Galdera

 

Berbera ala berdina?

"He escrito el mensaje en los dos foros porque las personas no son las mismas": nola euskaratu?

 

Data: 2012/02/08



Erantzuna

 

1. ‘Mezua bi foroetan idatzi dut (bi foroetako) partaideak ez direlako berdinak

2. ‘Mezua bi foroetan idatzi dut (bi foroetako) partaideak ez direlako berberak

3. ‘Mezua bi foroetan idatzi dut (bi foroetako partaideak ez direlako berak

 

Azkeneko biak dira zuzenak (beraren forma indartua baino ez da berbera); lehenengoa, ostera, ez (zuk esan nahi duzuna adierazteko).

 

1/ Kontsulta zerbitzuetako klasikoa da zurea, ber(bera) eta berdin nahastearena. Saiatuko gara argitzen:


"Etxe (ber)berean bizi dira Joan eta Ane" esaten dugunean, etxe BATez baino ez gara ari: Joanek eta Anek konpartitu egiten dute etxea. Zubereraz, ‘ber etxean’ esaten da. 

"Etxe berdinetan bizi dira Joan eta Ane" esatean, berriz, BI etxez ari gara: etxe atxiki horietako bi izan litezke, esaterako.


Beste adibide bat:


"Bi alabek soineko bera erabiltzen dute: batak astearteetan, eta besteak ostegunetan. Oso garestia zenez, bat bakarrik erosi genien"

 

"Bi alabek soineko berdinak dituzte: biak loredunak, eta tirantedunak. Zeinek berea eduki nahi zuten, eta biei erosi genien bana"

 

Bi foro aipatzen dituzu adibidean. Eman dezagun foro bateko partaideak Marga, Sabin, Aitor eta Espe direla, eta beste forokoak, Marga, Sabin, Aitor eta Espe (errepikatu egiten direla partaideak); orduan, partaide berak edo berberak daude bi foroetan. Baina foro bateko partaideak Marga, Sabin, Aitor eta Espe balira (oso jakintsuak eta zorrotzak, esaterako) eta Itziar, Juli, Alex eta Imanol (laurok ere oso jakintsuak eta zorrotzak) beste foroko lau partaideak, bigarren forokoak beste batzuk direnez, gehienez ere –ez litzateke oso naturala izango, ordea– esan dezakegu bi foroetako partaideak berdinak direla (jakintza mailari eta zorroztasunari dagokielarik, behinik behin).

 

Beste modu batean esanda: berdin delakoaren kontrakoa desberdin da; eta, printzipioz, beraren delakoarena, beste bat.

 

2/ Beraz, ez dago arazo handirik izen konkretua denean (etxea, soinekoa…) bereizteko zein noiz erabili. Izen abstraktuekin (iritzi, modu, neurri…), berriz, bera eta berdin biak onartu litezke seguruenik:

 

"Iritzi berak ditugu Amaiak eta biok" / "Iritzi berdinak ditugu Amaiak eta biok"

"Modu berean egin behar dira bestelakoak ere" / "Modu berdinean egin behar dira bestelakoak ere"

"Bi gurpil horiek neurri bera dute" / "Bi gurpil horiek neurri berdina dute"

 

Badirudi, ordea, bera dela horrelakoetan erabiliena.

 

3/ Informazio gehiago behar izanez gero, jo ezazu hauetara:


-Euskal Gramatika: Lehen Urratsak (EGLU), I, Euskaltzaindia, Iruñea, 1985: 149. orrialdeko 3.1.2.3.4. "bera" / "berdin" atala (1991ko argitalpenean, 92. orrialdean dago).


-Alberdi Larizgoitia, Xabier; Sarasola Errazkin, Ibon: Euskal Estilo Libururantz, UPV-EHU, Bilbo, 2001 (121-127. or.).


-Petrirena, Patxi: Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua, Gasteiz, 2011 (130-132. or.):

http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/r43-573/es/contenidos/informacion/dih/es_5490/adjuntos/estilo_liburua/MORFOSINTAXIA_PDFa.pdf.

 

4/ Erne, baina! Kontu baterako baino gehiagotarako erabiltzen dugu bera hitza euskaraz:

 

1. Izenordain gisa (hura erakuslearen forma berretua, gure maisuak proposatutako terminoa erabiltzearren): "Kepak esan zidan berak erantzungo zizula", "Etxekoetan, txakurra dut maiteena; berarentzat erosten dut dena"...


2. Identitatea-edo adierazteko izenondo gisa (zure kasua da): "Ospitaleko gela (ber)berean jaio ginen Iñaki eta biok"; "Aktore (ber)berak egin zituen Casablanca eta Key Largo: Humphrey Bogartek"…


3. Balio indartzailea duen izenondo gisa (aposizioan): "George Clooneyrekin berarekin egin nuen topo Cernobbioko plazan"; "Chogoriko tontorretik bertatik egin zuen salto parapentearekin"…

 

5/ Amaitzeko, etimologia kontutxo bat, prezio berean. Ber erroaren gainean, hainbat hitz sortu ziren euskaraz: bera, berdin, beste/bertze, berri