Galdera

 

Gustatuko litzaidake jakitea nola esaten den euskaraz 'custodia compartida'. 

 

Data: 2012/11/05



Erantzuna

 

 

"(Gurasoek) elkarrekin banatutako zaintza" erabiltzea proposatzen dizugu. Baina badago arazo txiki bat...

 

 

1/ Zoritxarrez, zuzenbide hiztegietan ez dugu aurkitu custodia compartida terminoa, ez Euskalterm berrian, ez Justizia.neten, Oinarrizko Hiztegi Juridikoan, ez eta Deustuko unibertsitateko zuzenbideko hiztegietan ere.

 

Egundoko aurrerapausoa izan zen euskararen normalizaziorako 2004ko urtarrilean Kode Zibila lehen aldiz euskaraz argitaratzea (paperean argitaratu zuen Deustuko unibertsitateak), baina edizio hartan ez zegoen 'custodia compartida'rik. Kode zibil berrituan, berriz, sartu zuten kontzeptua (92. artikuluan, hain zuzen ere). Eta, zorionez, erredakzio berri hori berehala euskaratu, eta pdf formatuan zintzilikatu zuen Interneten Deustuko unibertsitateak (hona esteka: Kode zibila). Bertan topatu dugu "(Gurasoek) elkarrekin banatutako zaintza" formula (hemen duzu 92. artikuluko 8. atala, hizkuntza bietako erredakzioak irakurri ditzazun).

 

Itzulpen horrek badu berme askoa: argitalpenaren arduradun nagusia Andres Urrutia da, notarioa, euskaltzainburua eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea. Beraz, ofizialtasun maila handia dauka euskarazko bertsioak.

 

2/ Kontua da inork gutxik erabiltzen duela formula hori euskaraz. Aski duzu EAEko buletinak irakurtzea horretaz jabetzeko: modu batean euskaratu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, beste batean Bizkaikoan, beste modu batean Arabakoan... Ez hori bakarrik: Berria egunkarian, EITBn, hainbat aldizkaritan, gurasoen elkarteen blogetan.... "zaintza partekatua" formula erabiltzen dute. Norako idatzi behar duzun, baliteke komenigarriagoa izatea "zaintza partekatua" erabiltzea, guztiek ulertu diezazuten; edo formula ofiziala erabiltzea, eta bestea ere aipatzea azalpen gisa.

 

Zeuk aukeratu.