Galdera

 

Create an event: nola eman euskaraz?

 

Data: 2018/09/21



Erantzuna

 

Gertaera bat gehitu

 

1/ Kontsultan diozu Google Calendar-en create an event aukera dagoela, eta jakin nahi duzu nola eman litekeen euskaraz. Halaber, galdetzen diguzu ea gertaera bat sortu ingelesetik kalkatutako forma egokia izan litekeen.

 

2/ Google etxearen agenda edo egutegi elektronikoa da Google Calendar: paperezko agenda batean bezala, erabiltzaileak markatu dezake bertan, hizkuntza naturala erabilita, zer eginkizun dauzkan egunez egun; esaterako, “Batzarra ikuskari berriarekin 09:00”.

Hezkuntzan, dirudienez, maiz baliatzen dute tresna hori; besteak beste, ikasgelako agenda-egutegi birtuala sortzeko.

 

3/ Internetera jo dugu ikusteko nola ematen den kontzeptu hori euskaraz, eta konturatu gara bi joera nagusi daudela: gertaera edo ekitaldi esaten diote event delakoari; eta sortu edo gehitu ematen dute create horren ordain gisa.

Baina konturatu gara gaztelaniaz ere zure programar horrez gain crear un evento eta añadir un evento ere erabiltzen direla.

Zirt edo zart egin behar izaten dugu gure erantzunetan Kontsulta Zerbitzuan, eta oraingoan ere busti egingo gara: gure ustez, “gertaera bat gehitu” joango da euskaraz nagusitzen egutegi elektronikoen erabiltzaileen artean.


a/ Iruditzen zaigu gertaera hitza ekitaldi baino neutroagoa dela: ekitaldiak, euskaraz, jendaurrean zerbait egiteari egiten dio erreferentzia, edo Ekonomia arloko terminoa da.

b/ Onartuko genuke arazo handirik gabe sortu aditza, nahiz eta arraroa egiten zaizun: “Sortu daiteke gertaera bat?”, galdetu diguzu kontsultan. Euskaraz izan dezakezun susmo txar hori gaztelaniaz edo ingelesez ere izan dezakezu, berbera.

c/ Baina, gure ustez, gehiagotan erabiltzen da “gertaera bat gehitu”. Aurrekoaren arazo berbera daukagu kasu honetan: “Gehitu daiteke gertaera bat?”. Bada, sortu edo gehitu, gertaera bat iragartzen duen mezu bat sortzen edo gehitzen da. Ingelesez eta gaztelaniaz bezala, guk ere erabili ditzakegu metonimiak.

d/ Adibidez, Euskaltel enpresak, telefono batentzako eskuliburuan (73.-74. or.), azaltzen digu nola “gehitu gertaerak” Google Calendar-en.

 

4/ Egutegi elektronikoen funtzionaltasunak honela eman litezke euskaraz:

·         Egutegira gertaerak gehitu

·         Egutegia egun, aste, hil edo agendaren arabera bistaratu

·         Lagun bat(zuk) gonbidatu egutegiko edozein gertaeratarako

·         Gertaera baten oroigarri bat jaso: edo posta elektronikora ohar bat bidalita; edo ohar baten bidez, Google Calendar tresnan leiho bat agerraraziz ezarritako denbora baino lehen

·         Hainbat egutegi aldi berean kudeatu

·