Galdera

 

Ahaidetasuna: sobrino, nieto, biznieto nola esan euskaraz ? 

 

Data: 2012/02/17



Erantzuna

 

Ahaidetasuna adierazten duten terminoak asko aldatzen dira kultura batetik bestera, Antropologia Kulturalean adituek irakatsi diguten bezala. Guretzat guztiz naturalak eta zentzudunak diren hainbat kontzeptuk eta bereizketak ez daukate inolako zentzurik beste kultura askotan, eta ez daukate inolako islarik kultura horiek sostengatzen dituzten hizkuntzetan.

 

Euskaraz, beste hizkuntza askotan bezala, termino bera erabiltzen zen/da bi kontzeptu adierazteko: iloba, eta haren aldaera guztiak: loba, lioba, lloba, loiba… Berdin anaiaren/nebaren/ahizparen/arrebaren semeari/alabari esateko (gaztelaniaz: sobrino/a; frantsesez: neveu/niece; ingelesez: nephew/niece –frantsesetik datoz!–), zein semearen/alabaren semeari/alabari esateko (gaztelaniaz: nieto/a; frantsesez: petit-fils/petite-fille; ingelesez: grandson/granddaughter/grandchild). Gauza bera gertatzen zen latinez ere: termino bat bakarrik erabiltzen zen (nepos,-otis) bi kontzeptuak adierazteko; eta bereizi gabe jarraitzen dute latinetik datozen zenbait hizkuntzatan: esaterako, italieraz (nipote) eta errumanieraz (nepot).

 

Gero, kontzeptuak bereizteko premiak bultzatuta, beste termino batzuk eraiki ziren, zein bere banaketa dialektalarekin, gehienbat semearen/alabaren semeari/alabari esateko:

biloba mendebaldean (eta aldaerak: birloba, billoba…);

• Ipar Euskal Herrian, ilobaso eta arraseme/arralaba/arrahaur.

Eta, jakina, leku gehienetan, iloba jarraitu zuten erabiltzen bi adieretarako.

 

Eta beste pauso bat eman zen, askoz ere mugatuagoa, gaztelaniazko bisnieto/a eta frantsesezko arrière-petit-fils/arrière-petite-fille kontzeptua adierazteko: birbiloba, arra-arrahaur… Eta, jakina, leku gehienetan, iloba edo biloba jarraitu zuten erabiltzen adiera honetarako ere.

 

Euskaraz, euskalki eta azpieuskalki guztietan daude aita-amen gurasoei esateko terminoak:

 

aitona/aitita/aitaita/aitajaun/aitatxi…

amona/amama/amandre/amatxi…

 

Baina nahiko berriak aurreko belaunaldikoak izendatzekoak, erreakzio kultuagatik sortuak:


birraitona/birraitaita/aitabisaba…

birramona/birramama/amabisaba…

(Zer esanik ez, are periferikoagoak diren asaba-heren/haur-heren… < gazt. tatara...).

 

Eta, orduan, bi kontzeptu emateko hitz berbera erabiltzen bada, nola bereizten dira? Ume batek ama eta aita berbak erabiliko ditu noski gurasoak izendatzeko, eta amama Mari eta aitaita Patxi –esaterako– amaren gurasoei deitzeko. Baina eta aitaita Patxiren amari deitzeko? Bada, amama Eustakia erabiliko du, eta ez birramama Eustakia; beraz, amamak izango dira biak, zein bere belaunaldikoa izan arren. Bada, eredu bera erabiltzen da zuhaitz genealogikoko beheranzko harremanetarako: iloba Martin eta iloba Kattalin esango du amama Marik, eta baliteke lehena ahizparen semea izatea, eta bigarrena semearen alaba (beraz, zein bere belaunaldikoa)... Halaxe egiten dira bereizketak, premia dagoenean: izena jarrita, edo nongoa den esanda…, eta ez ahaidetasun terminoa aipatuta.

 

Baina bereiztea bestelako premia baten erantzuna izan liteke: zuhaitz genealogikoa azaltzearena, esaterako. Eta uste dugu hortik datorkizula zuri kezka. Zer egin arazoa gainditzeko?

 

Formak finkatu nahian, hona zer dakarren Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak:

 

ILOBA 1 iz. 'senidearen semea nahiz alaba' 2 iz. 'biloba, semearen edo alabaren semea nahiz alaba'

BILOBA 1 iz. 'seme edo alabaren haurra' 2 iz. Bizk. 'birbiloba'

o ilobaso iz. Iparraldean. Sin. Biloba

o arraseme iz. Batez ere zubereraz. 'biloba gizonezkoa'

o arralaba iz. Batez ere zubereraz. 'biloba emakumezkoa'

• BIRBILOBA iz. 'bilobaren semea edo alaba'

 

(Letrakera lodiz markatu dizkizugu kasuan kasuko lehen adierak, eta tamaina txikiagoko letraz Iparraldeko formak, gure euskara estandarretik urrun geratzen zaizkigulako).

 

Beraz, ezinbestekoa gertatzen bazaizu hiru kontzeptuok bereiztea, sistema hau proposatzen dizugu, Hiztegi Batukoa aintzat hartuta :

 

ILOBA / BILOBA / BIRBILOBA

 

(Goranzko harremanetarako, aitona-amona-birraitona-birramona, aitaita-amama-birraitaita-birramama…, euskalkiaren eta azpieuskalkiaren arabera).