Galdera

 

'Caja registradora': nola eman euskaraz? 

 

Data: 2018/04/17  



Erantzuna

 

Kutxa erregistratzaile

 

1/ Horrelako zalantza bat dugun bakoitzean, Elhuyar eta Zehazki hiztegietara jotzen dugu hitz arruntak direnean, eta Euskalterm terminologia bankura hitz teknikoak direnean. Badaezpada, hiruretan kontsultatu dugu (Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna barran dituzu, beste hiztegi askorekin batera, bi hiztegiok eta Euskalterm bera):

 

• Elhuyar: kutxa erregistratzaile

• Zehazki: kutxa irarle

 

Ikusten duzunez, euskaraz sarritan ibili behar izaten dugu itsu-itsuka –hasieran, behinik behin– euskal ordain egokiak zein izan litezkeen asmatzeko, eta hala gertatzen dira gertatzen direnak: ordain posible bat baino gehiago azaltzen dira. Horren frogagarri, gure hiztegietako bi forma desberdin horiek.

 

• Euskalterm: kutxa erregistratzaile

 

Tentuz ibili behar dugu Euskaltermekin, gure azken urteotako historia honetan proposatu diren aukera guzti-guztiak biltzen baititu, zaharkituta geratu direnak edo desegokiak direnak ere bai; forma batzuek, baina, “termino normalizatua/gomendatua” etiketa dute (), eta badirudi horiexek hobetsi beharko genituzkeela.

 

Bada, caja registradora = kutxa erregistratzaile terminoak horrelako etiketa du, eta, beraz, lasai asko erabili dezakezu hemendik aurrera. Bide batez esanda: Termino normalizatu hori, esaterako, Turismo Hiztegia delakoan ageri da. 2009an argitaratu zen hiztegia, eta bertan topatu ditzakezu zurea bezalako zalantza askorentzako erantzunak, edo hurbilekoak.

 

2/ Nola esaten da ingelesez eta frantsesez? Informazio hori ere Euskaltermek ematen digu:

 

• Frantsesez: caisse enregistreuse

• Ingelesez: cash register

 

3/ Amaitzeko, bi ohar.

 

a/ Denda batean lanean ari zarela, testuingurua argia bada, nahikoa izango dute bertako langileek “kutxa” esatearekin:

 

“Jon, ikusi dut tabernako ateko kristala apurtuta dagoela eta lapurreta izan duzuela bart gauean. Diru asko izan zenuten kutxan?”

 

b/ Sartu ezazu Google-n “kutxa erregistratzailea”, eta ikusiko duzu zenbatetan eta zenbat testuingurutan erabili eta erabiltzen den euskaraz termino hori.