Galdera

 

Modu informalean idatzitako e-mail batean agurtzeko 'ondo izan' jartzen dut sarritan; ondo dago? Beste formularik badago? 

 

Data: 2013/04/25



Erantzuna

 

 

Gure erantzuna: Zuzena da, eta egokia, "ondo izan" jartzea e-mailetan agurtzeko.

 

Beste galdera bat ere egin diguzu: Badago beste formularik?

 

Gure erantzuna: Beste formula ugari egon litezke, bai.

 

1/ Idazki nolabait estandarrak nola idazten diren jakiteko, IVAPeko estilo-liburua argitalpenera jotzen dugu maiz, eta bai gogotsu aholkatzen ere gure ikasleei eta kontsultak egiten dizkigutenei horrelako idazki bat egin behar duten bakoitzean kontuan hartu ditzaten bertan esaten direnak.

Lan horretako 249.-250. orrialdeetan, besteak beste, idazkiotan erabiltzen diren “Amaierako agurrak” adierazteko formulak eskaintzen dizkigute:

           Formalak:

                       Adeitasunez, agur.

                       Begirunez, agur.

                       Esker mila eta agur.

           Neutroak:

                       Horrenbestez, agur.

                       Besterik gabe, agur.

                       Jaso ezazu nire agurra.

           Adiskidetsuak

                       Agur, adiskide.

                       Agur bero bat.

                       Besarkada bat.

                       Ez adiorik.

 

2/ Eta, orain, galdera gurea da: Ezinbestean erabili behar dugu klitxe horietakoren bat mezu elektroniko baterako, are gehiago modu informalean-edo idatzita badago –zure hitzak erabiltzearren–? Batzuk bai, batzuetan; beste batzuk inola ere ez…

IVAPeko estilo-liburua izeneko horretara bueltatuta, hara zer dioen: «Posta elektronikoen bidezko mezuek formalitatea eta “ofizialtasuna” galdu dute, eta administrazioko ohiko idazkien aldean, oharren itxura hartu dutela-edo ematen du».

Horrek ez luke ekarri behar, ezinbestean, zabarkeria, nolanahi bukatzea, agurrik ez egitea… Baditugu esateko moduak: Ondo izan (Ongi izan, Ontsa izan, Izan ontsa) / Agur  (Adio, Aio) / Ondo joan / Ondo pasa (Ondo pasa asteburua, Ondo pasa oporretan, Pasa gau on) / Ondo ibili / Ondo segi / Nahi duzun arte / Laster arte / Zorte on / Deituko dizut Hainbat kontu aintzat hartuta aukeratu daiteke formula bat edo beste: zein den mezuaren gaia, zer efektu lortu nahi duzun hartzailearengan agur horrekin, zer konfiantza maila duzuen, zer egunetan eta zer ordutan bidaltzen duzun, zer euskalki erabiltzen duzun…

Eta, bestela, mezuaren helburua laburbiltzen duen zerbait ere aukeratu dezakezu:

        Erantzun ahalik eta lasterren, ahal baduzu.

        Esango didazu zer irizten diozun / zer iruditzen zaizun.

        Itsatsitako dokumentua zabaldu ezin baduzu, esan.

 

Kontua da ahozkotasunaren estilora bueltatu garela idazteko modu honen bitartez, eta apurtu ere egin ditzakegula eskemak: eskertzekoa da, bai, formulak izatea, baina gure zirkunstantziei (hartzailea, mezuaren muina, eman nahi diogun tonua…) egokitutako beren-beregiko formulak ere asmatu ditzakegu –horretarako antzea izanez gero, jakina–, eta hori are eskertzekoagoa izan liteke.