Galdera |
---|
'Ikasleek gogoa, interesa eta errespetua erakutsi...': DUTE ala DITUZTE? Data: 2019/05/31 |
Erantzuna |
---|
Biak dira zuzenak.
1/ Erantzuna Euskara Batuaren Eskuliburuan aurkitu dezakezu, aurten (2019) Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko argitaratu den liburuan, hain zuzen ere. Zehatzago esanda, “Komunztadura juntaduran: sing./plur.” izeneko ataltxoan.
2/ Honela dio:
Komunztadura juntaduran: sing./plur.
Emendiozko juntadurak —eta juntagailuaren bidez eginikoak, alegia— aditza pluraleko komunztadura hartzera behartzen du oro har: Frantsesa eta ingelesa ikasi nahi ditu. Liburu bat eta aldizkari bat erosi nituen.
Badira, ordea, juntadura pluraltzat hartzen ez den zenbait kasu:
- Juntatzen direnak perpausak izatea: Gu estutzeak eta ernegatzeak hutsa balio du. - Juntatzen direnak izen abstraktuak izatea (orduan bi moldeak —singularra eta plurala— zilegi dira): Euskal literaturaren ospe eta entzutea ez da behar adinakoa / ez dira behar adinakoak. - Juntagaiak sinonimoak edo erreferente berekoak izatea (emendio-asmorik gabekoak edo multzoa adierazten dutenak izatea, alegia), eta ñabardura zein, bi moldeak zilegi izan litezke: Hemen erabili den/diren arreta eta zehaztasuna. Bazkaria geuk egingo dugu, zuek ogia eta ardoa ekarri behar duzue/dituzue, besterik ez. - Elipsi-jokoa eta intonazioa tarteko, deskribapenetan eta gisakoetan nahieran: 16 cm inguru luzeko gorputza [duena] eta 20 cm-ko isats oratzailea duena / 16 cm inguru luzeko gorputza eta 20 cm-ko isats oratzailea dituena.
Gehiago jakiteko
EUSKALTZAINDIA (1994). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak IV (EGLU IV). Bilbo: Euskaltzaindia (114, 49-57). (1996). "Singularra ala plurala?", Jagonet galde-erantzunak. (2001). "Komunztadura juntaduran: singularra ala plurala?", Jagonet galde-erantzunak.
3/ Zure esaldiaren kasuan, argi dago juntadura ez dela zertan hartu pluraltzat:
• gogoa, interesa eta errespetua izen abstraktuak dira. • gogoa, interesa eta errespetua erreferente berekoak dira; zaku berekoak nolabait esateko. |