Galdera

 

Burbuja inmobiliaria”: nola eman euskaraz?


Data: 2017/02/07



Erantzuna

 

Etxegintzaren burbuila

 

1/ Metafora moduko bat da burbuilarena, XVIII. mendearen hasieran ingelesez sortua, zenbait enpresaren stock puztuak nolabait irudikatzeko. Inguruko hizkuntza guztietan erabiltzen da: bubble (ing.), bulle (fr.), Blase (al.), bolla (it.)…


Euskaraz, ez dago arazorik: burbuila erabiltzen da horretarako.

 

2/ Inmobiliaria adjektibo erreferentziala, nola eman?


Elhuyar eta Zehazki hiztegien arabera, higiezinen … edo higiezin-… erabili beharko genuke. Eta bada aukera bat, euskarazko komunikabideetan askotan erabili dena: higiezinen burbuila.


Guk ez dugu asko maite higiezin hitza, nahiz eta gaurko bizimodurako termino ezinbestekotzat jotzen dugun (noski), eta nahiago genuke hizkera arruntetik hurbilagoko hitza erabiliko bazenu: horrexegatik proposatu dizugu erantzun laburrean etxegintzaren burbuila ordaina.


Beste hauek ere erabili ditzakezu, gure ustez:

·         Eraikuntza sektoreko / Etxegintza sektoreko / Etxebizitzen sektoreko burbuila

·         Etxebizitzaren / Etxegintzaren merkatuko burbuila

·         Eraikuntzaren / Etxebizitzen burbuila

·         Adreiluaren burbuila (gaztelaniaz ere baliatzen den sinekdokea)

·         Espekulazio burbuila (baina hainbat sektoretakoa izan daiteke: etxegintzaren burbuila espekulazio burbuilen mota bat da)

 

 

3/ Ingelesez, real estate bubble, property bubble eta housing bubble esaten da; eta frantsesez, bulle immobilière.