Galdera |
---|
“Aforo máximo permitido”: nola eman euskaraz?
Data: 2017/02/03 |
Erantzuna |
---|
Baimendutako gehieneko edukiera
1/ Lege kontuekin zerikusia duen kontzeptua izanik, komeni zaigu denok erabiltzea modu batean. Hala, EHAA/BOPV (2016ko urtarrilaren 7a, osteguna) aldizkarian kontsultatu, eta erantzun txikian eman dizugun euskal ordain hori aurkitu dugu: En dicho letrero o placa se harán constar el nombre del establecimiento y, en los dos idiomas oficiales de la Comunidad Autónoma de Euskadi, como mínimo, las actividades o espectáculos incluidos en la licencia, autorización o comunicación previa, el horario, el aforo máximo autorizado y la prohibición de entrada a las personas menores de edad, en los supuestos que corresponda. Kartel edo plaka horretan, establezimenduaren izena eta, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bietan, gutxienez, honako hauek jasoko dira: zer jarduera edo ikuskizun sartzen diren lizentzia, baimen edo aldez aurreko jakinarazpenean; ordutegia, baimendutako gehieneko edukiera eta adingabeek, hala badagokio, zer egoeratan duten debekatuta sartzea. Adibide bat baino ez da: udal ordenantzetan, Eusko Jaurlaritzaren bilkura aktetan eta bestetan ere erraz topatu dezakezu euskal ordain hori (batzuetan, aldaketa txikiren batekin).
2/ Legeen arlotik kanpo, ez daukagu gure ustez terminoa zertan erabili: interesgarriagoa izan liteke komunikagarritasunaren mesedetan hizkera naturalagoa erabiltzea. Esaterako, Berria egunkariaren estilo liburuan salatu egiten da gehiegi erabiltzen dela edukiera hitza: edukiera. Batzuetan, aski da 'kabitu', 'lekua izan'... Auto horrek edukiera handia du*[e.] Auto horrek asko kabitzen du. // Bostehun laguneko edukiera du aretoak*[e.] Bostehun lagunentzako tokia du aretoak. Beraz, honen pareko zerbait esan genezake beste maila bateko hizkera batean: Legearen (Ordenantzaren/…) arabera, aretoak 800 lagunentzako tokia du gehienez |