Galdera

 

Repostero eta confitero: nola eman euskaraz? Hiztegiek gozogile baino ez dute jasotzen, eta bereizi egin nahi ditugu.


Data: 2016/11/11



Erantzuna

 

      

Repostero: (Sukaldari) gozogile / pastelgile / pastizgile (Ipar.)

Confitero: konfitero / gozokigile

 

1/ Ikusi dezagun zein diren zuen bi termino horien esanahiak (ondo ulertu baditugu):

 

-Repostero: Pastak, gozokiak eta zenbait edari egiten dituena (bereziki, jantokietako sukaldean postreak edo azkenburukoak egiten dabilen sukaldari espezialista).

 

-Confitero: Konfiteak, pastelak eta bestelako gozokiak egin edo saltzen dituena (ez dauka zerikusirik jantokiko pertsonalarekin, beraz).

 

 

2/ Nola ematen dira bi kontzeptuok beste hizkuntza batzuetan?

 

 

Frantsesez

Ingelesez

Repostero

pâtissier (mask.) / pâtissière (fem.)

pastry chef

pastry cook

Confitero

confiseur (mask.) / confiseuse (fem.)

confectioner

 

 

3/ Kontsultan diozun bezala, euskal hiztegietan gozogile/gozogin baino ez da jasotzen bi kontzeptuetarako. Eta beharrezkoa duzue bereiztea. Nola jokatu, orduan?

 

a/ Repostero

Ingelesezko bidetik joko genuke. Sukaldari espezialista izanda, uste dugu nahikoa dela sukaldari berba gaineratzea zuen adieraren berri emateko: sukaldari gozogilea, esaterako. Gozogile ez baduzu erabili nahi, berriz, pastelgile edo pastizgile (Ipar Euskal Herriko hizkeretan erabiltzen da pastiza; beraz, tentuz erabili).

Dena dela, testuingurua jakinekoa denean, uste dugu ez dagoela arazorik gozogile erabiltzeko. Esaterako, jantoki bateko pertsonala zeinek osatzen duten zerrendatzean:


Gerentea edo kudeatzailea / Idazkaria / Erosketen arduraduna / Sukaldeburua / Sukaldariak / Jangelako burua / Zerbitzariak / Ardozaina edo sommelierra…


Sukaldariak ere bereizi egin daitezke jatetxe handietan:


-arrainen arduraduna, saltsagilea, haragien arduraduna, grill arduraduna…

-gozogilea (pastelgilea, pastizgilea): esnekiak, frutadun postreak, krema eta betegarriak, bizkotxoak, masa bigunak, masa galdarraztatuak, hostorezko masak, izozkiak, mousseak, tartak eta pastelak, bonboiak, souffleak, pastak, opilak, saltsak eta bestelakoak egiten dituena.


b/ Confitero


Bi aukera eskaini dizkizugu erantzun laburrean:


-Mailegu gordina: konfiteroa. Ez dugu arazorik onartzeko: erabili da tradizioan, eta hainbatetan aurkitu dugu euskal prosan.

·[Seguru inoiz kantatu duzula hau] “Saltzen, saltzen, / txakur txiki baten karameluak; / está muy bien, / esaten du konfiteruak”

·Izanaz ere, erleak sortzen baitzuen, argizaria, kandelak eta beste egiteko ezkoa, eta baita konpitteak egiteko eztia ere, eta horrexegatik argizarigileak eta konfiteroak gremio bereko. (Trapuan pupua, Patziku Perurena, Erein, 2001)

·[…] urte batean gozogilearekin egokitu eta joan den mendeko konfiteroen langintza azaldu zidan […] (Errautsen distira, X. Mendiguren Elizegi, Elkar, 2002)

·Goxoki eta fruitu azukretuak, Erregearen baimena duen konfiteroa. (Ulises, James Joyce (Xabier Olarra), Igela, 2015)

·Sabino Aranarekin batera izan zen kartzelan Andimaren aita, herriko konfiteroa. (Berria, 2006-01-28, «Konfiteroaren semea», Kirmen Uribe)

·Garai batean, hemen, herrietan, bazeuden konfiteroak, baina ez zegoen ohiturarik gozoak egiteko. (Berria, 2014-10-25, «Teila gozoa jaio zenekoa», Saioa Alkaiza Guallar)

 

-Hitz eratorria, esanahian oinarrituta eraikia: gozokigile. Asmatu egin dugu, eta kontsultatu eta gero konturatu gara inoiz erabili dutela zenbaitek:

·Hain zuzen, Daniel Quintana gozokigile gasteiztarrak emango du ikastaroa. (Goienkaria, 2007-10-26)

·Gozokigile xelebreak ageri ziren, atzoko egun handirako prestaturiko txokolatezko iturri, euritako, txanpon eta untxi erraldoiekin. (Berria, 2013-01-06, «Iritsi dira ilusio banatzaileak», Aintzina Monasterio - Ilargi Agirre)

·Gozokigile ona zen, baina bere dohainak oso aldi bakanetan erakusten zituen osoki […] (Mirarien kalezuloa, Nagib Mahfuz (Patxi Zubizarreta), Alberdania-Elkar, 2006)

·Bestea neskamea eta herriko gozokigilea da. (Berria, 2011-12-15, «Olentzero», Clara Wolfram)