Galdera

 

Andamiaje (Pedagogian): nola eman euskaraz?


Data: 2018/01/22



Erantzuna

 

Aldamioak

 

1/ Kontsultan diozun moduan, asko erabiltzen da gaur egun andamiaje hitza gaztelaniaz Hezkuntza arloan (scaffolding, ingelesez: «In education, scaffolding refers to a variety of instructional techniques used to move students progressively toward stronger understanding and, ultimately, greater independence in the learning process.»).

Metafora hori euskarara ere ekarri dute, eta, gure ustez, aldamioak (plurala, eta multzokaria) erabiltzen dute pedagogoek horren berri emateko.

 

2/ Hona adibide batzuk:

a.       […]bi kontzeptu nagusi aipatu behar dira, subjektuek kultura jakin bateko praktikak nola bereganatzen dituzten ulertzeko: parte-hartze gidatua eta aldamioak. (Fernando Olabarrieta, Haur euskaldunaren nortasun kulturala (doktorego tesia), EHU)


b.      Laguntzak aldamioak bezalakoak lirateke; haurra aldamioetara igoz, bere kabuz baino urrunago heltzeko gai izango da eta bera bakarrik baino urrutirago ailegatuko da. (Vigotski, Hik Hasi monografikoa)


c.       Metodologia aktiboak eta partaidetzazkoak, bai elkarreragina sustatzeko estrategiak eta bai "ikasten ikasteko" estrategia pertsonalak (ikasketa-teknikak): proiektu bidezko ikaskuntza (diziplina anitzekoak...), Bikoteka irakurtzen eta idazten, solasaldiak, maleta ibiltaria, pentsamendu-errutinak eta -gaitasunak, aldamioak, ereduak eta abar. (Hizkuntza komunikaziorako gaitasuna, Hezkuntza Saila)


d.      Azken ekoizpena gauzatu baino lehen, ikasleek produkzio txikiagoak sortu behar dituzte, jakina. Irakaslearen zeregina da, ikasleei input edo eredu aberatsak eta askotarikoak aurkeztea eta aldi berean, apurka-apurka ekoizpena ahalbidetzeko, atzerriko hizkuntza eraikitzen laguntzen duten scaffolds edo aldamioak eskaintzea. (Atzerriko Hizkuntza. Orientabide didaktikoak)