Galdera

 

Acoso escolar / acosador / acosado: nola eman euskaraz?

 

Data: 2017/10/24



Erantzuna

·         Acoso escolar: eskola-jazarpena edo eskolako jazarpena

·         Acosador: erasotzaile / jazarle

·         Acosado: (jazarpenaren) biktima

 

1/ Nola eman acoso escolar?

Gaur egun, nahiko normalizatuta dago euskaraz termino horren ordaina, bai eta beste antzeko batzuk ere:

·         acoso escolar: eskola-jazarpena edo eskolako jazarpena

·         acoso laboral: laneko jazarpena

Dakizunez, ingelesezko berbak ere erabiltzen dira horretarako: bullying eta mobbing, hurrenez hurren.

Dena dela, eskola barruko dokumentu batean, eskolaz ari zaretela, ez duzu zertan zehazturik eskola(ko) hori, ez dago esan beharrik. Jazarpen esanda nahikoa izaten da; edo, hobeto azaldu nahirik, itzulinguru hau ere erabili dezakezu: ikaskideen jazarpena.

 

2/ Nola eman acosador?

Elhuyar hiztegian aurkitu duguna aldatuko dizugu hona:


erasotzaile; jazarle

habla del acoso escolar y lo hace por medio de las voces de los acosadores: eskolako jazarpenaz dihardu eta jazarleen ahotsen bidez egiten du

 

3/ Nola eman acosado?

Aukera izan dugu (ikasle) jazarria proposatzeko, baina iruditzen zaigu gaizki ulertu daitekeela partizipio hori.

Hori dela eta, proposatu dizugu komunikabideetan erruz erabiltzen den berba: biktima.

 

4/ Beraz, hiru kontzeptuak batuta, honelako testua osatu dezakegu (ez da guk asmatutakoa; Argia aldizkarian aurkitu dugun elkarrizketa batetik aterata dago):


«2009an hasi ziren Finlandian KiVa metodoa erabiltzen, bullying edo eskola-jazarpenari aurre egiteko. Erasotzaileen kopurua erdira eta biktimena heren bat jaistea lortu dute, eta herrialdeko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen &percent;90etan ezarri da. Metodoaren arrakasta ikusita, hamar bat herrialdetara hedatu dute eta gurean ere, KiVa aztertzeko lan jarduna antolatu du Ikastolen Elkarteak. Besteak beste, programaren nazioarteko koordinatzaile Johanna Alanen izan dute gonbidatu.»

 

5/Amaitzeko, gogoratu ezazu Hezkuntza Sailak Eskola jazarpen kasuetan ikastetxeetan jarduteko gida argitaratu zuela 2011ko azaroan. Horrelako testu gehienekin bezala, kritikoak izaten gara euskararen aldetik; baina bada baliozko erreferentzia.