Galdera

 

Administrazioa eta Finantziak zikloa: moduluen izenak 

 

Data: 2012/04/23



Erantzuna

 

 

Ohar garrantzitsua: Baliteke noski gure proposamenak eta Hezkuntza Sailean inoiz hartuko dituzten erabakiak ez etortzea bat; beraz, gogoratu ezazu gure geure proposamenak baino ez direla, gure esku balego jarriko genituzkeen izenak.

 

Goazen banan-banan aztertzen Administrazioa eta Finantzak zikloko moduluen izenak:

   

1. Gestión de la documentación jurídica y empresarial:

“Lege- eta enpresa-dokumentazioaren kudeaketa” proposatu diguzu, eta gaineratu dokumentazio juridikoa egokiagoa iruditzen zaizula lehen zatirako. Kontua da, barruntatuko duzunez, euskaraz ez dela zuzena hitz elkarketa eta adjektiboa koordinatzea erdarazko bi adjektibo erreferentzial koordinatuen ordaina emateko: *enpresa-dokumentazio eta juridikoa. Baina ez dugu uste benetako esanahitik urrun dagoenik enpresa-dokumentazio juridikoa; beraz, gure proposamena ildo horretatik doakizu:

“Enpresako dokumentazio juridikoaren kudeaketa” edo “Enpresa-dokumentazio juridikoaren kudeaketa”.

• Ohar bat: normalean, euskaraz, “lege-” = legal, eta “zuzenbide-” = jurídico. Halandaze, zuk proposatutako bidetik joko bazenu, hobe zenuke “Zuzenbide- eta enpresa-dokumentazioaren kudeaketa” erabiltzea.

• Beste ohar bat: gure esku balego, eta orain arte erabili den joeraren aurka, “Enpresako dokumentazio juridikoa kudeatzen” moldearen araberakoak proposatuko genituzke.

 

2. Recursos humanos y responsabilidad social corporativa:

“Giza baliabideak eta erantzukizun sozial korporatiboa”, zuk proposatu bezala (social zuzenduta: sozial).

 

3. Ofimática y proceso de la información:

“Ofimatika eta informazio-prozesatzea”.

 

4. Proceso integral de la actividad comercial:

“Merkataritza-jardueraren osoko prozesatzea” edo “Merkataritza-jardueraren prozesatze integrala”. Garai batean (atzo bertan, ez pentsatu) erabiltzen ziren merkatal-, nekazal-… gaizki eratuta daude.

 

5. Comunicación y atención al cliente:

“Bezeroentzako komunikazioa eta arreta”.


6. Inglés:

“Ingelesa”. Denak balira honelakoak…

 

7. Gestión de recursos humanos:

“Giza baliabideen kudeaketa”, zuk proposatu bezala.

 

8. Gestión financiera:

“Finantza-kudeaketa”.

 

9. Contabilidad y fiscalidad:

“Kontabilitatea eta fiskalitatea”. Fiskalitatea euskaratzeko, zerga-sistema, zerga-arloa… bide horretatik jotzen dute batzuek; guk baino hobeto jakingo duzu zuk noraino dauden errotuta Hezkuntzan formula horiek.

 

10. Gestión logística y comercial:

“Logistika- eta merkataritza-kudeaketa”. Orain arte, aukeran egon diren bakoitzean, beti jarri ditugu marratxoak hitz elkarketetan. Jarri ezean, “Logistika eta merkataritza kudeaketa” irakurri, eta batek baino gehiagok pentsatu lezake “[Logistika] eta [merkataritza kudeaketa]” moduko koordinazioa dela, bakoitza bere aldetik. Jakingo duzunez, goragoko “giza baliabideak” hitz elkarketan ezin da marratxorik jarri.

Lehen puntuan jorratu dugun bidea hobestea proposatu nahi dizugu, dena dela: “Merkataritzako logistikaren kudeaketa” gustatzen zaigu aurrekoa baino gehiago.

 

11. Simulación empresarial:

“Enpresa-simulazioa”. Halaxe jasotzen dute kontsultatu ditugun iturri guztiek. Baina askoz ere hobeto ulertuko litzateke, gure ustez: "Enpresa bat kudeatzen: Simulazio bat".

 

12. Proyecto de Administración y Finanzas:

“Administrazioa eta Finantzak: Proiektu bat”. Gure ustez, ez hitz-elkarketa ez izen-lagunaren bidea ez dira egokiak honelakoak euskaratzeko. Uste dugu izenburuetarako-eta oso bide emankorra izan litekeela guk proposatutakoa.

 

13. Formación y Orientación Laboral:

“Lanerako prestakuntza eta orientabidea”.

 

14. Formación en centros de trabajo:

“Lantokiko prestakuntza”. EIBZ Nafarroako Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrokoek argitaratu duten Hezkuntzako Hiztegian, beste aldaera bat ere proposatzen dute: “Prestakuntza lantokian”.