Galdera

 

Amaginarreba eta aitaginarreba hitzak, nondik datoz? 

 

Data: 2012/01/26



Erantzuna

 

Ezer baino lehen, aitortu behar dizugu ez dakigula zein izan litezkeen bi berba horien etimoak.

 

Dakigun apurra hau da:

 

aitagin + arreba eta amagin + arreba modura analizatu beharrean, aita + ginarreba eta ama + ginarreba analizatu behar dira. Badirudi, iloba berbarekin gertatzen den bezala, ginarreba izatea bi sexuetarako jatorrizko forma, eta gero, bi sexuak bereizteko, aita- eta ama- erantsi izana aurretik (beste hizkera batzuetan, ginarreba-gizon, ginarreba-emazte, gizon-ginarreba...).

 

• Beste kontu bat da zer dagoen ginarreba horren pean. Hizkuntzalariek uste dute ahaidetasun harremanak adierazten dituzten berbak eraikitzeko balio zuela -ba atzizkiak; geratzen den ginarre (giharre) hori zer izan litekeen, auskalo: ez gara ausartzen ezer esatera.

 

Orotariko Euskal Hiztegiak aitaginarreba sarreran zer dioen ikusteko, jo helbide honetara:

http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&view=frontpage&Itemid=340&lang=eu

 

Etimologiaren gaineko kontutxo bat ekarri dizugu hona:

• Etim. Hay mucho, y muy dispar, escrito sobre aita- y ama-ginarreba, sin que se haya llegado a una solución ampliamente aceptada. Obsérvese que Lç, supra, se conforma con ginharreba (la aspiración sólo era regular en comienzo de 2.a sílaba), por lo que aita (y ama?) puede ser una determinación más reciente.

 

Jakingo duzunez, Euskal Hiztegi Historiko eta Etimologikoa egiten hasteko egitasmoa onartu zuen Euskaltzaindiak 2009ko Barne Jardunaldietan, eta lan taldea osatu. Baina, oraindik, ez daukagu ezer eskueran.

Egitasmo hori gauzatzen den bitartean, nora jo garantiarekin?

 

• Material asko utzi zigun Mitxelena handiak bere liburu eta artikuluetan sakabanatuta. Gero, J.J. Arbelaizek bildu zituen (denak ez) liburu honetan: Las etimologías vascas en la obra de Luis Michelena (Librería Técnica de Difusión, Tolosa, 1978). J. Lakarraren artikuluetan ere etimologia ugari daude; artikulu bat aipatzearren: "Erro monosilabikoaren teoria eta aitzineuskararen berreraiketa: zenbait alderdi eta ondorio", Fontes Linguae Vasconum (113. zk.), Nafarroako Gobernua, 2011.

 

• Horrez gain, ASJUren gehigarrietan (Anuarios del Seminario de Filologia Vasca) hainbat liburukitan argitaratu zen obra hau ere kontsultatu dezakezu: AGUD, Manuel & Antonio TOVAR: Diccionario etimológico vasco.

 

• Amaitzeko, Larry Trask euskaltzain urgazle estatubatuarraren liburu hau ere interesatuko zaizu (liburua amaitu gabe zeukala hil zen Trask): Etymological Dictionary of Basque (www.sussex.ac.uk/english/documents/lxwp23-08-edb.pdf). Trasken beste bat, oso ona, orokorragoa: The History of Basque (New York/London: Routledge, 1996).

 

Horietara (ia) guztietara jo dugu zuri erantzuteko. Astia izanez gero, unibertsitateko irakasleren batengana ere joko dugu; hala balitz, eta zerbait interesgarria erantzungo baligu, izan seguru berehala idatziko genizukeela informazio berria emateko.