Galdera

 

“Orain dela astebete, Pakistanetik etorritako ikasle bat daukagu Lehen Hezkuntzan 5. mailan”. Zuzena da daukagu hori?


Data: 2019/02/18



Erantzuna

 

“Orain dela astebete, Pakistanetik etorritako ikasle bat daukagu Lehen Hezkuntzako 5. mailan” esaldia guztiz zuzena da.

 

1/ Eduki aditza

Kontsultan diozu arazoa daukazula/duzula (biak zuzenak!!!) eduki aditzarekin, ea testuinguru horietan erabiltzea zuzena den.

Garai batean mezu okerra zabaldu zen eduki eta izan (ukan) aditzen kontura, antza denez, eta badirudi oraindik ere bizirik dagoela. Esaten zen/da –asko laburbilduz– eduki eta izan (ukan) aditzek objektu zuzen desberdinak hartzen dituztela. (Ez dakigu sasiarau horren arabera zein erabili beharko litzatekeen objektu zuzena pertsona bat denean, zure kasuan bezala!)

Baina argi eduki behar duzu: aditz laguntzaile modura izan ezik, eduki eta izan (ukan) biak erabili daitezke (eta erabiltzen dira, batez ere Hego Euskal Herriko hizkeretan) testuinguru berdinetan. Beste kontu bat izango litzateke zein noiz hobetsi maila jasoko euskara estandarrean.

 

2/ Esaldia bera

a/ Logikaren ikuspuntutik, ezin dira ezkondu eduki (izan) aditza eta “orain dela astebete” esapidea. Zuzena izateko (hizkuntza guztietan, semantika kontua da-eta), honela behar du:

“Orain dela astebeteTIK, Pakistanetik etorritako ikasle bat daukagu…”.

 

b/ “Lehen Hezkuntzan 5. mailan” sintagma ez da zuzena. “Lehen HezkuntzaKO 5. mailan” behar du.

Edo, esanahiaren aldetik beste ñabardura bat esleituta, esaldi hau ere bada zuzena:

“Orain dela astebetetik, Pakistanetik etorritako ikasle bat daukagu Lehen Hezkuntzan, 5. mailan.”

Ñabardura honela azaldu liteke:

“Orain dela astebetetik, Pakistanetik etorritako ikasle bat daukagu Lehen Hezkuntzan

(; 5. mailan, hain zuzen ere).”