Galdera

 

Batez beste ala bataz beste?


Data: 2017/12/19



Erantzuna

 

Batez beste

 

 

1/ Euskara estandarrean, batez beste(ko) erabili behar dugu. Lexia modura ageri da Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan ere:


batez beste adb. Erdiko kopurua harturik, batezbestekoa eginez. Batez beste urtean hamabost liburu irakurtzen ditut. Batez beste astean zenbat aldiz egin duen huts. Zaharragoak dira, batez beste, gurasoak irakasleak baino.

batez besteko adj. Batezbestekoa eginez kalkulatzen dena. Ik. batezbesteko. Euskal Herriko biztanleen batez besteko diru sarrerak. Batez besteko kopurua.


Jagonet Euskaltzaindiaren kontsulta zerbitzura ere heldu zen zalantza bera, eta Hiztegi Batua araua dela izan zen erantzuna; beraz, batez beste(ko) erabiltzea da araua.

 

 

2/ Horrekin lotuta, termino bat dago Estatistika arloan (gazt.: media; fr.: moyen; ing.: mean): batezbesteko (dena batera idatzita).


batezbesteko iz. Batezbesteko aritmetikoa. Ik. batez besteko. Gaur egun, giltzurrun-emaileen adinaren batezbestekoa 56 urtekoa da.

batezbesteko aritmetiko Mat. Zenbakizko hainbat daturen batura datu kopuruaren artean zatitzearen emaitza. 2005-2006 ikasturteko etekin akademikoaren batezbesteko aritmetikoa 5,65ekoa izan zen.

batezbesteko geometriko Mat. Zenbakizko n daturen biderketaren n-garren erroa. Batezbesteko geometrikoa hazkunde tasak kalkulatzeko erabili ohi da.

 

Esaterako, Hezkuntzan maiz erabiltzen dugun kontzeptua da: Zein da ikastalde bateko Matematika arloko batezbesteko nota? Zein ebaluazio nota jarri behar diogu ikasle bati, ebaluazio azterketaz gain bi kontrol egin baditu eta ebaluazio azterketak kontrol batek halako bi balio badu (batezbesteko haztatua edo ponderatua)?