Galdera

 

Comunidades de vecinos eta manchas de humedad: nola eman euskaraz? 

 

Data: 2012/02/07



Erantzuna

 

1/ Gaztelaniazko Mancha de humedad esateko, heze-orban (edo heze orban) duzu; Zehazki hiztegiaren arabera, esaterako. Beste berba bat jasotzen du, hezegune, baina Ekologian erabiltzen da, padurak eta horiek bezalako habitatak izendatzeko, eta, beraz, ez dizugu gomendatzen. Behe-mailetako hizkeretan, jakina, hezetasunak ere (edo humedadeak) erabiltzen dugu, erdarazko humedades horren kalkoa eginda.

 

 

2/ Comunidad de vecinos emateko, auzo-komunitate (edo auzo komunitate) eta –ulertzen errazagoak– auzoen komunitate (edo auzokideen komunitate) aukerak onargarriak dira, gure ustez.

Non erabiltzekoa den, eta zer hizkera mailatakoa, bizilagunak ere onargarria liteke, seguruenik, entzuleak edo irakurleak testuingurua zein den jakinda. Zuzenbidean, antzeko kontzeptu bat erabiltzen da: Comunidad de propietarios. Horrelako terminoetarako zerrendak edo hiztegiak baditugu; esaterako, Euskaltermek hauek proposatzen ditu: jabekideen erkidego edo jabeen erkidego (http://www1.euskadi.net/euskalterm/).

 

 

3/ Beste kontu bat da marrarena. Idatzi dizkiguzun bi adibideetan, marra (gidoia) idaztea aukerakoa da: marraz lotu daitezke biak, edo bereiz idatzi, Euskaltzaindiaren 25. arauak dioskun bezala. Gure kasuan, heze-orban eta auzo-komunitate hitz elkartuetan, bigarren elementuak markatzen du horietan zer den hitz elkartu bakoitza (heze-orbanak orbanak dira, eta komunitateak dira auzo-komunitateak), eta aipatutako bi aukera haiek daude horrelakoetan (ez da berdin gertatzen ama-alabak, plisti-plasta eta behin-behineko moduko hitz elkartuekin, adibide batzuk ematearren: horietan, ezinbestekoa da marra jartzea).

 

Ezin dizugu marraren kontuari dagokiolarik aholkurik eman: aukeran dagoenean, batzuek beti jartzen dute marra; beste batzuek, ostera, inoiz ere ez; eta beste batzuek, mota batzuetako testuetan bai eta beste mota batzuetako testuetan ez. Idazki batean beti modu berean jokatzea da dotoreena, jakina.