Galdera

 

'Cuadro de mando' eta 'Panel de indicadores': nola eman euskaraz?

 

Data: 2017/12/14



Erantzuna

 

·         Cuadro de mando: aginte-taula / aginte-koadro

·         Panel de indicadores: adierazleen panel / adierazleak

 

 

1/ Nola eman control de mando?

 

Enpresak edo gizataldeak kudeatzean erabiltzen den kontzeptua da control de mando hori, eta, beste hizkuntzetan bezala, metafora batetik dator. Ibilgailuetan, gidariaren  aurrealdean, zenbait aginte eta neurgailu pilatzen dira: horiexek osatzen dute control de mando delakoa (gazt.: salpicadero; ing.: dashboard/scorecard; fr.: tableau de bord…).

 

Euskaraz, Euskaltermen arabera, aginte-panel esaten zaio horri (guk hori hobetsiko genuke Teknologia arloan, http://www.euskara.euskadi.eus/appcont/euskalterm/images/logoEUMe.jpg termino normalizatua/gomendatua etiketa duelarik.

 

Baina maiz gertatzen den bezala, hainbat ordain egoten dira lehian euskaraz arlo bakoitzean haietako bat nagusitu arte. Kasu honetan, lau forma daude aukeran:

aginte-taula

aginte-panel

aginte-koadro

aginte-mahai

 

Denak dira noski antzeko metaforak, eta denak izan litezke printzipioz baliagarriak. Haietako zein aukeratu, orduan? Gure ustez, arlo bakoitzean zein forma nagusitzen ari den, horixe aukeratzea da erabakirik zentzuzkoena horrelakoetan.

 

Enpresaren arloan, lau horietatik bi dira nagusi: aginte-taula eta aginte-koadro.

 

Ezin dugu argi bataren edo bestearen alde egin; izan ere, Interneten kata bat egin, eta ikusi dugu erakunde berberek (EHUk, Eusko Jaurlaritzak, Mondragon Coorporation-ek…) biak erabiltzen dituztela (seguruenik, zein itzultzaileri ematen dizkioten dokumentuak…).

 

Dena dela, iruditzen zaigu joera apur bat handiagoa dagoela aginte-koadroren alde (baliteke horren arrazoia gaztelaniaz cuadro esaten dela izatea, baina… zer egingo diogu!); beraz, horixe erabiltzea proposatzen dizugu.

 

 

2/ Nola eman panel de indicadores?

Aurreko kasuan bezala, Teknologiatik hartutako metafora bat da, enpresen edo bestelako gizataldeen kudeaketan-edo erabiltzeko.

 

Interneten ikertu, eta aginte-koadro kontzeptuarekin (edo aginte-taularekin), gehienetan, adierazleak forma baino ez dugu aurkitu, eta badirudi horrekin nahikoa dela adierazleen zerrenda edo sorta izendatzeko.

 

Baina konturatu gara asko erabiltzen dela adierazleen panela ere (zuk zeuk egin dezakezu esperimentua Interneten, batez ere ikusteko zer testuingurutan erabiltzen duten):

Berrikuntza Adierazleen Panela, gazteen adierazleen panela, eskualdeko adierazleen panela, sistemako adierazleen panela…

 

Beraz, adierazleak soilari gutxitxo dela baderitzozu, adierazleen panela erabiltzea proposatzen dizugu.