Galdera

 

Nola idatzi 'branding' euskaraz, kontuan hartuta marketin idazten dela?

 

Data: 2018/03/09



Erantzuna

 

branding


1/ Kontsultan ondo diozun bezala, marketin idazten da euskara estandarrean, eta logikoa da beraz hortik zalantza izatea.


Euskaltzaindiaren Hiztegia kontsultatu dugu, eta konturatu gara hiru modutan jokatu duela orain arte Euskaltzaindiak beste hizkuntza batzuetatik datozen ‘-ng’ amaieradun hitzak onartzeko orduan:


a) Mailegua guztiz beretzea: Dopin / Marketin / Mitin / Rotrin

b) Maileguaren jatorrizko forma eta forma naturalizatua, biak onartzea: Budin eta Puding / Esmokin eta Smoking / Kanpin eta camping

c) Maileguaren jatorrizko forma bere horretan uztea: Holding / Parking / Ranking / Ring (baita Big Bang / Gong / Ping-pong ere)

 

2/ Euskaltzaindiaren Hiztegiak jasotzen ez dituen formekin, nola jokatu?


Gure ustez, maileguaren jatorrizko forma errespetatu behar da kasu horietan. Are gehiago, guk geuk letrakera etzana erabiliko genuke mailegu gordinak direla adierazteko, eta kasu markak eta beste letrakera normalez adieraztea, marratxorik gabe:


Eskerrak leasingari; bestela, ez nuen erosiko auto berria.

 

Ulertzen dugu, baina, oso nekagarria eta astuna gertatu dakikezuela brandingaren gaineko testu luze batean letrakera etzana etengabe erabili behar izatea. Hala iruditzen bazaizu, honela idaztea izan liteke irtenbide onena: branding-aren.

 

3/ Eta nola ahoskatu behar da?


Gure ustez, [g] hori ez da ahoskatu behar: beraz, euskaldun gehienoi berez ateratze zaigun bezala, ahoskatu ezazu [brandiñaren]/ [brandinaren].