Galdera

 

Arnas aparatua ikasten ari garela, ikasleek ‘biriki’ erabiltzen dute ‘birika’ esan eta idatzi beharrean: egokia da?


Data: 2017/0 /



Erantzuna

 

Ez. Euskara estandarrean, ‘birika’ behar du.

 

1/ Hiztegietara jo besterik ez daukagu ikusteko ‘birika’ dela baturako erabaki den forma (gaztelaniazko pulmón, frantsesezko poumon, ingelesezko lung… adierazteko).

Honela definitzen du Euskaltzaindiaren hiztegiak:


birika 1 iz. Batez ere pl. Airea arnasten duten animalien eta gizakien arnaste organoa, gehienetan bi errai berdinez osatua. Eskuineko, ezkerreko birika. Ahotik birikak boteaz. Biriken indar guztiaz oihu egin. Biriketako mina.


Eta ‘biriki’ hitza, berriz, honela dago jasota:


biriki iz. Abereen birika, jateko zatikatua, batez ere animalien janaritzat erabiltzen dena.

 

birikak

(ahuntz) birikiak

(Nepaleko errezeta)

 

2/ Hala ere, hizkera batzuetan ‘biriki’ esaten da; beraz, ez da hain harrigarria zure ikasleek horrela erabiltzea.

Eta zure ikasleen hizkeran bakarrik ez: Berrian, Argian, zientzia libururen batean, literaturan… ere topatu liteke adibideren bat edo beste. Esaterako:


·         Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, bi eragin horiengatik sortzen da kaltea birikietan, eta, azkenean, heriotza. (Berria, 2006-09-27)

·         Erretzaileek birikietako minbizia izateko arrisku handiagoa duten moduan, nahiz eta beti garatu ez. (Argia, 2008-05-25, 2138. zbk.)

·         Horrek kanpoan dagoen atmosferakoa baino presio txikiagoa sortzen du, eta airea birikietan sartzea ahalbidetzen du, hau da, arnasa hartzea. (Nola esan albisteak ikus-entzuleari, Jose Larrañaga, UEU, 2005)


Dena dela, gure ustez, baztertu egin behar dira erabilera horiek euskara estandarrean.

 

3/ Bide batez esanda, Euskaltzaindiaren hiztegian ‘biri’ hitza ere aurkituko duzu aurreko bien esanahiarekin.


biri 1 iz. Batez ere pl. Birikak. Biriak ahotik boteaz. Birietako mina.

2 iz. Birikiak. Katuarentzat biria ekarri beharko da.

 

Eta hortik:

biri belar, biri-belar Belar landarea, hostoak luzeak, latzak eta berde zuriunedunak, eta loreak gorriak dituena (Pulmonaria officinalis). Biri-belarraren hostoak egosiz eztularen kontrako edabe bat egiten da.



Eta, gaztelaniaz gertatzen den bezala (echar el/los bofe(s)), eginahalean leher-leher eginda geratzea adierazteko, esapide hau dago: “biriak ahotik bota”.