Galdera

 

Ordinalak direla eta: Juan Pablo II.a / Benedikto XVI; zergatik desberdintasun hau?

Pilotarien elastikoetan, zergatik ez da idazten ordinala? Goñi II idazten da, eta ez Goñi II.

 

Data: 2013/01/16



Erantzuna

 

 

Erantzuna: Euskara batuan, Joan Paulo II.a eta Benedikto XVI.a idatzi behar da, Euskaltzaindiaren arauak errespetatuta.

 

a/ Bi arazo dituzte izen horiek, beraz:

 

Zein den euskal forma izen bakoitzerako: Leon, Petri, Valentin, Viktor.... Horiek finkatzeko, Euskaltzaindiak 129. araua plazaratu zuen ("Aita Santuen izenak"): bertan topatuko duzu Joan Paulo dela euskal izena, eta ez gaztelaniazko Juan Pablo; era berean, Benedikto idatzi behar dugu euskaraz noski, eta ez Benedicto gaztelaniazko grafiarekin.

 

Nola idazten diren ordinalak euskaraz. Euskaltzaindiak 18. araua plazaratu zuen ordinalen eta banatzaileen idazkera finkatzeko. Arauak dio '-garren' ahoskatzen dugun bakoitzean puntua idatzi behar dugula haren ordainean: beraz, Benedikto XVI.a, XX. mendearen hasieran, Tolosa III.aren imitazioa, Juan Karlos I.ak elefante bat akabatu zuen...

 

b/ Arauon berri ez duenak ezin ditzake noski arauak errespetatu, eta hori esparru guztietan gertatzen da. Proba egiteko, 2000. urtetik aurrera argitaratu diren Berria eta Herria agerkariak eta ehunka liburu aukeratu biltzen dituen Ereduzko Prosa Gaur corpusera jo dugu (oso eroso egiten zaigu gaur egun bertan bilatzea, Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna barran eskura daukagularik), eta konturatu gara Ipar Euskal Herriko Herria agerkarian ez dutela 18. araua errespetatzen, baina (akatsak akats) sistematikoki errespetatzen dutela Berria gure egunkarian. Hemen dituzu bi esteka, ikus dezazun nola jokatzen duten gaur egun agerkariotan: bata, Ratzinger-en kasurako; bestea, Goñirenerako.

 

Zergatik ez da idazten ordinala pilotarien elastikoetan (Goñi II)? Bi arrazoi izan litezke: lehena, erdaraz idazten dutela, agian luzeago geratzen delako izena, puntua eta artikulua jarrita, nahiz eta ez izan arazorik  salbuespenik gabe pilotari profesionalak bizkar-zabalak izanik; bigarrena, euskaraz idatzi nahi bai baina ez dakitela nola idatzi euskaraz. Beraz, Goñi II erdara da, eta Goñi II. formak artikulua (Goñi II.a) falta du euskaraz: kontuz!

 

c/ Amaitzeko, aprobetxatuko dugu aukera hau beste baliabide baten berri emateko. Esaterako: Nola esaten da euskaraz Carlos II el Calvo (gazt.) / Charles II le Chauve (fr.) / Charles II the Bald (ing.)? Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko leku izenen, pertsona izenen eta artelanen zerrenda luzeak ditugu EIMAren Onomastika liburuxkan: paperezko euskarrian, erabilitako irizpideak deskribatzen dira; eta zerrendok liburukiari atxikirik doan CDan, pdf dokumentuan (8.400etik gora sarrerarekin eta, gehienetan, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainekin). Zerrendok esteka honetan dituzu: Onomastika. Bertan ikasiko duzu frankoen errege haren euskal izena Karlos II.a Burusoila dela: K-z idatzi behar dela, puntuarekin, artikuluarekin, eta ezizena ere euskaratuta.