Galdera

 

Comercialización de sierras de cinta para metales”: nola eman euskaraz?


Data: 2017/01/20



Erantzuna

 

Metalentzako zinta-zerrak merkaturatzea

 

1/ Comercialización: nola eman euskaraz?

Bi aukera dituzu: merkaturatze edo komertzializazio. Bi-biak jasotzen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak. Beraz, gustukoena erabili.

Dena dela, kontuz! Zein aukeratzen duzun, modu batean edo bestean josi behar dituzu elementuok:


·         metalentzako zinta-zerrak merkaturatzea

·         metalentzako zinta-zerren merkaturatzea (aurrekoa dugu nahiago)

·         metalentzako zinta-zerren komertzializazioa

 

2/ Sierra de cinta: nola eman euskaraz?


Euskaltermen aurkitu dugu nola euskaratu: zinta-zerra.


Dena dela, tentuz ibili behar dugu Euskaltermen, gure azken urteotako historia honetan proposatu diren aukera guzti-guztiak biltzen baititu, zaharkituta geratu direnak edo desegokiak direnak ere bai; Euskaltermen bertsio gaurkotuan, berriz, forma batzuek “termino normalizatua/gomendatua” etiketa dute, eta badirudi horiexek hobetsi beharko genituzkeela. Bada, sierra de cinta = zinta-zerra terminoak horrelako etiketa du, eta hori dela-eta proposatu dizugu beldur gabe. Bide batez esanda: Termino normalizatu hori, esaterako, Makina-erremintaren Hiztegia delakoan ageri da. 2012an argitaratu zen hitz zerrenda hori, eta bertan topatu ditzakezu zurea bezalako zalantza askorentzako erantzunak, edo hurbilekoak.

 

3/ Para metales: nola eman euskaraz?


Sierra para/de metales euskaratzeko, Euskaltermen arabera, burdin zerra (marratxorik gabe ezinbestean) eta metal-zerra (marratxoa, aukeran) aukerak ditugu.

Kontua da ez dela komeni euskaraz hiru hitzen elkarketak egitea, kasu gutxi batzuetan izan ezik. Hau da: ez da komeni burdin zinta(-)zerra edo metal(-)zinta(-)zerra eta haiek bezalakoak erabiltzea.

Hori dela eta deklinatu dugu metal hitza: metalentzako zinta-zerra.