Galdera

 

'Biolentzia': erabili daiteke 'indarkeria' hitzaren ordez?

 

Data: 2017/07/11



Erantzuna

 

Bai, inolako arazorik gabe!

 

1/ Formularioan diozun bezala, biolentzia sarrera lexikal modura ageri da Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan:


biolentzia iz. Indarkeria.


Beraz, Euskaltzaindiaren “bedeinkapena” duelarik, indarkeria hitzaren sinonimo modura erabili dezakezue. Eta beste batzuk ere bai, Hiztegi Batuan indarkeria nola definitzen den kontsultatuta konturatuko zarenez:


indarkeria iz. Norbait menderatzeko indar zakar eta basa; zerbait indarrez lortu nahi duenaren gehiegikeria, indarraren erabilera gaitzesgarria. Ik. bortxa; bortizkeria; gogorkeria 2.

 

 

2/ Euskaltzaindiak biolentzia mailegua onartzea beste erremediorik ez zeukan:

Esaterako, Joan Tartas XVII. mendeko zuberotar idazleak bere Ontsa hiltzeko bidia liburu klasikoan erabili zuen: Hantik ardiatsi du suge hark bere izena, vipera, quasi vi, pariens, bipera dela biolentziaz eta bortxaz sortzen diana.

Baina eta gaur egungo idazleek, baita euskara hutsezko gure komunikabide puntakoetan ere, aise erabiltzen dute. Hona hemen zenbait adibide:


·         Izan ere, pelikulako protagonisten antzera jantzita Londresko hainbat nerabek biolentzia erabiltzen zutela –hilketa bat tarteko– salatu zuen prentsak garai hartan. (Argia, 2009-03-29, 2178. zbk.)

·         Biolentzia matxistaren erro antropologikoa agertu du filosofo feministak . (Berria, 2005-10-20)

·         Bakearen Aldeko Koordinakundeak (BAK) bilkura isila egingo du gaur Sopelan, «jazarpen biolentzia» salatzeko. (Egunkaria, 2002-05-25)

·         Biolentzia sinbolikoa eta gatazka ebazpena (Jakin, 119 zbk., 2000 - uztaila-abuztua)

·         Irizpide seguruetako bigarren aterpea "biolentzia beti gaiztoa dela" zen. (Joxe Azurmendi: Euskal Herria krisian, Elkar, 1999)

·         Egiazko biolentzia askatzaileak ezin duela zernahi eta edonolako izan ikasia baitugu betidaniko bidean. (Hasier Etxeberria: Patri maitea, Alberdania, 2003)

·         Fedea biolentzia da, edozein fede klase: erlijiosoa, politikoa, ekonomikoa, artistikoa, kirolekikoa... (Patziku Perurena: Trapuan pupua, Erein, 2001)

·         Ez diot sekula inori arroparik berari bezala tarratatu, ez dizkit inoiz botoiak inork halako biolentzia samurrez kendu. (Harkaitz Cano: Neguko zirkua, Susa, 2005)