Galdera


'Cultivo y siembra de microorganismos en placas de Petri': nola eman euskaraz?

 

Data: 2017/06/30



Erantzuna

 

Mikroorganismoak Petri plaketan kultibatzea eta ereitea / Mikroorganismoen kultiboa eta ereintza/ereitea Petri plaketan

 

1/ Nola eman euskaraz cultivo (de microorganismos)? Eta siembra?

Gure ustez, aukerarik egokiena da kultibo nazioarteko hitz kultua erabiltzea horretarako. Ez dago inolako arazorik, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak jasotzen baitu, adiera zehatz horrekin hain zuzen ere:


kultibo iz. Mikrob. Mikroorganismoak edo zelula biziak, helburu zientifiko jakin batekin, ingurune egokian haztea. Bakterio kultiboak.


Kultura ere erabili dezakezu, Elhuyar ZT Hiztegiak dioen legez:


1. Mikrob.

sin. kultura, mikroorganismo-kultura, kultibo


Ingurune kontrolatuan eta berariaz prestatutako hazkuntza-prestakin solido edo likidoan hazitako mikroorganismoen (batik bat bakterio edo onddoak), ehunetako zelulen eta gainerako organismo bizien populazioa. Ikerketa zientifikoan eta medikuntza-aplikazioetan erabiltzen da.


·         Ingelesez: culture

·         Espainieraz: cultivo

·         Frantsesez: culture

 

Mikroorganismoak ingurune egokian hazteko, aldez aurretik erein egin behar dira. Interneten kontsultatu, eta ikusi dugu ez dela asko erabiltzen kontzeptu hori bestearen aldean; izan ere, aurkitu dugu adibideren bat edo beste gaztelaniaz letrakera etzanez idatzita, metafora modura erabiltzen den seinale. Ingelesez ere to sow (erein) aditza ikusi dugu tarteka mikroorganismoekin lotuta, baina ez oso maiz, esan bezala. Edozein modutan, gaztelaniaz eta ingelesez metafora hori baliatzen badute, ez dago inolako arazorik euskaraz ere baliatzeko.

 

2/ Nola eman placa de Petri?


Bi aukera ditugu horretarako, Elhuyar ZT Hiztegiak dioen legez:


Petri kutxa eta Petri plaka

(letrakera larriz idatzi behar duzu Petri, Julius Richard Petri bakteriologo alemanaren omenez jarri baitzioten izen hori)


1. Mikrob.

Plastikozkoa edo kristalezkoa izan daitekeen ontzi biribila, sakonera gutxikoa eta estalkiduna, mikroorganismoen edo ehunen kulturak hazteko erabiltzen dena.

·         Ingelesez: Petri dish

·         Espainieraz: placa de Petri, caja de Petri

·         Frantsesez: boîte de Petri, plaque de Petri

 

3/ Erantzun laburrean, bi forma eskaini dizkizugu, lehena aditzekin, eta izenekin bigarrena.


“Mikroorganismoen kultiboa eta ereintza/ereitea Petri plaketan”, izatekotan, izenburuetarako da egokia; azalpenak ematean, berriz, askoz egokiagoa da “Mikroorganismoak Petri plaketan kultibatzea eta ereitea forma, bide ematen baitu esaldiak natural-natural osatzeko:


·         Zer pauso eman behar dira Petri plaketan mikroorganismoak erein eta kultibatzeko?

·         Petri kutxak oso egokiak dira mikroorganismoak modu kontrolatuan hazteko, eta agarra eduki behar dute bakterioak erein eta kultibatzeko.

·         Petri plaketan mikroorganismoak erein eta kultibatu aurretik, esterilizatu egin behar ditugu.

·