Galdera |
---|
'Bagara' eta 'gara': zein da aldea? ('Araban bagare' kantuaren kontura)
Data: 2019/05/24 |
Erantzuna |
---|
Bagara: galdegaia = bai; aditz nagusia = gara 1/ Ba- aurrizkia, noiz?
Jakina, baldintza perpausetan erabiltzen da ba- aurrizkia (“Dinamika maltzur batean sartzen bagara, denok ordainduko dugu.”), baina hori ez da kontsulta honen muina.
Aditzaren baietza galdegai denean, eta aditza trinkoa denean, ezinbestean jarri behar zaio ba- aurrizkia: bagoaz, badakigu, badaukagu, bagara…
Beraz, galdegai desberdinak dituzte esaldi hauek; hau da, zeinek bere galderari erantzuten dio:
• Guztiok gara euskaldun ← (NOR gara euskaldun?) • Guztiok anaiak gara ← (ZER gara guztiok?) • Bagara geure etorkizunaren jabe ← (gure etorkizunaren jabe gara: BAI ALA EZ?)
Honelako esaldietan erabili behar duzu:
• Gurasoak ez gara laguntzaile soilak; hezitzaileak ere bagara. • Baina gu ere, nik ordezkatzen dudan alderdia eta koalizioa, bagara egoera horren biktima. • Bagara ala ez gara? • Euskaldunok, gure hiru lurraldeetan (EAE, Nafarroa, Ipar Euskal Herria), bagara zerbait.
2/ Kontsultan diozu Bittor Kapanagaren (letra) eta Gontzal Mendibilen (musika) Araban bagare kantu ezagunaren kontura sortu zaizula zalantza: zergatik bagare eta ez gare?
Uste dugu erantzuna aski sinplea dela:
Kapanagak erakutsi nahi zuen euskaldun guztiok, euskaraz hitz egitean berba bera modu (ez hain) desberdinetan emanda ere, gu sendo bat osatzen dugula. Horrexegatik aukeratuko zuen gara adizkia (+ gera, gare, gire).
Eta zergatik bagara? Agian, arrazoi bakarra da hiru silaba behar zituela, eta ez bi. Iruditzen bazaizu kantuak daukan magia ezabatu egin dugula erantzun horrekin, beste alternatiba bat emango dizugu: lehen lerroak daukan indarra aliterazioan dago:
Araban bagare
Ba ote beste arrazoirik? “Araban bagare” esaldia da, zentzu osoa hartzen duena, aurreko puntuan adierazi bezala: “Bai, bagara euskaldunak Araban (ere)”. Araban bagare Gipuzkun bagera Xiberun bagire Ta Bizkaian bagara Baita ere, Lapurdi ta Nafarran. Guztiok gara euskaldun guztiok anaiak gara Nahiz eta hitz ezberdinez Bat bera dugu hizkera. Bagare, bagera Bagire, bagara euskera askatzeko oraintxe dugu aukera. Herri bat dugu osatzen eta gure zabarkeriz ez daigun utzi hondatzen. Bagare, bagera, bagire, bagara Euskadi askatzeko oraintxe dugu aukera.
Bide batez esanda, zalantzazkoa da kantuan aditzera ematen den banaketa dialektala. Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Hizkuntza Atlasaren arabera, non esaten da gare eta non gire? |