Galdera

 

“Abortos espontáneos recurrentes”: nola eman euskaraz?

 

Data: 2017/11/21



Erantzuna

 

Berezko abortu errepikatuak

 

 

1/ Horrelako terminoak nola euskaratu galdetzen digutenean, Euskalterm terminologia bankura jotzen dugu.


Medikuntza arloan, aurkitu dugu nola proposatu zuten euskaratzea aborto espontáneo (berezko abortua), baina ez abortos recurrentes. Hala ere, jasotzen ditu hainbat termino recurrentedunak; besteak beste, cólico hepático recurrente, erosión recurrente de la córnea, fiebre recurrente, parálisis laríngea recurrente, urticaria periódica recurrente: gehienetan errepikatu proposatzen da euskarazko ordain gisa, eta kasu bakan batzuetan itzulkor eta atzerakari.

 


Zoritxarrez, Medikuntzako alorreko termino horiek ez dute  etiketa (termino normalizatua eta gomendatua delako seinale), eta beste nonbait bilatu behar izan dugu nolabaiteko bermea.

 

2/ Nora jo?


a/ Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren web orrian aurkitu dugun Hiztegiak izan dezake berme askoa. Interesgarria gertatu dakikezulakoan, esteka jarri, eta hona ekarri dizkizugu abortuarekin zerikusia duten terminoak:

aborto

abortu

aborto espontáneo

berezko abortu

aborto espontáneo recurrente

berezko abortu errepikatu

aborto espontáneo tardío

berezko abortu berantiar

aborto habitual

ohiko abortu

aborto inducido

eragindako abortu

aborto provocado; aborto artificial

abortu artifizial; eragindako abortu

aborto secundario

abortu sekundario

aborto séptico

abortu septiko

aborto terapéutico

abortu terapeutiko

 

b/ Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateak badu Osasunari lotutako glosario bat PDF formatuan Interneten jarrita. Bertan kontsultatuta, aurkituko dituzu berezko abortu batetik eta abortu errepikatuak bestetik.


c/ Beste hainbat iturritan ere aurkitu ditugu termino horiek halaxe emanda: Osakidetzaren webean, Hidrokarburo aromatikoak: langileen osasunean dituzten eraginak doktorego tesian, IVF (Instituto Vasco de Fertilidad) elkartearen web orrian, www.justizia.eus delakoan…


d/ Elhuyar elkarteak zeresan handia du Zientzia eta Teknika alorretako terminologia finkatzean, eta horregatik aldatuko ditugu hona euren artikulu baten zatitxoa eta Hiztegi Entziklopedikoaren ataltxo bat, aurreko guztien erakusgarri:


Beste aurrerapauso bat laguntza bidezko ugalketan

[…] Horiez gainera, Ezarpenaren Aurreko Diagnostiko Genetikoak (DGP) gero eta aplikazio gehiago ditu eta gaur egun abortu errepikatuak (3tik aurrera) dituzten bikoteei, Laguntza Bidezko Ugalketa Teknikekin behin eta berriz huts egiten dutenei eta Laguntza Bidezko Ugalketa-tratamenduak dituzten eta adinean sartuxeak diren emakumeei aplikatzen zaie, emakume horiek genetikoki normalak diren enbrioi gutxiago baitituzte.


“Gaixotasun genetikoak”

 Gametoak sortzeko meiosian zehar, kromosoma osoen (edo zatien) irabazte edo galtzeak gerta daitezke, eta, beraz, zenbait generen kopia gehiegi edo gutxiegi dituzten haurrak sortu. Kasu askotan, mota horretako akatsak oso larriak dira (bizitzarekin bateraezinak) eta berezko abortuak eragiten dituzte. Ager daitezkeen gaixotasunen artean, Down sindromea (21. kromosomaren hiru kopia edo trisomia), Turner sindromea (X kromosoma bakarra duen emakumezkoa), Klinefelter sindromea (bi X kromosoma duen gizonezkoa) edo katu-miauaren sindromea (5. kromosomaren beso laburraren delezioa) ditugu, adibidez.