Galdera

 

'Congreso Nacional de Eficiencia Energética': Nola eman euskaraz?


Data: 2017/06/30



Erantzuna

 

Efizientzia Energetikoaren gaineko Biltzar Nazionala / Efizientzia Energetikoari buruzko Kongresu Nazionala

 

1/ Nola esan eficiencia energética?


Behin hala, galdetu ziguten nola bereizi daitezkeen Ekonomiako arloko bi kontzeptu hauek: efikazia (eficacia) eta efizientzia (eficiencia). Gure proposamena izan zen eraginkortasuna edo efikazia erabiltzea lehenengorako, eta efizientzia bigarrenerako.

Ordutik hona, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak hitz berri ugari jaso ditu; haietako bat da efizientzia:


efizientzia iz. Efizientea denaren nolakotasuna.

efiziente 1 adj. Lan edo funtzio bat behar bezala betetzen duena. Idazkari efizientea.

2 adj. Kausa efizientea: bere ekintzarekin ondorio jakin bat sortzen duen kausa.

 

Beraz, ez dago inolako arazorik efizientzia erabiltzeko; izan ere, gure komunikabiderik garrantzitsuenetan aise aurkitu daiteke efizientzia energetikoa terminoa. Hona hemen zenbait adibide:


·         Bi bide eskaintzen zaizkigu arazoari aurre egiteko: efizientzia energetikoa hobetzea eta energia iturri fosilak ordezkatzea. (Berria, 2005-11-24, «Energia berriztagarriak irtenbide ote?»)

·         Nekazaritza ekologikoak aldaketa klimatikoa leuntzen laguntzen du, nekazaritza sistemen efizientzia energetikoa hobetuz, biodibertsitatea indartuz eta kutsagai pilaketa gutxituz. (Berria, 2011-10-01, «Ingurumena zaintzen duen nekazaritza eredua»)

·         Merkantzia garraiatzeko trena erabiltzeak 3-10 aldiz bitartean gehituko luke efizientzia energetikoa. (Argia, 2006-02-12, 2027. zbk. | «Petrolioaren aroa bukatzear: Gure bizimoduarenak egin du», Estitxu Eizagirre)

·         Petrolioaren eta gasaren aldean efizientzia energetiko hain txikia duten sistemak orokortu behar balira, zer gertatuko litzateke? Gai hau askoz haratago doa bi kotxeen alderaketa soiletik. (Argia, 2009-05-10, 2183. zbk. | «Auto elektrikoa ez da sortu denentzat izateko», Pello Zubiria)

·         Efizientzia energetikoari garrantzi handia ematen ikasi dugu eraikinak diseinatzeko orduan. (Goienkaria, 2013-04-12, 548. zbk., 548. or.)

·         ...

 

2/ Nola esan Congreso Nacional?

Gure ustez, aukera hauek dituzu: Kongresu/Batzar/Biltzar Nazionala.

Jo dezagun berriz Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura, ea nola definitzen dituen Kongresu/Batzar/Biltzar hitzak:


kongresu 1 iz. Zenbait estatu nagusitako ordezkariek nazioarteko arazoez jarduteko egiten duten biltzarra. 1815eko Vienako kongresua.

2 iz. Zenbait herrialdetan, herriak hautatutako ordezkariek osaturiko biltzar legegilea. Espainiako kongresuan ordezkaritza duten alderdiak.

3 iz. Biltzarra; bereziki, hainbat pertsonak beren ideiak edo ikerketak elkarri adierazteko aldian-aldian egiten dena. F. Dostoievski-ri buruzko nazioarteko kongresua antolatu dute Genevan. Iruñeko Baluarte kongresu jauregian.

 

(Ikusi dezakezunez, biltzar eta kongresu sinonimotzat jotzen du adiera horretan)


batzar iz. Bilera, bereziki erakunde jakin batek dagozkion arazoei buruz hitz egiteko eta erabakiak hartzeko aldian-aldian egiten duena; horrelako bilera bateko lagunen multzoa. Ik. buru-batzar. XVIII. mendearen hasiera arte hemen bildu zen Gipuzkoako batzar berezia. Batzarra egin. Apaiz nagusiek batzarra bildu zuten. Batzarrean bildu ziren. Batzar aretoa. Batzar agirian bileran gertatutakoa eta hitz egindako guztia gorde zen. Unibertsitate batzarra.


Beraz, hiru aukera dituzu. Horietatik zein aukeratzen den lehendabizi euskaratzeko, behin komunikabideetan zabalduta, finkatuta geratzen da, normalean, betiko.