Galdera

 

“Partidu baten emaitza 0-0 izan denean, zuzena da baterezna esatea?  

 

Data: 2018/02/26



Erantzuna

 

Ez.

 

1/ Kontsultan diozun bezala, bizkaieraz bapez (= bat be ez) erabiltzen da adierazteko talde batek ez duela golik sartu. Hala,


2-0: “Bi eta bapez egin dabe Athleticek eta Lekeitiok”

 

Zenbait hizkeratan, gainera, bapezna banatzailea baliatzen dute emaitza 0-0 dela adierazteko:

 

0-0: “Bapezna doaz Athletic eta Lekeitio”

 

Kontua da Euskaltzaindiak arautu duela ‘-na’ banatzaileen atzizkia (Ipar Euskal Herriko tradizioan, ‘-ra’ da atzizkia zenbakia bokalez amaitzen denean) zenbakiei lotzen zaiela, eta ez beste elementuri: bana, bina, hiruna, launa, bosna… Hizkera gutxi batzuetan baino ez zaie eransten atzizkia bestelako kategorietako hitzei (bizkaieraz, esaterako): hiru eurona (→ hiruna euro), lau txikitona (→ launa txikito)…, eta bapezna (bat + be + ez + na).

 

Beraz, ez da zuzena zure baterezna hori; esan bezala, ‘-na’ atzizkia zenbakiei baino ez zaie eransten, eta, gainera –guk dakigula behinik behin–, ez da inon esaten!

 

2/ Nola adierazten da orduan euskara estandarrean 0-0 emaitza? Gure ustez, bi aukera dituzu: hutsean eta huts eta huts.

 

Hutsean 40. minutuan dago partida.

Huts eta huts egin zuten Osasunak eta Huescak.

 

3/ Oharrak

 

a. Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordeak gaitzetsi egiten du husna forma, inongo tradiziorik ez duelarik.

b. Kiroletan-eta erabiltzen da huts hitza 0 zenbakia adierazteko; Zientzian eta Teknikan, berriz, zero esaten zaio zenbakiari.