Galdera

 

'Centro autorizado por Cedro (Centro español de derechos reprográficos) para la reproducción mediante fotocopia’ = ‘Fotokopia-erreprodukziorako Cedro-k baimendutako zentroa’? 

 

Data: 2012/02/10



Erantzuna

 

Gure ustez, ondo euskaratu duzu erdarazko sintagma hori. Baina aldaketa txiki batzuk proposatuko dizkizugu:

 

‘Fotokopia bidezko erreprodukziorako CEDROk (Centro español de derechos reprográficos - Eskubide Erreprografikoen Espainiako Zentroa) baimendutako ikastetxea’

 

edo

 

‘Erreprodukzioak fotokopia bidez egiteko CEDROk (Centro español de derechos reprográficos - Eskubide Erreprografikoen Espainiako Zentroa) baimendutako ikastetxea’

 

 

Fotokopia-erreprodukzio: Zuzena da hitz elkarketa, baina berez anbiguoa: ez dakigu batzuetan zer erlazio dagoen bi osagaien artean. Esaterako, zer da emakume literatura, emakumeek idatzitakoa edo emakumeentzat idatzitakoa?

 

CEDROk: Batetik, letra larriz, letrakera arruntez eta punturik gabe idazten dira siglak (salbuespen gutxi batzuk daude: UNESCO/Unesco, RENFE/Renfe, SEAT/Seat…); bestetik, sigla eta deklinabide atzizkia marratxorik gabe batzen dira, salbu eta atzizkia ere siglaren letra berberaz hasten denean. EIMAren Ortotipografia liburuan topatuko duzu informazio hori, 33-35 orrialdeetan.


Eskubide Erreprografikoen Espainiako Zentroa: Egokia da noski azaltzea zer den CEDRO, baina, erdaraz gain, euskaraz ere idatzi beharko zenuke.

 

Ikastetxea: Zalantzan egon gara, zuk bezala zentroa idatzi edo ikastetxea proposatu, ez baitakigu zer zentroren gainean ari zaren. Ikastetxea bada, ez daukazu zertan erabilirik zentro berba generikoegi hori; hobe duzu zehaztea.