Galdera

 

Batucada: nola eman euskaraz? Hiztegietan ez dugu aurkitzen!


Data: 2017/01/27



Erantzuna

 

Batucada

 

1/ Guztiz logikoa da ohiko hiztegiek ez jasotzea (oraindik) sarrera hori, aski berria baita gure artean: hiztegi terminologikoak ez direnek, definizioz, oso kontserbadoreak izan behar izaten dute.

Oharra: edozein modutan ere, Espainiako Errege Akademiarenak jasotzen du dagoeneko.



2/ Inguruko hizkuntza guztietan esaten da batucada, nahiz eta hizkuntza horietako batzuetan hitzaren fonetismoa guztiz arrotza den: portugesez noski, Brasilgo dantza herrikoia eta harekin doan perkusio musika izanik; gaztelaniaz, esan bezala, eta italieraz; baina baita frantsesez (ez da batoucade, edo espero genezakeen horrelako beste zerbait) eta ingelesez (auskalo nola ahoskatzen duten!) ere.

Beraz, logikoa da euskaraz ere jatorrizkoari eustea. Edozein modutan, bi aukera daude grafiaren aldetik: portugesezkoa gordetzea, edo euskararen moldera egokitzea.

 

3/ Hiztegietan ez, baina prentsan erraz topatu ditugu adibideak. Hona hemen haietako batzuk:


·         Batucada, Brasileko perkusioen ikasteko aukera ere izanen da, baita antzerkia, eta itsas bela, Ziburun. (Euskaldunon Egunkaria, 2001-05-18)

·         Baina arazorik ez: kontzertua amaitutakoan zortzi lagunak, neurri guztietako danborrak eskuetan, entzuleen artean kokatu ziren batucada eder bat antolatzeko. (Berria, 2004-06-05)

·         Perkusioa da lan honetako soinu bakarra –danborradaren erritmoarekin hasi eta batucada giroan amaitu arte– eta Paxcal Indoren txalaparta sormentsua ederki uztartu da beste erritmoen artean. (Berria, 2014-03-14)


Beraz, nolabait logikoa denez, jatorrizko grafiari eustea erabaki dute gure komunikabide nagusiek, eta horrelaxe jokatzea aholkatzen dizuegu guk. Aurkitu ditugun adibide guztietan letrakera arruntez doa batucada, eta ez etzanez, beste hizkuntzetako hitzekin jokatu behar den bezala (naturalizatu arte); beraz, ez dakigu horretan zer aholkatu: etzanez idatzi behar dela dio arauak, baina kontrakoa ohiko erabilerak (ez da oso kontu larria, dena dela).

 

4/ Proba egin dugu jatorri bereko eta eremu semantiko bereko beste hitz batekin: capoeira. Eta, noski, batucadaz esandako guztiak capoeirarako ere balio du: hizkuntza guztietan da capoeira, ohiko euskal hiztegiek ez dute jasotzen, baina erraz topatu litezke Berria, Argia, Goienkaria, Herria… agerkarietan haren adibideak, jatorrizko grafia gordeta betiere: capoeira.


 

Beraz, denbora kontua da: gutxi barru, gure hiztegi arruntek ere bi sarrerak jasoko dituzte, eta jatorrizko grafia lehenetsiko da euskara estandarrerako, Hiztegi Batuak dagoeneko jasotzen dituen sarrera hauetan bezala: camping, campus, cava, charter, collage, copyright, corpus, cowboy, croissant, cum laude, curriculum (vitae), versus, vodka, voyeur, walkie-talkie, walkman, western, whiski, windsurf, yanki, yuppie... (hauek ez dira letrakera etzanez idazten euskaraz, Hiztegi Batuak jasotzen dituelarik).