Galdera

 

Hausnarketa hitza: h-rekin ala h gabe? Bietara ikusi dugu. 

 

Data: 2012/03/08



Erantzuna

 

Hausnartu/Hausnarketa... dira euskara baturako formak.

 

1/ Euskal hitzen forma estandarrak zein diren erabakitzea da Euskaltzaindiaren betebehar garrantzitsu bat, eta forma horiek guztiak Hiztegi Batuan zehazten ditu. Horra jo behar duzu jakiteko zein den hitz baten forma euskara batuan. Aholku bat: euskarazko testuak idatzi behar izaten ditugun guztiok Euskalbar Firefox-erako tresnabarra instalatu beharko genuke ordenagailuan; bertan, hainbat baliabide dituzu: hizkuntza biko hiztegiak, Euskalterm, Orotariko Euskal Hiztegia, Hiztegi Batua bera... Ez badakizu instalatzen, badakizu: egizu beste kontsultatxo bat.

 

2/ Baliteke Hiztegi Batuan honako hau irakurri izana:

 

ausnar* e. hausnar,

 

eta horrexegatik harritu zarela, ausnar zerrenda horretan ikusita. Baina izartxoak (*) adierazten du hitzaren forma hori ez dela erabili behar, eta 'e.' laburdurak, berriz, ondoko forma erabiltzeko agintzen du: "forma okerra da ausnar; erabili hausnar".

 

Beste adibide bat: "isladatu* e. islatu". Beraz, forma okerra da isladatu, eta islatu erabili behar dugu euskara batuan.