Galdera

 

Nola idatzi beharko genuke hitz hau: 'aurrebaluazio' ala 'aurre-ebaluazio'?

 

Data: 2012/11/16



Erantzuna

 

Gure ustez, aurreebaluazio idatzi behar duzu. Dena dela, eskura duzu hasierako ebaluazio terminoa ere, arazorik gabea eta guztiz gardena, eta horixe erabiltzea aholkatzen dizugu.

 

1) Bere 25. arauan, II.3. ataleko ("Loturik idaztekoak diren hitz elkartuak") azpiataletako batean, Euskaltzaindiak dio "Lehen osagaia aurre-, azpi- eta gain- duten izen-elkarteak [loturik idazteko dira]". Baina ez du aipatzen zurea bezalako kasu labainkorrik. Eta hortik datoz zalantza guztiak, zureak eta denonak. Esaterako, hona Jagonet Euskaltzaindiaren kontsulta zerbitzura 2001ean heldu zen galdera:

 

Azpiizenburu/azpizenburu (i + i)

 

Galdera

 

Nola idatzi behar da "azpi + izenburu"? Izan ere, Euskaltzaindiaren Hitz elkartuen osaera eta idazkera arauak zera dio: "lehen osagaia aurre-, azpi-, eta gain- duten izen-elkarteak loturik idatzi behar dira".

 

Erantzuna

 

Bai, Euskaltzaindiaren 25. arauak loturik idatzi behar direla dio, "azpiegitura", "azpimarra" eta "azpimultzo" aipatuz adibidetzat. Kontua da, ordea, "azpizenburu" ala "azpiizenburu" beharko lukeen. Euskaltzaindiak erabaki beharreko kontua da hori, eta Hiztegi Batuan ez da horrelako kasurik ageri. Beste aurrizki batekin badira, ordea, "i + i" saileko adibideak hiztegietan (ez Hiztegi Batuan), eta horietan "ii" egiten da, eta ez "i"; adibidez, "antiinflamatorio", "antiizoztaile" eta "antiinperialista". Baina horiek datuak dira, Euskaltzaindiak ontzat ala txartzat eman beharrekoak.

 

Data: 2001/09/25

Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.

 

2001etik hona, Hiztegi Batuaren enegarren bueltan, sartu dute horrelako adibide bat: azpiindize. Eta, gure ustez, horrexek erakusten digu nola jokatu hemendik aurrera: -arauak dioen bezala- loturik idatzita, eta bokala errepikatuta.

 

2) EIBZk (IRALEren pareko erakundea Nafarroan) argitaratutako Hezkuntzako Hiztegian, ez dago preevaluación sarrerarik, baina bai hasierako ebaluazio - evaluación inicial; Berritzegune Nagusiko gure kontaktuak ere esan digu hasierako ebaluazio terminoa erabiltzen dutela. Beraz, hori erabiltzea da gure aholkua.