iratxetak dibortzioa; bera (hura) izan da lehena dibortziatzen Obaba guztian.

·         Lau urtera, lortu du Amaia Iratxetak dibortzioa; andre hori izan da lehena dibortziatzen Obaba osoan.

·         MURUMENDI: Beasaindarrek eta ordiziarrek estimu handitan dute Murumendi. Mendi eder hau Aralar eta Ernio artean dago airoso asko, bi mendizerra horiez gain Gipuzkoako zati oso zabala begien aurrean duela. Gipuzkoako erdialde horretan mendi garaiagoak badiren arren, irudi lerdenekoa da oso Murumendi.

 

 

2/ Baina eta, zer gertatzen da erreferenteak bi badira, eta aurretik eman badira?


a/ Gure aholkua da nolabait lehengo eskemari eustea: hau da, erdararen eraginari itzuri eginez, ez erabiltzea lehen graduko erakuslerik (hau eta beste) erreferentzia horiek egiteko.

·         Amak berandu oheratzen utzi zion Anartzi, eta musu bat eman zion (amak Anartzi).

·         Amak berandu oheratzen utzi zion Anartzi, eta hark musu bat eman zion (Anartzek amari).

·         Amak berandu oheratzen utzi zion Anartzi, eta honek musu bat eman zion hari.

Hau da: aurreko adibidean, bigarren esaldian erakuslea jartzeak (honek jarri zein hark jarri) adierazten du subjektua aldatu egiten dela, ez besterik, berdin dio non dauden kokatuta elementuak:

·         Amak berandu oheratzen utzi zion Anartzi, eta hark musu bat eman zion (Anartzek amari).

·         Anartzi berandu oheratzen utzi zion amak, eta hark musu bat eman zion (Anartzek amari).

b/ Batzuetan, komeni da erreferentea errepikatzea (edo erreferentea ordezkatzen duen beste hitz bat, hiperonimo bat); gure ustez, euskaraz inguruko erdaretan baino maizago erabiltzen dugu baliabide hori:

·         Koldok motxilatik liburua kendu zion Anderri, baina hau ez zen konturatu hark eginiko bihurrikeriaz.

·         Koldok motxilatik liburua kendu zion Anderri, baina bera (hura) ez zen konturatu Koldok eginiko bihurrikeriaz.

·         Koldok motxilatik liburua kendu zion Anderri, baina bera (hura) ez zen konturatu lagunak/ikaskideak eginiko bihurrikeriaz.

·         Estik berandu oheratzen utzi zion Anartzi, eta semeak musu batekin eskertu zion amari.