Galdera

 

Batzar eta bilera: zein erabili behar da? Baztertu behar da batzar hitza sexista delako?

 

Data: 2017/03/10



Erantzuna

 

Batzar eta bilera sinonimoak dira, neurri handi batean. Gure ustez, batzar hitzak ez dauka ñabardura sexistarik.

 

1/ Lehenik eta behin, aldatuko dizugu hona nola definitzen dituen Euskaltzaindiak bi berbak:


batzar iz. Bilera, bereziki erakunde jakin batek dagozkion arazoei buruz hitz egiteko eta erabakiak hartzeko aldian-aldian egiten duena; horrelako bilera bateko lagunen multzoa.

bilera 1 iz. Lagunarteko biltzea. Ik. bilkura.

2 iz. Zerbaitez aritzeko biltzen diren lagunen multzoa; horrela bilduen jarduna. Ik. batzar.


Beraz, gure ustez, bilera guztiak dira batzar, baina batzar (eta biltzar) zenbait erakunde izendatzeko ere espezializatu da: Arabako Buru Batzarra, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, enpresa bateko batzar orokorra… Hori dela-eta idatzi dizugu erantzun laburrean neurri batean direla sinonimoak.

 

2/ Kontua da “elkartu” adieran bi aditz ditugula: batu eta bildu. Eta, bat eta bil erroen gainean, eratorritako hainbat izen eraiki ditugula euskaraz:

·         batu --> batzar / batzaldi (S. Aranaren neologismoa) / batza / batzoki (S. Aranaren neologismoa) / batzorde (I. Lopez Mendizabalen neologismoa)

 

·         bildu --> bilaldi / bilduma / bilera / bilgia / biltoki / bilgune / bilkura / biltzar...


Batu oso zabalduta egon zen hizkera guztietan XVII. mendera arte; apurka-apurka, Hego Euskal Herriko hizkeretara mugatu zen, eta, gaur egun, bizkaieraz erabiltzen da batez ere.


Bildu, berriz, hizkera guztietan erabiltzen zen (eta da), salbu eta Bizkaian.

 

3/ Badu batzar hitzak konnotazio sexistarik?


Ez dakigu nork zabaldu duen sexista delako kontsigna, eta zertan oinarritu den horretarako.


a/ Baliteke etimologian oinarritu izana, pentsaturik batzar hitzaren barruan ar erroa dagoela.

Ez da hala: esan bezala, batu aditzaren gainean eraikita dago, eta, beraz, [bat + (t)zar] egitura du (biltzar = [bil + (t)zar] den bezala).

Etimologiarekin jolasten ibili diren beste batzuek, berriz, uste izan dute zahar dela bigarren atalekoa, batzarretan herriko zaharrak elkartzen zirelako. Guk, ordea, uste dugu ezen, bigarren elementua ar edo zahar balitz, hitz elkarketa hortik hasiko litzatekeela: [ar + bat…] edo [zahar + bat…].


b/ Baliteke Historian oinarritu izana kontsigna hori zabaltzeko.

Hala, J.M. Iribarrenen Vocabulario Navarrok honela jasotzen du batzarre: reunión de todos los vecinos varones de un pueblo o valle, que se juntan, a toque de campana, en el atrio de la iglesia o en la casa Ayuntamiento, para tratar de asuntos importantes para la comunidad [...]. (Baztán)";  eta J.Antonio Mogelek, bere Versiones Bascongadas de varias arengas… liburuan, dio: "Para la voz Senado tenemos en uso Batzaarrea, es decir Junta de Ancianos o varones de maduro juicio y autoridad pública".

 

Gure ustez, garai bateko instituzioetan gizonezkoak elkartzen zirela aipatze bera erredundantea da, instituzio horiek gizarte androzentrikoaren isla zirelarik. Gizonezkoek baino ez dute parte hartu parlamentuetan, senatuetan, magistraturetan… Hori dela eta erauzi behar ditugu/dituzte Parliament of England (1919an sartu zen lehen emakumea, Nancy Astor), Senato della Repubblica, Consejo Nacional de la Magistratura, Assemblée Nationale…?


Etimologiari begira, senatua latinetik dator, sen(ex) berbatik; hau da, zahar esanahia zuen berbatik. ERCko senatari Bernat Picornell, baina, 1989an jaiotakoa da! Aldatu behar diogu instituzioari izena?


Euskal Herriko Bilgune Feministari ere aldatu behar diogu izena? Bilgune/bildune/biluneren sarreran, Mariano Mendigatxa erronkariarraren azalpena jasotzen du Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiak:


 ·         Lugar de reunión. "Es el sitio donde se reúnen los hombres".