Galdera |
---|
Baliatu aditza: nola erabili? Baliatzen dira, ondo esanda dago?
Data: 2012/02/08 |
Erantzuna |
---|
Baliatu aditzak bi adiera (esanahi) nagusi ditu: 1. "Zerbait edo norbait erabili" (seguruenik, hau adierazteko erabiltzen duzu gehienbat, ezta?). 2. "Inori zerbait edo norbait baliagarri gertatu".
Lehenengo adierarako, bi aukera daude, eta bi-biak dira zuzenak:
• 'Mezu honetaz baliatuko gara aupadatxo bat emateko' (beraz, NOR saileko aditz laguntzailea erabilita, eta objektua ZEREZ kasuan). • 'Mezu hau baliatuko dugu aupadatxo bat emateko' (beraz, NOR-NORK saileko laguntzalea erabilita). Euskal Hiztegiak dioenez, batez ere Ipar Euskal Herriko hizkeretan erabiltzen da modu honetan.
Bigarren adierarako, NOR-NORI (Ipar Euskal Herrian) eta NOR-NORI-NORK (ez da erabiltzen ia-ia gaur egun) sailetako aditz laguntzaileak erabili daitezke:
• 'Baina orain, nor baliatuko zaigu?' ('Nork lagunduko digu?') • 'Gezurra zen aitzakia, baina baliatu zion semeari amagandik ihes egiteko' ('... balio izan zion ...')
Gure aholkua: "erabili"-edo adierazteko, aukeratu NOR saileko aditz laguntzailea (eta objektua ZEREZ kasuan jarri), horixe baita gure inguruko hizkeretan nagusi den joera. Baina beste aukera oso baliagarria izan liteke; esaterako, erlatibozkoetan.
Gogorik eta astirik badaukazu, irakurri ezazu BALIATU sarrera lexikalaren pean zer dakarren Orotariko Euskal Hiztegiak (literaturako adibide ugari topatuko duzu):
http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&view=frontpage&Itemid=340&lang=eu
Eta, bide batez, aztertu ezazu zer gertatzen den beste aditz batzuekin: lagundu, itxaron, iritsi... |