Galdera

 

Bebida autocalentable: nola eman euskaraz?

 

Data: 2017/10/10



Erantzuna

 

Edari berez berotzekoa

 

1/ Gure ohiko iturrietara jo, eta ez dugu inon aurkitu autocalentable horren euskal ordainik.

Interneten, baina, autoberotutako edariak formaren hainbat adibide aurkitu ditugu, denak web-orri berean.

 

2/ Guri ez zaigu egokia iruditzen autoberotutako hori: gure senaren arabera, autoberotutako edariak entzun/irakurri, eta (dagoeneko) autoberotu diren edariak direla interpretatzen dugu, baina ez autoberotzen diren edo berez berotzen diren edariak; hau da, zopa edo kafe hauek erosten ditugunean, likidoa ez dago aurrez autoberotuta: zabaldu eta handik gutxira berotzen da.


Ing.: self-heating (drink, can…)

Fr.: (biberon, chocolat…) auto-chauffant

 

3/ Batek baino gehiagok pentsatu lezake autoberogarri adjektiboa izan litekeela irtenbide egokia, askok automatikoki egiten baitute identifikazio hau:


 

gazt. -ble = eusk. -garri


 

Baina, kasu honetan, desegokia da:


 

berogarri = berotzen duen zerbait

berogarri ≠ berotzen den zerbait / berotu daitekeen zerbait


 

4/ Baina irtenbide bat proposatu behar, ahalik eta laburrena, eta edari berez berotzekoa etorri zaigu burura. Ez gaitu asebetetzen, baina hoberik aurkitu ezinean gabiltza. Hurrengo batean, hipermerkatura goazenean, adi-adi egongo gara ea euskaraz ere jarri duten...