Galdera

 

Comedor autosuficiente/autogestionado (?)…”: nola eman euskaraz?

 

Data: 2017/06/20



Erantzuna

 

·         Comedor autosuficiente: jantoki/jangela beregaina

·         Comedor autogestionado (?): jantoki/jangela beregaina / autokudeatua / autoantolatua / hezigarria

 

 

1/ Formularioaren arabera, zure kontsulta zen nola eman litekeen euskaraz comedor autosuficiente. Iturrietan kontsultatu eta aukerak balantzan jarrita, erabaki genuen jantoki/jangela beregaina izan litekeela egokiena.

 

Telefonoz deitu, eta aipatu zenigun autosuficiente baino aukera hobeak egon zitezkeela erdaraz zure errealitatea islatzeko: ikasle gutxi dituzuenez, begirale gutxi aitortzen zaizkizue, eta ume batzuk trebatu-edo egiten dituzue jangela antolatzeko orduan ardura batzuk eurek hartzeko. Ez dakigu zein izan litekeen erdarazko adjektiborik egokiena errealitate horren berri emateko, eta hori dela-eta idatzi dugu goian autogestionado (?), galde ikur eta guzti.

Ñabardura hori kontuan hartuta, lau aukera eskaintzen dizkizugu, zuk zeuk aukeratzeko gustukoena: beregaina / autokudeatua / autoantolatua eta hezigarria.

 

·         Beregaina: neurri batean bere kontura eta inoren mende egon gabe antolatzen delako jangela.

·         Autokudeatua / autoantolatua: kudeaketaren edo antolaketaren zati bat behinik behin (diziplina, bizikidetza, ordena…) ikasleen euren esku geratzen delako.

·         Hezigarria: jangelaren berezitasunik nabarmenena zenbait ikasleri ardurak emanda jangelak balio hezigarri handia hartzen duelako.

 

 

2/ Edozein modutan, aurreko puntuan jantokiari edo jangelari deitura bat esleitu besterik ez dugu egin. Haietako edozein aukeratuta, etiketa bat jartzen ari gara, eta haren atzean zer dagoen dakienak baino ez luke ulertuko. Horregatik, gure ustez askoz ere garrantzitsuagoa da zuen dokumentuetan (Hezkuntza Planean, Bizikidetza Planean…) etiketaz gain jangelaren deskripzioa txertatzea.

Horrelakorik helaraziko bazenigu, oso gustura baloratuko genuke, eta, behar izanez gero, testua zuzendu.

Adibide muturreko bat emango dizuegu (geuk asmatu dugu neurri batean testua):

 

Obaba HLHIko jantokia beregaina da, neurri batean bere kontura eta inoren mende egon gabe antolatzen delako:

·         Langile guztiak (sukaldariak, begiraleak…) zuzenean kontratatzen ditugu, ez enpresa baten bidez. Kontratu guztiak aldizkako finkoak dira.

·         Jakina, berebiziko garrantzia ematen diogu umeek jaten dutenari, baina baita jasangarritasunari eta elikadura-subiranotasunari ere. Den-dena erosten dugu herriko harategian, arrandegian eta denda txikietan, eta, hala dela, herriko ekoizleei eurei zuzenean.

·         Ez ditugu bereizten jantokiko aldia eta ikasgelakoa: guretzat biak dira heziketarako une garrantzitsuak. Umeek eskola-denboraren &percent;38 ematen dute bazkalorduan eta haren inguruko jolas-orduetan, eta, beraz, Hezkuntza Proiektuaren barruan lantzen dugu. Are gehiago: eskola txikia garenez begirale oso gutxi izanik, zenbait ume trebatzen ditugu diziplina, bizikidetza eta oro har jangelako antolaera eurek kudeatzeko; horrek balio hezigarri handi-handia ematen dio jangelari.