Galdera

 

'Beharbada' eta 'agian': zer alde dago bien artean? 

 

Data: 2018/03/29  



Erantzuna

 

Sinonimotzat jo ditzakegu.

 

1/ Ikusi dezagun nola definitzen diren bi hitzak Euskaltzaindiaren Hiztegian:

 

beharbada adb. Zerbait gerta daitekeelako ustea adierazteko erabiltzen den hitza. Ik. agian; apika; akaso. Beharbada etorriko da. Batzuk, eta beharbada gehienak. Eltze betea zeukaten bertako sukaldean, baina beste baserrietan ere zerbait jango zen, eta, beharbada, eltze gozoagoa. Badakit ez naizela aproposena, beharbada eta beharbadarik gabe, parte hartu dudan auzia epaile bezala epaitzeko.

 

agian 1 adb. Beharbada, apika. Agian ongi hartuko nauzulako ustean. Agian hilko da, baina agian ez. Hiruretan Lizardik du agian idazle bezala entzuterik handiena.

 

2 interj. (Geroaldian doazen aditzekin). Ipar. Zerbait gertatzeko desira adierazteko erabiltzen den hitza. Ik. ahal2; baldinba; baldinbaitere; oxala. Agian luzaz biziko dira elkarrekin. Gure hizkuntza ez da galduko agian! Agian hilen haiz!: hilko ahal haiz! Agian ez! Menturaz bihar?, agian!

 

Beraz, lehen adieran behintzat, guztiz sinonimotzat jotzen ditu Euskaltzaindiak beharbada eta agian. Beste kontu bat da nongo hizkeretakoak diren: badirudi oso orokorra dela beharbada hitza, eta nahikoa zabala agianen erabilera; euskara batuaren zabalkundearekin, berriz, euskara guztietara hedatu da.

 

Ikusten duzunez, Ipar Euskal Herriko hizkeretan badu beste adiera bat agian hitzak, beharbadak ez duenak: oxala adierazteko ere balio du (gure hizkeretan arrotza da erabilera hori).

 

2/ Badaude beste berba batzuk noski adiera berarekin:


• ameneko (bizkaieraz)

• igual (lagunartekoa)

• akaso

• apika (gipuzkeraz)

• ausaz

• menturaz

• heldubada (zubereraz)